12:57

Sanferminak

lehen entzierroa

Fuente Ymbroko zezenek entzierro azkarra eta garbia egin dute

Agentziak | Erredakzioa

Bi minutu eta 28 segundo behar izan dituzte ibilbidea egiteko. Bost gizon eraman dituzte ospitalera, lehen osasun partearen arabera.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ohi duten gisan: azkar, garbi eta emozio betean. Halaxe egin dute lasterketa gaur ere, sanferminetako lehen entzierroan, Fuente Ymbro ganadutegiko zezenek. Arin joan da, bi minutu eta 28 segundo behar izan dituzte zezen-plazako ukuiluetara iristeko.

Zezen beltz, gaztainkara eta buztinkarek batuta jardun dute hasieran, baina Estafeta kalera heltzean, sakabanatzen hasi dira. Telefonicako eremuan izan da tentsio une gorena: zezenak hesiaren kontra joan dira, eta hainbat korrikalari harrapatu dituzte.

Bost gizonezko ospitalera

Osasun iturriek jakinarazi dutenez, entzierro garbia izan da lehendabiziko hau. Bost pertsona, gizonezkoak denak, eraman dituzte Nafarroako Ospitale Gunera, buruko traumatismo eta kolpeekin.

Manuel Montesino Nafarroako Ospitale Guneko zuzendariordearen hitzetan, honakoak dira zauritutakoak: 66 urteko iruindar bat, Salamancako 56 urteko gizonezko bat, Madrilgo 39 urteko beste bat, Castelloko 36 urteko gizonezko bat eta Ukrainako 24 urteko beste bat. Azken hirurak arin zauritu dira.

Santo Domingoko tartean zauritutakoak buruan ubeldua eta eskumako besoan zauria du. Beste bi korrikalarik ubelduak eta ezkerreko besoan zauriak dituzte, eta laugarren batek, buruan kontusioa. Bosgarrenak, berriz, traumatismoa du.

Goizaldean euria egin du Iruñean, eta ibilbidea bustita zegoen. Dena den, labain ez egiteko likidoari esker, ez da ia erorikorik izan. 'El Tuli'k 50eko hamarkadan ezarritako tradizioari jarraiki, San Fermini babesa eskatu diote korrikalariek, abestia hiru aldiz kantatuta.

Entzierro 07/07/2016 EFE

Batuta, Estafetaraino

08:00etan irten dira zezenak Santo Domingoko ukuiluetatik. Lasterketa bizian abiatu dira, eta hainbat korrikalari jausi dira, baina arazo barik joan dira Mercaderes kalean barrena.

Estafeta kaleko bihurgunera heltzean, zezen buztinkara batek aurrea hartu du, ia parean beste adardun beltz bat zuela.

Fuente Ymbroko zezenekin lasterketa politak izan ohi dira, eta gaurkoa ez da salbuespena izan. Bitan banatu dira: lehen multzo batean, beltz bat eta joaldunak; bigarrenean, gainerako bost zezenak, jausi eta abantaila galdu duen buztinkara barne.

Bigarren talde honek eragin du arrisku handiena. Eskuinetara egin du apurka-apurka, eta hesira hurbildu da Telefonica parean. Hainbat pertsona lurrera erori dira bertan, baina zezenek ez dute inor adarkatu.

Zezen-plazara nahiko lasai sartu dira adardunak, eta arazorik sortu gabe barneratu dira zezentokian ere.

500 eta 600 kilo artean dituzte Cadizko sei zezenok, eta Miguel Abellan, Paco Ureña eta Roca Rey toreatzaileek lidiatuko dituzte, arratsaldean.

 

 

 

Iruzkinak

    • Bilboko jaiak

      Bilboko jaiak

      Bilboko jaietako azken albisteak, eitb.eus atarian.

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena