Udal eta Foru Hauteskundeak
Batzar Nagusiak
Agentziak | Erredakzioa
Lehen bozketan izendatu dute aldeko 27 botorekin, Xabier Olano aurkariak bere hautagaitza atzera botatzea erabaki ondoren. Babes nahikorik izango ez zuela baieztatu du EH Bilduko ahaldungaiak.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
Markel Olano (EAJ) ahaldun nagusi izendatu dute gaur gehiengo absolutuarekin. Jeltzaleen eta PSE-EEren batzarkideek babesa eman diote. “Akordioaren Gipuzkoa” zuzentzeko ituna sinatu zuten bi alderdiek.
Markel Olano lehen bozketan izendatu dute aldeko 27 botorekin, Xabier Olano aurkariak bere hautagaitza atzera botatzea erabaki ondoren. Babes nahikorik izango ez zuela baieztatu du EH Bilduko ahaldungaiak; izan ere, Ahal Duguk eta PPk boto zuria eman behar zutela iragarri dute.
Bozketaren ondoren, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun berri aldarrikatu du Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidenteak. Ganberako ordezkariek Olano txalotu dute.
Mendozak Olanori makila eman dio Gipuzkoako ereserkia jotzen ari ziren bitartean.
“Gure herriarenganako, Euskal Herriarenganako maitasuna”
Bere senitartekoak eta “gure herria, Euskal Herria maite” dituela adierazi du Markel Olanok hitzaldian. Ahaldun nagusi berria euskaraz soilik mintzatu da.
Gainera, “maitasun” hori eguneroko lanean aplikatzeko konpromisoa hartu du Olanok, modu “irekian” eta herritarrekin lankidetzan.
Osoko bilkura goizean hasi eta arratsaldean bukatu da Agur Jaunak abestiarekin.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak eta Xabier Olano EH Bilduko ahaldungaiak Markel Olano zoriondu dute. Ahaldun nagusi berriari bostekoa ematen lehenak izan dira.
Garitanok Markel Olano hartuko du asteazken honetan foru jauregian, 10:00etan. Biek bilera egingo dute. Gainera, akordio programatikoaren berri emango dute sozialistek eta jeltzaleek, eta baita foru gobernu berriaren kideak zehaztu ere.
Besteak beste, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, Joseba Egibar GBBko buruzagiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Barkartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak saioa gonbidatuen palkotik jarraitu dute. Migel Angel Morales sozialisten Antolamendu idazkaria eta Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkaria nagusia ere bertan izan dira.
Ekonomiari laguntzea eta lanpostuak sortzea
Olanok PSErekin adostutako proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu hitza hartu duenean, goizean. Ekonomiaren susperraldia ahalbidetzeko lan egingo dutela eta lanpostuak sortzea lehentasuna izango dela esan du buruzagiak.
Bestalde, aberastasunaren gaineko zerga aldatuko dutela iragarri du ahaldun nagusi berriak, baina Bilduren Gobernuak sartutako aspektu batzuk mantenduko dituela erantsi du, “zerga ezkutua” deritzona esaterako.
Errauste-plantaren eraikuntza, politika sozialaren bultzada eta N-I errepidea zeharkatzen duten ibilgailu astunentzako bidesariak ezartzea proposatu ditu Olanok.
PSE-EE
Gipuzkoako Gobernu berriari egonkortasuna emango dion akordioaren balioa goraipatu du Denis Itxaso sozialistak. Adostasunak “itun ohiturarik onena” berreskuratuko duela nabarmendu du Itxasok. PSE-EEko batzarkidearen ahotan, “lurraldearen garapen garairik onenak” posible egin dituzte sozialisten eta jeltzaleek arteko akordioek.
EH Bildu
Aurreko gobernuaren kudeaketa aldarrikatu du Xabier Olano EH Bilduko ahaldungaiak goizean. Tonu politiko argia izan du Olanoren hitzaldiak. Horrela, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du koalizioko ordezkariak. Zentzu horretan, EAJrekin adostasunetara heltzeko itxaropena azaldu du.
Ahal Dugu
Ahal Duguren kargudun publiko batek ere hitza hartu du gaurko eztabaidan. Horrela, Josetxo Iturria bozeramailea EH Bildurekin ados agertu da zerga-sistema, babes soziala edo sektore publikoaren defentsan. Gipuzkoako “azpiegitura eredu ustela” salatu du Ahal Duguko batzarkideak.
PP
Azkenik, Markel Olanok aurkeztutako “inbestidura programa zehaztugabea” kritikatu du Juan Carlos Cano PPko batzarkide bakarrak. “Galdeketa soberanista bat egitearekin” ados ote dagoen argitzeko eskatu dio Canok Olanori.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa