12:24

Udal eta Foru Hauteskundeak

Adierazpenak Radio Euskadin

PSErekin itunak lortzeak Legebiltzarrean eragingo luke, dio Egibarrek

Agentziak | Erredakzioa

"Legebiltzarra ez da erakundeetako testuinguruarekin lotuta ez dagoen uhartea", esan du jeltzaleak. "Subiranotasunaren alde daudenen arteko topagunea ildo nagusi izaten jarraitzen du", dio Matutek.

1:31
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Joseba Egibar Legebiltzarreko EAJren bozeramale eta GBBaren presidentearen ustean, beste alderdiekin akordioak udaletan eta diputazioetan egiteak, esaterako, PSE-EErekin, Legebiltzarrean eragingo luke, ez baita "erakundeetako testuinguruarekin loturarik ez duen uhartea".

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Europa Pressen arabera, ordezkari jeltzaleak maiatzaren 24ko hauteskundeen ostean EAJk izandako negoziazioak izan ditu hizpide.

Egibarrek onartu egin du Jaurlaritzan "gehiengoa duen gutxiengoak" gobernatzen duela eta, egoera hori gorabehera, "gobernatu ahal izan dela eta akordioak" egin dituztela, horietako bat PSE-EErekin, arlo sozioekonomikoan.

"Udalak osatu eta ahaldun nagusiak izendatuko diren testuinguruan, akordioak lortzen diren neurrian, eta horretarako ari gara lanenean, Eusko Legebiltzarra ez da erakundeetako testuingurutik kanpo dagoen uhartea", ohartarazi du.

Egibarren iritzian, "elkarlan giro hori akordioetan gauzatzen baldin bada" legealdiaren egutegia "erraztasunez gainditzeko" beharrean izango dira jeltzaleak. "Ez gara bilatzen ari egonkortasuna, besterik gabe bilatzearren, baizik eta eraginkortasuna eskuratu eta arazoak modu zuzenenean konpontzea lortu nahi dugu".

"Harremanei bidea eman"

Jose Antonio Pastor PSE-EEren legebiltzarkidearen hitzetan, sozialistek EAJrekin negoziatzen ari diren akordioa "udal eta foru mailakoa da", baina "baliteke Legebiltzarreko harremanei bidea ematea hobera egin dezaten", onartu du.

Agintari sozialistaren arabera, EAJrekin lortuko dituzten balizko akordioak "lege bakoitzaren kudeaketak baldintzatuta" egongo dira, eta "hiritarren egunerokoa hobetzen laguntzen dutenaren araberakoak".

"Bestelakoa da akordioak errazteko politikan aurre egitea, litekeena da horrek Legebiltzarreko harremanak hobetzeko bidea ematea, baina ituna Legebiltzarrera zabalduko dela beste gauza bat da, eta halakorik ez dela egingo esan dugu aurretik", erantsi du.

Burujabetza, iparra

Bestalde, Oskar Matute EH Bilduren legebiltzarkidearen esanetan, koalizioak ez dauka inolako "agenda ezkuturik" eta, berretsi duenez, "subiranotasunaren alde dauden guztien arteko topagunea eratzeak jarraitzen du izaten heldulekua gainerako alderdiekin hitz egiteko orduan".

Radio Euskadin egindako adierazpenen arabera, koalizioaren kideak azaldu duenaren arabera, EH Bilduren apustua "burujabetza defendatzen dutenen topagunea ahalbidetzea" da eta hori da "gainerako alderdiekin hitz egiteko orduan jarraitutako norabidea".

"Subiranotasun esparrua sortzea defendatzen jarraituko dugu, murrizketei aurre egiteko eta, era berean, bestelako eredu ekonomiko eta sozialerantz ekin behar diogula aldarrikatzen jarraituko dugu. Hori da EH Bilduren bide-orria", gaineratu du.

GASTEIZEN ETORKIZUNA

Andoni Ortuzar EBBren presidenteak Javier Maroto Gasteizko jarduneko alkateari ohartarazi dionez, astebete dauka "aldatu egingo dela" argi uzteko, bere alderdiak ikusten baldin badu "erakunde bat modu okerrean kudeatuko dutela" egoera zuzentzen saiatuko baita.

EFEk egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek diputazioetan eta udaletan gobernuak osatzeko itunen egoera errepasatu du, bileren lehenengo astea igaro eta gero, udal eta foru hauteskundeen emaitzen ostean.

Izan ere, zalantza handiena hiriburu arabarreko Udalean dago; bertan, Javier Marotok (PP) irabazi zuen, bederatzi zinegotzi lortuta, baina gehiengo osoa izateko 14 behar zituen. Udalen osaketa ekainaren 13an izango da.

Ortuzarren esanetan, bere alderdiak ez du "inoren kontrako" fronte batean parte hartuko, orain arte esan bezala, baina abisua helarazi dio alkate gasteiztarrari: "Marotori dagokio negoziazioak hastea; umiltasunez, gainerako alderdiekin harremanetan jarri beharko litzateke, eraiki nahiz izan duen oso bestelako hiria egiteko, bakardadean dagoelako".

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena