Hauteskunde orokorrak Espainian, azken ordukoa, 2023ko uztailaren 23an – EITB - EITB
Hauteskunde Orokorrak A10
GORTEEN OSAKETA
AGENTZIAK
Kataluniako presoek "legeak behartuta" eta "Errepublikaren alde" egin dute karguaren zina. Meritxell Batet eta Manuel Cruz aukeratu dituzte, hurrenez hurren, Kongresuko eta Senatuko presidente.
Bideoak (3)
Informazio gehiago (1)
Apirilaren 28ko hauteskunde orokorren ondotik, gaur hasi da 13. legegintzaldia Diputatuen Kongresuan eta Senatuan. Kongresuko eta Senatuko saioak aldi berean hasi dira, 10:00etan.
Diputatuen Kongresuan, Meritxell Batet sozialista aukeratu dute Mahaiko presidente. Bigarren bozketan, aldeko 175 boto eskuratu ditu. Ana Pastor hautagai popularrak, bere aldetik, 125 lortu ditu (PP + Ciudadanos + Navarra Suma). 35 boto zuri (JxCat eta Vox) eta 15 boto baliogabe (ERC + EH Bildu) ere izan dira.
Lehendabiziko bozketan (gehiengo absolutua beharrezkoa zen) Meritxell Batet bozketa irabazteko boto baten faltan gelditu da; izan ere, 176 behar zituen eta 175 lortu ditu.
Gloria Elizo (Unidas Podemos), Alfonso Rodriguez Gomez de Celis (PSOE), Ana Pastor (PP) eta Ignacio Prendes (Cs) izango dira, ostera, Kongresuko presidenteordeak.
Elizok 112 boto jaso ditu, De Celisek, 82; Pastorrek, 70 eta Prendesek, 58. Hori dela eta, hurrenez hurren, lehendabiziko, bigarren, hirugarren eta laugarren presidenteordeak izango dira.
Senatuan, Manuel Cruz hautatu dute Mahaiko presidente, aldeko 140 botorekin. PSOEko 136 senatariek ez ezik, beste lauk ere Cruzen alde bozkatu dute. Guztira, 250 boto izan dira. Aldeko boto horiez gain, 84 boto txuri eta 15 boto baliogabe izan dira. Azken horien artean, batzuk, ERCko senatarienak dira, "Llibertat" idatzi eta lazo hori bana sartu baitute.
Cristina Narbona sozialista aukeratu dute, berriz, Senatuko lehendabiziko presidenteorde eta Pio Garcia-Escudero popularra, berriz, bigarren presidenteorde. Lehendabizikoak aldeko 142 boto lortu ditu eta bigarrenak, 68 boto.
Gainerako bi idazkaritzak PPk eta EAJk beteko dituzte. Rafael Hernando PPko hautagaiak 70 senatariren babesa jaso du eta Imanol Landa EAJko senatari eta Getxoko alkateak, berriz, 97 senatarirena.
Gauzak horrela, Senatuko Mahaiaren osaketa honela gelditu da. PSOEk presidentetza ez ezik, presidenteordetza bat eta bi idazkaritza izango ditu; PPk, presidenteordetza bat eta idazkaritza bat eta EAJk, idazkaritza bat.
Preso kataluniar hautetsiak Kongresuan eta Senatuan
Gorteen osaketan, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull eta Raul Romeva preso kataluniarrek protagonismo berezia izan dute.
Atzo gertatu bezala, preso kataluniar hautetsiak Kongresura eta Senatura itzuli dira. Atzo, diputatu eta senatari agiriak jaso zituzten, eta gaur Kongresuaren eta Senatuaren osaketan izan dira, horretarako Auzitegi Gorenaren baimena jaso ostean.
Poliziaren zaintzapean egon dira Soto del Realgo espetxetik Kongresurako eta Senaturako bidea egin duten bitartean. Bertara iritsitakoan, mugitzeko askatasuna izan dute eta beste alderdietako ordezkariak agurtu dituzte. Hala ere, Auzitegi Gorenak ukatu egin die bilerak egitea edo prentsaren aurrean hitz egitea, eta osoko bilkurak amaitutakoan espetxera eraman dituzte berriro.
Eguneko irudietako bat preso dauden lau diputatu kataluniarrak (Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turull) Kongresuan sartu direnekoa izan da. Txalo hotsak izan dira nagusi, baina tartean "kanpora, kanpora" oihuak ere entzun dira.
Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turull diputatuek alderdikideak eta beste zenbait diputatu agurtu dituzte. Oriol Junquerasek, esaterako, Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias agurtu ditu.
"Nola zaude?", galdetu dio Sanchezek Junquerasi, eta honek zera erantzun dio: "Hitz egin behar dugu".
Raul Romevak, bere aldetik, Senatuko bere aulkiaren jabe egin da ERCko senatarien txalo artean. Halaber, diosala egin dio Manuel Cruz ganberako presidenteari.
Legeak behartuta eta Errepublikaren alde
Kataluniako diputatu independentistek “legeak behartuta” onartu dute Espainiako Konstituzioa, preso politikoen askatasunagatik eta Errepublikaren alde. Horrek espainiar nazionalisten haserrea eragin du eta protestak izan dira, bereziki Voxeko ordezkarienak.
Oriol Junquerasek “konpromiso errepublikarrarekin, preso politiko gisa eta legeak behartuta” egin du karguaren zina. “Preso eta erbesteratu politikoen askatasunagatik eta Kataluniako Errepublikaren alde, zin dagi”, esan du Gabriel Rufianek.
Junts per Catalunyako ordezkariek, berriz, “2017ko urriaren 1eko mandatuarekiko leialtasunez eta legeak behartuta” egin dute Konstituzioaren zina.
EH Bilduko lau ordezkariek euskaraz egin dute karguaren zina: “Bai, hitza ematen dut legeak behartuta, Euskal Errepublika sortu arte”. EAJko diputatuek ere euskaraz eta legeak behartuta onartu dute Konstituzioa.
Juantxo Lopez de Uraldek (Unidas Podemos) ondokoa esan du: “Demokraziagatik, eskubide sozialengatik eta planeta guztiagatik”. Alberto Garzon IUko buruzagiak, ostera, “demokraziaren eta errepublikaren alde” egin du karguaren zina.
Vox alderdi ultraeskuindarreko diputatuek “Jainkoaren eta Espainiaren izenean” egin dute Konstituzioaren zina.
Raul Romeva ERCko senatariak “preso politiko gisa” egin du karguaren zina: “Kataluniako Errepublika aldarrikatu arte, askatasuna eta berdintasunarekiko konpromisoarekin, preso politiko gisa eta legeak behartuta, bai, zin dagit”.
Rafael Hernando Senatuko Mahaiko idazkaria haserretu egin da eta Romevari hitza kentzen saiatu da.
Kataluniako senatari independentistek txalo artean hartu dute Romeva, baita EH Bilduko eta EAJko senatariek ere.
Gorteak osatuta, Mahaiek preso kataluniar hautetsien inguruan erabaki beharko dute orain. Meritxell Batet eta Manuel Cruz kataluniarrak izango dira, hurrenez hurren, Kongresuko eta Senatuko presidenteak.
Legegintzaldi honetan, aurrekoan baino emakume gehiago izango dira; 139tik 166ra igo da kopurua. Batez besteko adina 47 urtekoa da, eta hautetsien % 60 berriak dira.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa