EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

19:26

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Bilera-sorta

EAJrekin akordioak lortzeko prest agertu dira EH Bildu eta PSE-EE

Erredakzioa

Jeltzaleek erakundeen arteko akordio bat proposatu diete Bilduri eta PSEri. Mintegiren hitzetan, "akordio zabalak" lortzeko aukerak daude. Pastorrek esan du ''akordio handiak'' lortzea dela asmoa.

01:21
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAJren talde negoziatzaileak erakundeen artean akordioa lortzeko, krisiaren aurka borroka egiteko eta bakea errotzeko proposamen bat helarazi die gaur EH Bilduren eta PSE-EEren ordezkariei. Bai EH Bilduk eta baita PSE-EEk ere jeltzaleekin ''akordioak'' lortzeko asmoa agertu dute. Hala ere, esparru sozio-ekonomikoan hitzarmenak lortzea "zaila" izango dela ohartarazi du Mintegik, eta ''zeharkatu ezin diren marra gorri'' batzuk daudela ohartarazi du Pastorrek.

10 orriko txostena

Bi alderdietako ordezkariak gaur goizean batzartu dira EAJrekin Sabin Etxean, jeltzaleek Gobernua osatzeko abiatutako bilera-sortaren baitan. EAJtik azaldu dutenez, negoziatzaile jeltzaleek 10 orriko txosten bat eman diete koalizio abertzalearen ordezkariei, gainerako alderdiekin ere egingo duten bezala.

Testuko lehen puntuan, EAJk "erakunde guztien egonkortasuna erraztea" eta krisiaren aurkako neurriak adostea proposatu du.

Bigarren puntuan, jeltzaleek bakea eta normalizazioa hartu dute hizpide, eta, hirugarrenean, Estatutuaren garapena.

EAJk iragarri duenez, Iñigo Urkulluk agerraldia egingo du bilerak baloratzeko, seguro aski bihar.

Mintegik "posible" ikusten du akordioa

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak EAJrekin "akordio zabalak" lortzeko "borondatea eta aukerak" daudela aurreratu du gaur, alderdi jeltzalearen talde negoziatzailearekin batzartu eta gero.

Bileraren ostean, Mintegik giroa "adeitsua" izan dela azaldu du, eta gaurko bilera lehenengoa baino ez dela izan aipatu du. Izan ere, hainbat gaitan sakontzeko batzar gehiago egin behar izango dituztela gaineratu du.

EH Bilduren lehendakarigaiak "ezinbesteko"tzat jo du alderdi jeltzalearekin akordioak lortzea. Alabaina, esparru sozio-ekonomikoan hitzarmenak lortzea "zaila" izango dela ohartarazi du.

EH Bilduren aldetik, Laura Mintegi, Pello Urizar eta Hasiera Arraiz joan dira bilerara, eta, EAJrenetik, Iñigo Urkullu, Pilar Garcia de Salazar, Joseba Egibar eta Koldo Mediavilla.

PSE-EEren ''marra gorriak''

EH Bildurekin batzartu eta gero, PSE-EErekin bildu da EAJ. Bilera eguerdian hasi da, eta PSEren ordezkaritza Patxi Lopezek, Jose Antonio Pastorrek,Txarli Prietok eta Iñaki Arriolak osatu dute.

Jose Antonio Pastor PSEren bozeramaileak esan du EAJk egindako proposamena aztertuko dutela, bilera gehiago egin ala ez erabakitzeko. EAJk deitutako batzarrera ''izaera eraikitzailearekin'' eta "akordiohandiak" lortzeko asmoarekin joan direla azpimarratu du.

"Gure helburua hitzarmen zabalak lortzea da, baina zeharkatu ezin diren marra gorri batzuk daude, hala nola, zerbitzu publikoen, politika sozialen eta ekonomiaren suspertzea ekarriko duen fiskalitatean defentsa", azaldu du Pastorrek.

EAJk gaur aurkeztutako proposamenaren xehetasun guztiak bihartik aurrera aztertuko dituzte eta orduan erabakiko dute "adostasunetara heltzeko" bilera gehiago egin ala ez. "Gaurkoa lehen hartu-emana baino ez da izan", erantsi du.

Bigarren jardunaldia

Astearteko lehen bileren ondoren, PPren eta UPyDren txanda izango da bihar. Alderdi Popularra "izpiritu eraikitzailearekin, eskua luzatuta eta akordioetara heltzeko prest" joango da bilerara, Iñaki Oyarzabalek ETBn egindako elkarrizketabatean adierazi duenez.

Horrez gain, PPk alderdien arteko harremanak "hobetu" eta "erradikalek Euskadiko politikagintza baldintzatzea saihestu" nahi duela ere esan du.

"Egoera zaila da eta akordio garrantzitsuak behar dira; beraz, elkar entzuteko eta adostasunetara heltzeko asmoarekin joango gara biharko batzarrera", azaldu du.

UPyD, bestalde, ''diagnostikoak elkarrekin aztertzeko'' helburuarekin bilduko da EAJrekin, aldez aurretik jakitun ''gai askotan desadostasun handiak'' izango dituztela. Gorka Maneiro alderdiak Euskadin duen bozeramaileak esan du jeltzaleen proposamenak entzutera joango dela hitzordura, ''EAJ baita hauteskundeetako irabazlea''. Baina, aldez aurretik ohartarazi du ''esparru askotan'' ez direla ados egongo. ''Haiek EAJ dira eta gu UPyD'', azaldu du.

Gorka Maneiroren hitzorduarekin itxiko du EAJk lehen bilera sorta.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena