EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak
EAE-ko Hauteskundeak 2020
U-21
Erredakzioa
EH Bilduk Barakaldoko BECen egin du kanpaina honetako ekitaldi nagusia eta bertara 10.000 bat lagun joan dira.
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko bozermaile ohiaren hitzak entzun dira gaur arratsaldean BECen, EH Bilduk egindako ekitaldian, Otegik berak igorritako grabazio bati esker. Batasunako ordezkariaren hitzetan, posible da koalizio abertzaleak EAEko hauteskundeak irabaztea. “Orain kartzelak hustu egin behar ditugu”, gaineratu du.
EH Bilduk Barakaldoko BECen egin du kanpaina honetako ekitaldi nagusia eta bertara 10.000 bat lagun joan dira. Hasieratik independentziaren aldeko oihuak entzun dira, baita presoak hurbiltzearen eta amnistiaren aldekoak ere.
Ekitaldiaren hasieran, bertsolariak, dantzariak eta Kataluniako casteller talde bat izan dira taula gainean. Ondoren, Antonio Alvarez Solis idazleak hartu du hitza eta, horren ostean, ekitaldiaren antolatzaileek iragarritako “sorpresaren” unea iritsi da.
Gaur hiru urte bete dira Arnaldo Otegi atxilotu zutenetik, ekitaldiaren aurkezleak gogoratu duenez. Logroñoko espetxetik igorritako grabazio batean, Otegik krisi ekonomikoaz aritu da, eta orain “hiru egiteko” daudela nabarmendu du.
Ezker abertzaleko ordezkari ohiaren iritziz, “irtenbide demokratikoen agertokia finkatu” egin behar da, "bakearen etsaiei aurre egiteko". Zentzu horretan, orain agindua “kartzelak hustea eta kaleak gure eskubideen defentsan” okupatzea izan behar da.
Euskal Herri osora irekitako “elkarrizketa nazionala” martxan jartzea defendatu du Otegik, eta independentismoaren munduari “hausnarketa” egitea eskastu dio.
Militanteei “irrifarre” egiteko eskatu die, datorren urriaren 21eko hauteskundeetan EH Bilduk irabazi egingo duela uste baitu.
“Orain, ezinezkoa da gure subiranotasun osoa aurreikusten ez duen esparru taktikoa baliogarria izatea”. Espainiak bizi duen krisi ekonomikoa eta Estatuaren “ahulezia” ikusia, “aukerei probetxu atera behar zaiela” iritzi du Otegik.
“Independentistok galdera bati erantzun behar diogu: Azken hamarkadetan gutxieneko akordio demokratikoa eskaini diogu Estatuari; posible al da orain akordio hori lortzea? Posible al da orain gure subiranotasuna aurreikusten ez duen esparru taktikoa baliogarri izatea alor ekonomiko eta sozialean? Ez”.
Europako herri askea
Bestalde, Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak “Europa barruan aske izango den herria” aldarrikatu du. Mintegiren hitzetan, helburu hura ez da inoiz “modu honetan eta indar honekin mahai gainean jarri”.
Bakea lortzeko, Estatuak “aurrerapausorik” eman ez dituela kritikatu du EH Bilduko hautagaiak. Koalizioa beti kalean izango dela adierazi du, baita erakundeetan ere, eta hauteskundeei begira “gure semeentzat nahi dugun Euskal Herria” jokoan dagoela nabarmendu du.
Mintegi "normalizazio politikoa justizia sozialarekin hastearen alde" eta "euskal estatu libre" baten aldeko apustua egin du, "Europaren barruan".
EH Bilduko lehendakarigaiak krisiaren egungo kudeaketari kritika gogorra egin dio; bere ustez, "eskubia gauzak oso txarto egiten ari da" eta "politika egiteko beste modu bat"en alde agertu da, "gazteentzako lanpostuak sortzeko, menpekoei asistentzia emateko eta finantza-erakundeen diruzalekeriari aurre egiteko".
Gauzak horrela, EH Bilduk "euskal herri libre, solidario, justu, partekatua eta errespetuzkoa" eraikiko duela esan du, "hanka bat kalean eta bestea erakundeetan" edukiz.
Lehenengo lerroetan
BECen lehenengo lerroetan ezker abertzaleko kide historikoak izan dira: Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia abokatua eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, besteak beste.
Aurreko lerroetan izan dira baita ere Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, eta Oskar Matute eta Dani Maeztu Alternatibako eta Aralarreko ordezkariak, hurrenez hurren.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa