09:40

gaztea

Gaztea Sariak

ZETAK, Merina Gris, Ibil Bedi, Neomak eta Ben Yart dira artista onenerako bost izendatuak

B. F. | EITB Media

Otsailaren 28 eta 29an banatuko dira Gaztea Sariak, Bilboko Euskaldunako Urban Hallen. Garaikurren banaketaz gain, Gorka Urbizu eta ETSren kontzertuez gozatzeko aukera izango da.

  • Artista edo talde onenaren izendatuak

    Artista edo talde onenaren izendatuak

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ZETAK, Merina Gris, Ibil Bedi, Neomak eta Ben Yart dira 2024ko Gaztea Sarietako artista edo talde onenaren kategoriako bost izendatuak. Otsailaren 29an banatuko dira garaikurrak, Bilboko Euskalduna Urban Hallen.

AAZTIYEN diskoaren argitalpenarekin itxi dute urtea ZETAKeko kideek. Urtea lanean buru-belarri igaro ostean, esku artean dugu lana eta laster izango dugu zuzenean gozatzeko aukera. Ohi bezala, modu bitxian egin dute euren lan luzearen salmenta. Izan ere, diskoa atera baino hiru hilabete lehenago, Arbizuko biztanleek mezu hau jaso zute: "Aatsaldion! Iyendiontan Arbizun ZETAK-en hiru kanta berri aaitzia nehi ttubenak, agertu daallela 20:30 ten plazan. Besarkadaat!». Plazara bete zutenek disko berriko hiru kanta entzun zituzten, esklusiban, kaskoak jantzita. Herrikideen erantzun jendetsua ikusita, bi pase egin zituzten.

Plazaz plaza eman dute urtea Merina Griseko kideek. Euskal Herrian, espainiar Estatuan eta nazioartean ibili dira, Zerua Orain estreinako diskoaren uzta jasotzen. Urtea errepidean igaro duten arren, eman digute hariari eusteko materiala. 2023an "Nadie Cuando Lloro" (Hoferekin elkarlanean) singlea eta "ALMAR"en bertsioa plazaratu dituzte, Delaporteko Sandraren kolaborazioarekin.

Ibil Bedik 2023ko apirilean atera zuen Goldea izeneko hirugarren diskoa. Aurkezteko garaian, orain arte egindakoa baino "askeagoa" dela kontatu ziguten: "Produkzioari garrantzi handiagoa eman diogu eta ez dugu beldurrik izan soinu berriak bilatzeko". Euskal Herrian barrena aurkeztu dute Goldea eta hamaika bizipen bildu dituzte.

Neomakek 2022an kaleratu zuen lehen diskoa eta ordutik ez dira oholtza gainetik jaitsi. Eukal Herrian soilik ez eta Asian barrena aurkeztu dute Neomak diskoa, Sua taldearekin batera Japonia eta Korean egindako biran. Gainera, "AIOIAI" singlearekin eta honen bideoklip ikusgarriarekin gozatu digute 2023a.

Ben Yart da artista onenaren kategoriako azken izendatua. Ekainean plazaratu zuen Ceros izeneko diskoa, La Joyeria, Érebo, Jay Cas eta Iuve Botticelli ekoizle eta artistez inguratuta. Diskoak sekulako arrakasta izan du Euskal Herrian, baita gure mugetatik kanpo ere. Besteak beste, Gallery Seasons ekimen ezagunean parte hartu du 2023an.

Gaztea Sariak

Hautagai guztiak aurkeztuta, zuen gustukoenaren aldeko botoa emateko aukera izango duzue, Gaztearen webgunean.

Irabazleek otsailaren 29an jasoko dute garaikurra, ezustekoz beteriko galan. 2023an euskal musikak emandakoak saritzeaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da (bezperan zein sari banaketaren egunean), Gorka Urbizu eta ETSren kontzertuekin.

 

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena