09:28

EiTB TALDEA

Durangoko Azoka

Durangoko Azokari jarraipen berezia egingo diote EITBko hedabideek bertatik bertara

EITB Media

Irrati eta telebistak Azokaren berri emango dute egunero eta bertatik egingo dituzte hainbat saio. Gainera, Ahotsenea eta Landako guneetako programazio osoa zuzenean eskainiko du eitb.eus-ek

  • 56. Durangoko Azoka. Kartela

    56. Durangoko Azoka. Kartela

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EITB taldeko hedabideek Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 56. edizioaren jarraipen zabala egingo dute bertatik bertara. Asteazkenera bitartean, EITB taldeko komunikabide guztiak (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus) buru-belarri arituko dira eguneko gertakari nagusien berri ematen.

Azokako egunetan tarte berezia eskainiko diete albistegiek bertako programazioari. Egunero, gertakari eta ekitaldi nagusiak jasotzeaz gain, sortzaile eta bisitariekin elkarrizketatuko dituzte. 

Telebistako albistegi taldea

Telebistako albistegi taldea

Halaber, Gaztearen "Zulora" tartearen eskutik, Euskal Telebistak eguneko jarraipena egingo dio Azokari eta gauero, asteazkenera arte, "Bada Durangoko Azoka 2021" saioa izango da ikusgai eguneko gai eta protagonista nagusiekin, ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00ak aldera. Asteartean, abenduaren 7an, "Zulotik Azokara!" saio berezia eskainiko du ETB1ek 22:30etik aurrera. Durangoko Azokaren aitzakian, euskal kulturaren gaineko zenbait gai eta ikuspegi aztertuko ditu Gaztearen "Zulora" saio berezi honek. Horretarako, hainbat sortzaile elkarrizketatuko dituzte. Kale-elkarrizketek eta Azokako txokoen deskribapenek ere tokia izango dute. Ane Zuazubiskarrek aurkeztuko duen saioa eitb.eus-en eta YouTuben ere izango da ikusgai.

Asteartean, halaber, Euskal Telebistako hainbat saio Azokan egongo dira. ETB1en Ilaski Serranok aurkeztuta, aurtengo azokako berritasunak eta sortzaile ezagunak izango dituen "Ahoz Aho" saio berezia izango da ikusgai 16:00etatik aurrera. Ilaskik hainbat gonbidatu izango ditu, horien artean: Beñat Gaztelurrutia, Gerediaga elkarteko kudeatzailea; Pasadena, Dupla eta Kerobia musika taldeak; Joseba Tapia eta Mikel Urdangarin musikariak, eta Jon Arretxe idazlea, besteak beste. Gainera, aurtengo Durangoko Azokako Sormen Bekako irabazlearekin izango da.

Ilaski Serrano

Ilaski Serrano

"Biba Zuek!" saioan ere, Durangoko Azoka hartuko dute hizpide, eta Joseba Olagarai eta Anuxka Etxeberria kazetariak izango dira bertan zuzenekoak egiten. Durangon euren lanak aurkezten ari diren idazle zein musikariekin hitz egingo dute, eta bertatik bertara jasoko dute Azokako giroa.

ETB2n, goizeko "En Jake" saioko Mikel Egia kazetaria Durangoko Azokan izango da bertako azken ordua zuzenean eskaintzeko. Gainera, editore, ekoizle, musikari, idazle eta publiko orokorrarekin elkarrizketak egingo ditu.

Arratsaldeko "Nos Echamos a la Calle" saioko Aitor Albizua aurkezlea Durangotik arituko da. Arratsalde osoan zehar hainbat elkarrizketa egingo ditu eta bertako giroaren lekuko izango da. Aurreko edizioa on line egin ondoren, ohiko publikoaren gogoak eta sentsazioak bilduko ditu Aitorrek.

Irratiak ere Durangon izango dira

EITBko irratiek Durangoko Azokan izango duten presentzia oso zabala izango da eta egunero Azokan gertatzen den guztiaren gaineko informazio zuzena eskainiko dute kulturako taldekideen eskutik. Bertan izango dira Mailu Odriozola eta Juan Ramon Martiarena kazetariak.

Bestalde, Azoka ospatuko den egunetan, hainbat saio egingo dira Azokaren esparrutik zuzenean: Euskadi Irratiko "Amarauna", Radio Euskadiko "Más Que Palabras", "Kultura.eus" eta "Distrito Euskadi"; eta Gazteako "B Aldea" saioa besteak beste.

Kulturaren industriaren inguruko "Zulora" solasaldia

Abenduaren 7an, "Zulora" saio berezia egingo da Durangoko Azokako Talaia gunean, Gaztearen eskutik. Solasaldia eitb.eus-en eta Gazteako YouTube kanalean izango da ikusgai. 13:30etik 14:30era, euskal kulturaren transmisioaz arituko dira Uxue Razquin Erein argitaletxeko editorea, Ander Sagardoy Sumendi Films ekoiztetxearen sortzailetako bat eta Eneritz Dueso (Eneritz Furyak) Musikari Elkarteko Zuzendaritzako kidea. Euskarazko kultur industria (ia) hutsetik eraiki zutenak erretiratzen ari diren honetan, gazteagoei begira hasi dira: hartuko ote du inork erreleboa?

Ane Zuazubiskar 'Zulora' saiaoren aurkezlea

Ane Zuazubiskar 'Zulora' saiaoren aurkezlea

"Gaztea Maketa Lehiaketa 30 urte" dokumental interaktiboaren aurkezpena

Abenduaren 8an, 11:00etan, Durangoko Irudienean "Gaztea Maketa Lehiaketa 30 urte" dokumental interaktiboa aurkeztuko du Gazteak.

Aurtengo Maketa Lehiaketako lau finalistekin filmazio berezia egin zen finalaren egunean, azaroaren 25ean: goiz horretan jaiki zirenetik epai mahaiak gauean irabazlearen izena esan zuen arte grabatu zituzten taldeak. Urduritasuna, prestaketa eta Kafe Antzokira bidaia: euren emozioen minutuz minutuko jarraipena egin zitzaien road movie moduko batean.

Emaitza dokumental lineal bat izan beharrean ikus-entzunezko interaktiboa izan da. Gazteako Youtuben egongo da ikusgai eta behin play sakatuta, uneoro aukerak emango dizkio dokumentalak ikusleari "talde hau gehiago ikusi nahi duzu? Aurrera egin nahi duzu edo beste talde honen kantu bat ikustea nahiago?"

Era honetan, ikusle bakoitzak bere ikuspegia eraikitzeko modua izango du. Batzuk 30 minututan gozatuko dute dokumentalaz eta besteek, akaso, ordu bete emango dute xehetasun guztiei erreparatzen.  

30 Maketa Lehiaketa

30 Maketa Lehiaketa

"3 Ene Kantak" ikuskizuna

Asteazkenean, abenduaren 8an, 18:00etan, "Ene Kantak Dantzan" ikuskizun berezia eskainiko dute "3 Ene Kantak" saioko protagonistek Saguganbara-Elkartegian. Abesti ezagunenak eta dantzagarrienak aurkeztuko dituzte Argik eta Enekok, eta kanta guzti horiek elkarren artean istorio batekin harituta egongo dira.

eitb.eus Durangoko azokan buru belarri

eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du Landako Guneko Areto Nagusiko eta Ahotseneako programazio osoa. Ahotseneko seinalea ikusgai izango da 11:00etatik 22:00ak arte, eta egunero hamar kontzertu inguru eskainiko dira. Kontzertuak EITB Nahieran ere izango dira ikusgai.

Landako guneko Areto Nagusiko solasaldi guztiak ere ikusgai izango dira eitb.eus-en, egunero, 11:00etatik 20:00ak arte.

Halaber, Durangoko Azokako webgune berezian EITBko hedabide ezberdinetako eduki guztiak bilduko dituzte. Gainera, webguneko kazetariek bertatik bertara jasoko dute Azokako azken ordua eta bertako giroa.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena