12:16

albisteak

Sinadura

Pornokrates eta Munduaren Iturburua Urola aldean

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Pornografiaz mintzatzeko bilduko gara azaro honen azken ostegunean begi zein sudur luze hainbat Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pornografiaz mintzatzeko bilduko gara azaro honen azken ostegunean begi zein sudur luze hainbat Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean. Izango dugu  bilera horretarako  erreklama eta bandera sadomasokismo, bondage, dominazio, diziplina edo mendekotasun izeneko sexu jarduera aske eta adostuez libre idatzi izan dituen 94 urteko Catherine Robbe-Grillet-en irudi iradokitzailea ( afixan badu mahai gainean jarduera horietan erabili ohi diren tresna elegante horietako bat…). Izango dugu erreferente egun Pariseko Orsay museoan ikusgai eta bertako dendan postal bihurturik salgai bada ere, urte askotan zehar  ezkutuan gorde izan zen Gustave Courbeten Munduaren Iturburua izeneko margoa. Gure begi  aurrean, burua izara batek estalia eta hankak pintatu gabeak dituen emakume baten sexua azaltzen da, plano hurbilean, tapatu barik, pixkatxo bat gorrixkaturik, maitasuna egin berri duelako seinale akaso. Erreferente, halaber, KRK argitaletxe balentak kaleratu zuen Marguerite Vallette-Eymery 'Rachilde'k XIX. mende akaberan izkiriatu zuen Monsieur Venus izenburuko nobelaren azala den  Felicien Ropsen  Pornokrates koadroa ere. Esklabo itxurarik batera ez duen emakume baten potreta estrainioa da. Buruan hamaika apainduraz dotoretu kapela duela,  zetazko mediak eta takoi altuko zapatez gain, biluzik da. Biluzik eta martxan, kate batek loturik sexu zikinkeria guztien sinboloa izan den txerri bat daramala….

Bilduko gara bai Azpeitian pornografia zertan, zertarako, nola, nolatan, nortzuk dastatzaile, zeintzuek sortua eztabaidatu nahian.

Ez gara bakarrik zinema pantailetan ikusi ohi dugun horretaz ariko. Alderantziz, deep/dark webean zein gure sakelako ispiluetan dagoena izango dugu hizpide.

Atzera joko dugu, hori bai. Zinema 1895eko abenduaren 28an jaio bazen, 1896koa dugu garai haietan pornotzat hartu zen lehen filma. Le coucher de la mariée du izenburu, Albert Kirchner eta Eugène Pirou argazkilariek egina. Handik gutxira, luxuz gainezka ziren  burdel askotan horren tentagarria suertatzen zen asmakizun berriak garaturiko pelikulatxo erotikoak erakusten zitzaizkien opari bezero estimatuei…. Ez ahaztu Alfonso XIII.a Espainiako erregeak pelikula horien bilduma ikaragarria zuela. Are, une askotan, eszena porno horiek filmatzera jauregira joaten ziren zinegileen laguntzaile lanetan aritzen zen gustu handiz…

Aspaldiko kontuak horiek guztiak Urola aldean. Erreferente modernoagoak ere izango dira mahai gainean, ez pentsa. Esaterako, pornografiaren arauak azpikoz gora jarri zituen 1972ko Deep Throat  hura, leize ilunetatik Times Squareko edo Leicester Squareko markesina guztietara jauzi egin zuena, eskandalua, zoramena eta atxikimendu erabatekoa eraginez. 22.000 dolar kostatu zen, eta 600 milioi bildu. Maltzur, bihurri (lehengo sekuentzian zehar Beethovenen Alegrantziaren Ereserkia entzuten da maleziaz aldrebestuta samar…), klitoria eztarrian duen emakume baten sexu bizipenak kontatzen ditu. Xurrumurruei kasu eginez, mafiak berak pagatu zuen ekoizpena eta sikarioak aretoz areto joaten ziren kopia besapean eta sarreren dirua jasoz. Hain handia izan zen eragin zuen inpaktua, ezen Watergate  eskandalu politikoa argitan jartzen Washington Posteko kazetariei lagundu zien ezkutuko mezulari hari Deep Throat izendatu baitzuten. Kuriosoa, ordea, nahiz eta zinemaren zein pornografiaren mugarri eta mitoa bilakatua izan, egun ere, ezin da pelikula ohiko plataformetan  ikusi; sinetsi ala ez, web pornoetara jo behar duzu. Nahitaez.

Juntatuko gara Urola aldean pornografo zenbait Kama Sutraren irudiei so. Arrimatuko Radu Jude errumaniarraren  2021eko Babardeala cu buclucsau porno balamuc umore garratzaz zipriztinduriko fabula politiko-soziala aztertzeko asmotan. Izenburu ezin egokiagorik du filmak  gaztelaniaz  Un polvo desafortunado o porno loco. Plataformetan harrapatzen baduzue, baietz beta emango Azpeitian ikertuko den gai batez janzteko: badira urteak zinema pornoa kontsumitzen dutenak luxuzko Kaliforniako etxeetan grabaturikoarekin kopetaraino daudela. Gaur, etxeko pelikulak nahiago. Zuk ere har dezakezu kamera eta zure maitale, senar edo dena delakoarekin txortan edo sexu-firin faran zaudela, grabatu. Zabalduko duzu gero sare sozialetan barna. Arrakastatsu arras dira film ziztrin horiek. Hainbeste ze industria (milioiak eta milioik mugitzen dituena) hasi baita imitatzen…

Horretaz hizketan Azpeitian hilak 28 egun dituela. Azken galdera, pornoak artea behar du izan ala artea bilakatzen bada galduko ditu izaera eta xedea? Askoren uste arrazoituan, pornoak eszitatu, berotu behar zaitu. Eta kito. Ez bilatu aitzakiarik, zuk   behar duzu onartu horretarako aukeratu duzula filma. A, beste kontu bat, pornoa aretoetan ikus daiteke edo zure gelako intimitate (agian partekatua) beroan…?

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena