albisteak
Sinadura
Bego del Teso
Ba omen dira bi ahuntz pelikula baten zeluloidezko bobina jaten. Zer esango dio batak besteari? "Liburua gehiago gustatu zitzaidan…".
Ziurrenik, zuetako frankok ezagutuko duzue aspaldiko-aspaldikoa den txistea. Akaso ez dizue batere graziarik egiten. Baliteke txar-txarra dela pentsatzea. Benetan diotsuet, alta, zinemaren eta literaturaren arteko hartu-eman sarri eztabaidatsua, maiz ekaiztsua primeran islatzen duela.
Kontatuko? Ba omen dira bi ahuntz pelikula baten zeluloidezko bobina jaten. Zer esango dio batak besteari? Liburua gehiago gustatu zitzaidan…
Oso gutxitan geratzen da kontent jendea maite duen liburua zinema bihurtzen dutenean. Ez dugu oraindino ondoegi ulertzen bi arte horiek bi lengoaia ezberdin darabiltenik. Oso ezberdinak. Nobela bat zinemaratzea ez da, inolaz ere, idatzia dagoen horri mugimendua ezartzea. Bestalde, egia da, liburua irakurtzen dugunean, libre gara pertsonaiak nahi dugun era eta gisan moldatzen. Libre gura dugun bezala irudikatzeko. Aldiz, nobela, filma ikusi ostean irakurtzen baduzu, pasarte guztietan burura etorriko zaizu zinema aretoan ikusitakoa eta ezingo duzu zuere-zeurea den pelikula propioa osatu…
Antzeko eztabaida eta polemika gozo eta sutsuetan jardun izan dugu, jarduten dugu eta jardungo dugu Donostiako Zinemaldiak irauten duen bitartean. Baita bukatu eta gero ere. Aurtengo jaialdian bi film garrantzi handikoak dira bi nobela garrantzi handikoen moldaketak. Bata euskaraz da eta New Directors saileko lehian hartzen du parte. Ane lan indartsua filmatu zuen David Pérez Sañudoren Azken Erromantikoak da eta Laudioko Txani Rodriguezen umore ozpindu puntu bat baino gehiago duen Euskadi Saria bereganatu zuen lehen pertsonan idatziriko ipuin garratz eta tristatuaren egokitzapena dugu. Badakizue zer gehiago gertatzen den maite ditugun kontakizunak pantailaratzen direnean? Gustuko izan ditugulako gustuz hartzen dugu pelikula, izan ditzakeen akatsak kezkarik gabe alboratuz…
Venezian Urrezko Lehoia bereganatu zuen La habitación de al lado/The Room Next Door, izenburuko zinema proposamenean, Almodovarrek Sigrid Nunezen What are You Going Through?/ ¿Cuál es tu tormento? egokitu du zeluloidera, Julianne Moore eta Tilda Swinton bezalako antzezle sekulakoen konplizitateaz. Lerro hauek idazten ditudanean pelikula ez da oraindik eman Zinemaldian baina ederki dakigu denek The Friend/El Amigo ipuin tristatu eder hura idatzi zuen Sigrid pixka bat altuago zegoen gailurrera iritsi zela Almodovar bera sorgindu zuen nobela horrekin. Liburuaren nondik norakoa ezaguna duzue., ospitalea utzita, hiltzear den emakume batek bere etxean hartzen du azken aterpe, lagun min eta fin baten konpainian. Elkarrekin pasatzen dituzten egunak alegrantziaz, tristeziaz, oroitzapenez, pelikulaz, kantuz, algaraz, malkoz gainezka egongo dira. Iritsiko da azken-aurreko ordua eta bion artean hitzartutako kontu bati egin beharko diote aurre…
Aipatu bi liburu horiek eskuragai daude zuen etxe ondoko liburu-dendetan. Txanirena Seix Barralek merkataratu zuen. Sigridena, aldiz, Anagramak. Apuntatu beharreko hirugarren bat zailago egingo zaizue liburu-dendetan aurkitzea, 2017koa baita, plataformetara jo behar. Ostiralean New Directors saila itxiko duen Frantziaren eta Hego Korearen arteko Hiver à Sokcho ekoizpenak Elsa Shua Dusapinen izenburu bereko liburu sotil eta intimoa du inspirazio. Jatorrizko frantsesez arrakasta izan zuen. Gaztelaniaz, Alianza Editorialek kaleratu zuen narrazio hau. Bertan, Soo Ha´k topo egingo du Sokcho hirira heldu berri den gizonezko frantziar batekin . Hain arrunta, hain ohikoa zirudien bere eguneroko bizitza aldatzen hasiko da, kasik konturatu gabe…
Ez baduzue Donostiako Zinemaldiaren azken egun hauetara hurbiltzerik, areto korrientetan estreinatu arte itxaron behar baduzue, aurreratu denbora, irakur itzazue Los últimos románticos, ¿Cuál es tu tormento? eta Un invierno en Shokcho. Erabakiko duzue gero, txistearen bi ahuntz horien modura zein duzuen maiteago, liburua ala filma.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa