09:25

albisteak

Sinadura

Motorren soinu banda bisuala

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Gure karteldegiko galdu ezinezko pelikula bat aurkezten dizuet: "The Bikeriders". Burdinaz, gasolinaz, olioz, gauaz, amodioz eta desamodioz gainezka dago, eta Shakespeareren arrastoak antzemango dituzue erraz asko, herioa, mendekua eta libertatearen grina dantzan dabiltzalako bertan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Motorrak maite badituzue. Zinema  maite baduzue. Motorrak zinema adina laket badituzue. Zinema motorrak adina gustuko baduzue.

Joandako garaietako gasolina usaina baina perfume hoberik ezagutzen ez baduzue;  gaurko eta biharko fotogramak sakon maitatu arren, bueltatuko ez diren  garai horietako zeluloide keztatu eta haustu haren minez bazaudete, nahiz eta  ederki jakin gure hezur eta neurona muinetan ondo baino hobeto gorderik dugula, gure karteldegiko (Hegoaldekoa, ekainean izan baitzen Iparraldekoan) galdu ezinezko pelikula bat aurkezten dizuet: The Bikeriders. Jeff Nicholsek sinatzen du. Jeff ez da derrepentean gurean agertzen den doninorrez bat, etorri/hasiberri bat. Jeffen beste film guztiak bereziak izan dira, besteek ezarritako mugetatik gaindi dauden horietakoak: Mud, Take Shelter

Joan den mendeko 60ko hamarkadan sortuak diren Marlon Brandoren eta Laszlo Benedeken The Wild One eta Dennis Hopperren Easy Riderren garaietara, giroetara, paisaietara garamatzan zine puska dugu 2024ko The Bikeriders hau, bien ondorengo eta pareko leiala eta librea den zine mirari hau.

Ez izan beldur; nostalgiak ez du, ordea, itotzen burdinaz, gasolinaz, olioz, gauaz, amodioz eta desamodioz gainezka den zine pieza hau, non erraz asko Shakespeareren arrastoak antzemango dituzuen, herioa, mendekua eta libertatearen grina dantzan dabiltzalako bertan. Motorrik ederrenen artean, inguruan, gainean, ondoan, frentean, airean.

Filmak badu oinarri eder bat, motorzaleen banden gaineko iruditeria osatzen lagundu duen  60ko hamarkadako argazki bilduma kategoriakoa. Erosten erraza da oraindik merkatu elektroniko plataformetan. Baina adi ibili, batzuetan mila dolar ere eskatuko dizkizuete trukean. Ez egin ez espanturik ez kasurik. Lortuko duzue besteetan 40 eurogatik… Inbertsioak, gastuak, merezi du, zinez dizuet, kromatuek, larruzko jakek eta zakutoek dir-dir zilarrezkoa egiten duten zuri-beltzezko argazkiak miresten badituzue, zinemak maitatzen irakatsi dizkigun lautadak eta kamino soilak begiko badituzue. Liburu altxorrak  pelikularen izenburu bera du, The Bikeriders, eta Kazetaritza Berria (New Journalism, alegia) mugimenduan kokatu izan duten Danny Lyonek egina da. Motorrak, zinema eta argazkigintza nola maite badituzu, Danny Lyonen liburuak burura zein erraietara ekarriko dizue New Journalism horren buru izan zen Hunter S. Thompsonen beste bat,  Hell's Angels: A Strange and Terrible Saga. Nik uste, ordea , azken hau Dannyrena baino askoz gordinagoa dela. Lyonenean baitago amodiorako, lilurarako, pasiorako, hausnarketarako lekua eta Thompsonenean, aldiz, ez.

Motorrak zein zinema beste gauza askoren gainean jartzen dituzuenok galdu ezin duzuen film Nicholsenak badu pare gutxiko soinu banda ikaragarria ere, irudiak eta kontakizuna are eta beteagoak egiten dituena. Motorren zarata eta burrunbaren artean, belarriak tente asko izanik, honako kantu hauei erreparatuko diezue: Gary U.S. Bondsen "New Orleans",  The Staple Singersen "Masters of Wars", The Shangri-Lasen "I´ll Never Learn", The Stoogesen Down of the Street"… Bai justu, garai haietako kontrakulturaren eredurik garbienak… edo zikinenak.

Soinu banda HORI erosterik al da? Nola ez? Edizio mugatu eta zenbatuan. Biniloan. Oraintxe bertan erosiko? Ez, pixka bat itxaron behar. Abuztua bukatu arte. Mutant Exclusive eta Black Loteren 140 gramoko edizio esklusibo hau urteko zortzigarren hilabetea bere akaberara iritsi orduko jarriko da salgai. 30 euroren truke.

Mereziko al du espero desesperatuan izatea? Motorrak zein zinema argazkiak rockabillya, bluesa eta rock & roll klasikoa nola maite badituzue, ezingo duzue bizi soinu banda hau gabe.

Azken erregu bat, The Bikeriders ikustera zoaztenean ez hartu, otoi, ez autobusik ez patineterik ez bizikletarik. Ez duzuela motorrik?  Zoazte ba oinez edo pick up batean baina ez tranbiaz edo trenez. Manerak eta estiloa gorde behar ditugu eta.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena