albisteak
Sinadura
Begoña del Teso
Zinemaren Historian eta Kondairan (Maiuskulaz) badira bi film non musikak eta zeluloideak, soinuak eta irudiak bat egiten duten gure begi aurrean, gure zentzumen guztiak piztuz, gure nerbio- bukaerak gori-gori jarriz, gure plazera kasik jasanezin bihurtuz, gure buru-oreka mehatxatuz.
80ko hamarkadarekiko nostalgiak eta min gazi-gozoak hartuak garen egunotan, urte horiek rhythm & blues eta funk musika sekulakoaz sakon markatu zituen (gintuen) pelikula itzuli da pantailetara, denboraren poderioz amataturik zuen distira oro eta erabatekoa berreskuraturik.
Zinemaren Historian eta Kondairan (Maiuskulaz) badira bi film non musikak eta zeluloideak, soinuak eta irudiak bat egiten duten gure begi aurrean, gure zentzumen guztiak piztuz, gure nerbio-bukaerak gori-gori jarriz, gure plazera kasik jasanezin bihurtuz, gure buru-oreka mehatxatuz. Bata Scorseseren The Last Waltz (1978) da. Bertan The Band taldeak San Franciscon eman zuen azken kontzertua dastatzen dugu, agertokian dauden goi mailako gonbidatuekin batera. Goi mailakoak? Baietz uste dut, hementxe duzu zeintzuk ziren han: Eric Clapton, Neil Diamond, Bob Dylan, Emmylou Harris, , Joni Mitchell, Van Morrison, Ringo Starr, Muddy Waters Neil Young,… Hasierako iruditik eta ohar batez, pelikulak mezu ezin argiagoa helarazten dio ikusle/ entzuleari: film hau ahalik eta soinu maila ozenkien aditu behar da…. Kaleratu diren klase handiko DVDetako bat eskuratzen baduzu, bete ezazu Scorsesek eta Killers of the Full Moon filmaren soinu banda sortu zuen Robbie Robertson musikari dohainez beteak duela horrenbeste urte botatako erregu hura.
The Last Waltzen maila berekoa da egun gure aretorik eleganteenetan (soinu ezin hobea duten horietan) den Stop Making Sense, 1984ean Talking Headsek Hollywooden emandako lau kontzertu biltzen duen film hilezina, The Silence of The Lambs zuzendu zuen Jonathan Demmek zuzendua.
Gurera bueltatu da ikus-entzumenezko altxor hori. Baina zaude, zeluloidea oso material zaurgarria da, ederki daki hori Scorsesek, horrexegatik ardura, kezka eta presentzia handia du aspaldikoak eta ez hain aspaldikoak diren zinema harribitxien bilaketa, berreskuratze prozesu eta errestaurazio kontu ugaritan…
Stop Making Sense ez zegoen baldintza oso txarretan baina, hala eta guztiz ere, urregintza (zeluloidegintza hobe ote?) lan ederra burutu dute salbatzaile-berreskuratzaileek. Bai irudiak txukuntzeko eta garbitzeko erantzukizuna bere egin dutenek bai soinuaz arduratu direnek. Filmaren argiak eta ilunak amestu/asmatu zituen Jordan Cronewethek hartutako erabaki arriskutsu guztiak itsutu egiten gaituzte orain, 40 pasa eta gero. Koloreak hor daude eta, zinez diotsut, musikarien begiak, ezpainak, mihiak eta hortzak ere ikusten dira hurbil plano miresgarrietan, kamerak hortxe-hortxe, gainean, aldean, ezkerrean, pega-pega eginda izan baitziren 1984 hartan eta gaur hantxe balira bezala zeure egiten duzu hurbiltasun horrek eraginiko eromen delizios hori.
Film honen bigarren etorrerak zaleak poztu eta bizi ditu, baina izan daitezke estreinakoz kontzertu filmatu horietara arrimatzen direnak ere. Haientzat (guretzat ere), hona hemen Stop Making Senseren play list osoa (kanta denak eskuragarri daude plataformetan):
Psycho Killer, Heaven, Thank You For Sending Me an Angel, Found a Job, Slippery People, Making Flippy Floppy, Burning Down The House, Life During Wartime, Swamp, What a Day That Was, This Must Be the Place, Once in a Lifetime, Genius of Love, Girlfriend is Better, Take Me to the River, Crosseyed and Painless.
16 kanta, bai. Urrezko zeluloidean filmaturiko 88 minututan. Utz dezagun zentzuzkoak izateari eta dagigun flippy floppy behingoz.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa