albisteak
Analisia
Felipe Etxebarria
Hungariak eta Txinak itun berri bat sinatu dute. Adituek diotenez, itun horren bidez Txinako segurtasun indarrek zaintza-lana egin ahal izango dute Hungarian, Europar Batasunaren barnean.
Iritzi publikoaren arreta ia erakarri gabe, zuhurtasunez, Hungariak eta Txinak itun berri bat sinatu dute. Adituek diotenez, itun horren bidez Txinako segurtasun indarrek zaintza-lana egin ahal izango dute Hungarian, Europar Batasunaren barnean. Bere herritarrak zelatatzeaz gain, Txinak bigarren helburu bat dauka: bere eragin eremua zabaltzea.
Bi herrialdeen arteko itun horrek "justizia eta segurtasun gaietan elkarlana" aurreikusten du. Joan den otsailean, Wang Xiaohong Txinako Segurtasun ministroa Viktor Orban Hungariako lehen ministroarekin eta Sandor Pinter Hungariako Barne ministroarekin bildu zen Budapesten. Txinako ministroak honakoa esan zuen: "Elkarlana sakondu nahi dugu, terrorismoaren eta krimen antolatuaren aurka borrokatzeko".
Iturri batzuen arabera, itun horrek Txinaren eta Serbiaren artean sinatutako akordioaren antza du, nahiz eta Serbia Europar Batasunaren barnean ez egon. Horren arabera, Txinako poliziek Serbiako hirietan patruilatu ahalko dute, turista txinatarrentzat ezagunenak diren tokietan.
Kritikoenen ustez, horrelako kontrolak Hungarian ere izango dira laster. "Inbertsioekin batera, txinatar asko Hungariara etorriko dira. Eta pertsona horiek zaindu egin ahalko ditu Txinak", Szabolcs Payi Txina eta Hungariaren arteko harremanetan adituaren esanetan.
Ez da sekretua Txinako Alderdi Komunistak munduan zehar bizi diren txinatarrak zelatatu nahi dituela. Safeguard Defenders giza eskubideen aldeko elkarteak 2022an salatu zuen Txinak legez kanpoko polizia-etxeen sare bat duela munduan zehar, atzerrian bizi diren txinatarrak zaindu, beldurtu eta, behar izanez gero, berriz ere Txinara eramateko. Munduan 100 komisaria baino gehiago aurkitu dituzte, horietariko batzuk Europar Batasunean, gehienak Italian. Italiak, hain zuzen, duela gutxi utzi du "Zetaren Bide Berria".
NATO eta EBko kidea izan arren, Hungariak harreman estua du Errusiarekin eta Txinarekin. Orain arte, harreman horiek ekonomikoak eta merkataritza arlokoak izan dira. Hori dela eta, Hungaria lehen herrialdea izan zen "Zetaren Bide Berrira" sartzen. Horrela, Pekinek inbertsio gehiago egin nahi ditu, munduan bere eragina handitzeko.
Egun, Txinak milaka milioiko proiektuak ditu Hungarian, besteak beste, trenbide linea berri bat eraikitzeko, automobil elektrikoak egiteko lantegi berri bat egiteko eta Shanghaiko Fudan Unibertsitate prestigiotsuak kanpus berri bat sortzeko. Udazkenean Pekinen antolatu zen "Zetaren Bide Berria" foroan parte hartu zuen EBko buruzagi bakarra Viktor Orban izan zen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa