albisteak
SINADURA
BEGOÑA DEL TESO
Deskalabro hutsak diren pelikuletako fotogrametan arakatuz gero, probetxuzko mila istorio, ezagubide eta miraririk aurkituko ditugu.
2024 hasi berri honetako estreinako galdera zeluloidezkoa, kasik filosofikoa, baliotsuak izan daitezke ezer gutxi balio duten filmak, ia denek zapuztutako horiek, Zinema Historiako liburuek jasoko ez dituztenak, Historiaren bazterretan geratuko direnak… nahiz eta agian, akaso, apika, batek daki, gero belaunaldiak joan, belaunaldiak etorri, norbaitek berreskuratuko eta kultuzkoak bilakatu derrepentean?
Ez naiz ari kritikari batzuek arbuiatu eta beste hainbatek sutsu defendaturiko pelikulez, eztabaidagarri suertatzen diren horiez. Ez. Zinez, bene-benetan eta serioz lardaskeria hutsez jardun nahi dut oraingoan. Giza ezaugarri bat da, gure geurea, hanka sartzea, porrot, kale, huts egitea. Ondorioz, maite maite ditugun zinemagileek ere badute ez bakarrik arriskua baizik eta eskubide osoa noizean behin falta egiteko.
Bale. Ados. Akort. Maite ditugunez, egindako akatsa, fotogrametako narrioa ez diegu kontuan hartuko. Etorriko dira garai eta pelikula hobeak, ez izan dudarik.
Baina hori ez da artikulu honen kezka. Ez naiz barkamenaz edo esperantzaz ari. Galdera nirea zera da, txar txarrak diren filmek ba al dute nola edo hala balio ezkutaturik? Nik uste baietz, horietako askok ezaguera anitzetarako bidean jartzen gaituzte. Egia ere, ezer gutxirako balio daitezkeen ezaguerak dira baina polita da gure burmuineko disko finkoan gordetzea; ezabatzeko garaia iritsi arte, bederen.
Adibide bat jarriko dizuet. Gutako saldo batek beti egin dugu Zeelanda Berriko Taika Waititi araudegabeko, estrabagant, nabarmen horren alde. Noiztik gara bere aldekoak? 2014tik, orain plataformetan duzuen What We Do in the Shadows hura deskubritu genuenetik. Bertan, etxea partekatzen duten banpiro lagun/etsaiarteko baten eguneroko eginbeharrak filmatzen dituzte ausart batzuek.
Urteetan zehar burutazio bitxiagorekin egin zigun bisita aretoetan bere burua 'Polinesiako judutza'z harten duen Taikak. Eta ez naiz horren arrakasta izugarria izan ziren Iparraldeko Thor Jainkoaren inguruan asmatu zituen bizpahiru pelikulez ari baizik eta Jojo Rabitt xelebre eta nabarmenaz. Han, Taikak Adolf Hitlerrena egiten zuen aktore, bai, baina aldi berean gidoia asmatu zuen (eta Oskarra bereganatu). Baita zuzendari gisa jardun ere. Zertaz zen, den, pelikula? Ez duzue sinistuko baina egia biribila esango dizuet, ba omen zen behin batean Hitler adoratzen zuen mutiko-koskortxo bat, egun batean, gerraren absurdoan murgildurik, amak, iraultzailea eta erresistentziakoa izateaz gain, neska judu bat etxean ezkutatzen duela deskubrituko duena. Deskubritu eta… maiteminduz. Jakina asko, mundua azpikoz gora jarriko zaio nazi txiki horri….
Esandakoa, Takiki bestek eztakotan dabilen gizakia (edo) dugu. Normala oso, noiz edo berriz pot egitea. Eta pot biribila, egundokoa suertatu da bere azkena, oraindik Hegoaldeko pantailetan den Next Goal Wins delakoa. Begi bistakoa da burua eta iparra galdu dituela Takikik. Baina burua galtzea eta burua makurtzea ez dira gauza bera, ez ahaztu, arren.
Desastre hutsa, bai. Deskalabroa ere bai. Puta-fandango esamoldea onartu izan dit Euskaltzaindiaren Orotarikoak pelikula hau azaltzeko baliabideen bila nenbilela.
Egiari zor, kontatzen duen pasadizoak Takikiarena baina ziento bat aldiz hobea den izen bereko dokumental baterako inspiraziorako beta eman zuen 2014ean, istorioa ez baitzen, benetan, gutxirako: 20001ean, Munduko Futbol Koparako sailkapenetan Australiak 31 gol sartu zizkioan Samoa amerikarreko taldeari, bertako jokalariek behin bakar batez lehiakideen atea aurkitu ez zutela. Harrezkeroko afan bat izan zuen soil soilik Samoa amerikarreko Federazioak: gol bat sartzea hurrengo edo hurrengoo edo hurrengo partida batean.
Nahiz eta istorioa hain erakargarria izan Waititi gureak ez du jakin nondik heldu eta izugarria izan da aberia zeluloidezko berea.
Hala ere, kontu eder pilarako ateak irekitzen ditu pelikula txar honek. Esaterako, ez esan bazenekitenik Samoa amerikarra izeneko lurra existitzen zenik. Samoa handia bai baina Estatu Batuetako lurralde zati bat den artxipelago horren berririk ba al zenuten? Polinesian da, txikia da eta futbolean ez omen dakite (momentuz).
Beste gauza bat, pentsatuko duzue, seguru, sekula izandako porrotik handiena izan zela 31-0 hura. Ba bai txapelketa ofizialetan. Ez ordea beste motako norgehiagokoetan. Vanuatu irletako taldeak 46 gol sartu zizkion Mikronesiako selekzioari 2006an!!!
Hirugarren ikasketa; Waititiren pelikula aldrebesak Samoa amerikarrakoek inolako kezkarik, ardurarik edo errezelorik gabe, antzinako tradizioari jarraiki, onartzen duten hirugarren genero delakoaz egiten digu berba eta gogoeta. Fa'afafine dute izena ez emakume ez gizon diren horiek. Eta ez ezazue pentsatu, arren, gure Mendebaldeko LGTBI+ koordenatuetan, sasi altuagoen gainetik eta laino ederragoen behetik egiten baitute hegan, dantzan eta bizi Fa'afafine horiek.
Ikusten? Deskalabro hutsak diren pelikuletako fotogrametan arakatuz gero, probetxuzko mila istorio, ezagubide eta miraririk aurkituko ditugu. Ezinbestekoa, hori bai, atrebitu eta libre izatea juzgetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa