12:48

albisteak

Sinadura

Zuen esku dago: edo Banpiroa edo Santiago Segura edo Winterreko Milady

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Ez dira Gabonak unerik egokiena maila altuko zinemarako. Ez, ez dut penaz esaten.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ez dira Gabonak unerik egokiena maila altuko zinemarako. Ez, ez dut penaz esaten. Izan ditugu urrezko momentuak urtean zehar. Orain, berriz, tropelean, arrapaladan, 2023 bukatu baino lehen, 2024a iritsi aurretik, Erregeak  etortzeko esperantza eta Magoak joaterakoan, bizitza arrunta bueltatuko den tristuraz, estreinatzen dira pasa diren beste hamaika hilabeteetan  pantailetan lekurik aurkitu ez duten filmak. Baita euririk gabeko zinema kobetan gozo-gozo ikusi eta gero errukirik gabe botatzeko modukoak diren  bihotzik, arimarik eta burmuinik gabeko irudi pilaketa desastrosoak ere. 

Bi adibide baino ez dizkizuet jarriko. Zertarako gehiago? Zertan penatu beharko  genuke egunotan? Batak bekatu larria egin du arranditsu jokatzen duelako nahiz eta harro izateko zio bakar bat eduki ez: L´ombra de Caravaggio. Besteak ere engainatu nahi gaitu, ziria sartu. Antza, izugarrizko ekoizpena da, irudizko efektuz gainezka egiten duena, urpeko eta urgaineko  izaki arraroekin pantailaren milimetro guzti-guztiak betetzen dituena. Bai, antza, film erraldoia da, gure etxe ondoko eta urrutiko areto guztiak hartu dituena. Bi ordu irauten du, eta ezer garrantzitsurik, ezer dibertigarririk,  kontatzen ez duenez, denbora duzu kontu bati erreparatzeko: aspaldiko pelikula merke haien moduan, 2018an eginiko lehenbiziko filmetik hor bazterrean utzitako zeluloide hondakinak berrerabili dituzte! Makarroi alaenak, Aquaman and The Lost Kingdom eskaintzen diguten horiek!

Beraz, ezer onik ez denez etxetik kanpo, bila dezagun aterpe sutondoan. Hor, horrenbestek arbuiatzen duten Netflix  plataforman, bada galdu proposamenik. Mintzatu gara luzeago, zuek hala nahi izanez gero, datorren urtean. Orain abisua, erne izateko deia baino ez  dizuet egingo: 2023ko azken-aurreko aste honetan, proposamen horretako  musikaz luzatuko dizuet berba.

Pablo Larrain txiletarraren El Conde duzue nire eskaintza beroa. Ez dut hitzik aurkitzen azaltzeko, definitzeko. Zer ote? Fabula tristatu bat, parabola arrarora? Dakigun eta ez dakigun oro zalantzan, kolokan, jarriko duen burla metafisikoa? 

No, El Club, Spencer, Jackie, Ema, Post Morten maisulan ikaragarriak filmatu eta gero, Larrainek inoiz baino urrutiago jo du, muga guztiak gaindituz. Oraingoan, herioaren itzalek hartua dirudien zuri-beltzezko kontakizun batean, mendeetan zehar  iraultza denen kontra bortizki jardun duen banpiro bihurtzen du…. Augusto Pinochet diktadore krudela!  Banpiro klasikoak nola, hilezina izateaz neke-neke  da eginda. Aldean duen lagun bakarra (banpiroek horrelakorik badute ere) nor eta… Margaret Thatcher! (zinez, zin degizuet).

Hasiera izugarria du, eta gerta liteke gero pixkatxo bat ahulduz joatea, baina ez du inporta, hain baita brutala, paregabea hasieran jasotzen duzun zirrara. Hezurretan, begietan, neuronetan.

Eta esandakoa, adi musikari. Filmaren abiapuntuan, egunotan sarri entzungo dugun Johan Straussek sorturiko Radetzky Matxa aditzen da. Segituan datorrenak, ostera  neurrik ez duen ustekabean harrapatuko zaituzte. Derrepentean, Sting dugu kantari. Baina oso kantu harrigarrian; opera baten aria ematen du… opera baten aria baita. Stingek Cold Song abesten du, eta Kanta Hotz hori Henry Purcellek 1691ean konposaturiko King Arthur operan agertzen da. Benetan, hotzak besarkatuko zaitu. Bai antzokian zaudela, bai zure etxe barruko pantailaren bozgorailuetatik entzun orduko, hezur-muineraino sartuko zaizu. Oraingoan ere, herioa. Oraingoan ere, bizitzaren negua. Oraingoan ere,  jaurti bat denboran. Aroak zeharkatu izan ditu musika honek banpiro baten orro bihurtu arte. Irakur ezazue letra (adore nahikoa baduzue, bederen):   Zenbaterainokoa ote zure ahalmena? Elurra eternalaren sakontasunetik atera nauzu eta. Ez duzu ikusten zaharregia naizela, ezin dudala ezta mugitu ere…? Utz nazazu hotzez hil…

Bai badakit, ez du ematen Gabonetarako ez pelikularik ez musikarik aproposena. Tira, zuek aukeratu edo El Conde edo… Santiago Segura Bizarzurirena egiten La Navidad en sus manos-en. Ez al da erdiko biderik? Bai, Lapurdin bazarete, Hiru Mosketarien bigarrena ikusteko parada duzue. Eta honetan, Milady Winterrekoa da protagonista nagusia, Hori erregalua, hori!

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena