albisteak
IRUZKINA
Felipe Etxebarria
Ekialde Hurbileko auzia antzina hasi zen, erromatarren garaian juduak Palestinatik bota zituztenean.
Ekialde Hurbileko auzia antzina hasi zen, erromatarren garaian juduak Palestinatik bota zituztenean. Orduan, Europan eta Afrika iparraldean zehar sakabanatu ziren. Aldi berean, juduen presentzia txiki bat izan zen Erdi Aroan Palestinan. XIX. mendearen erdialdetik, antisemitismoaren, pogromoen eta, azkenik, Holokaustoaren ondorioz, juduen artean euren arbasoen lurraldean estatu propioa sortzeko ideia zabalduz joan zen.
Mugimendu sionista
Mugimendu honek bultzatu egin zuen lurrak erosteko asmoa garai hartan britainiarren esku zegoen Palestinan (Israel, Gaza eta Zisjordania, gaur egun). Gero eta judu gehiagok emigratu zuten orduan arabiarrez beteta zeuden lurraldeetara. Horrek bi herrialdeen arteko gatazka sortu zuen. Lehen Mundu Gerran, lurraldea bi taldeei emango ziela agindu zien britainiarrek, gerran laguntzearen truke.
1947: Nazio Batuen zatiketa plana
Erresuma Batuak estatu judua sortzeko asmoa babesten zuen, baina palestinarrak kontra zeuden. Gatazkak behartuta, Erresuma Batuak Nazio Batuen esku utzi zuen lurralde horren gaineko agintea.
1947ko azaroaren 29an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 181. ebazpena onartu zuen, lurralde hori bi estatutan banatzea ezartzen zuena: estatu israeldar bat eta estatu palestinar bat. Zatiketa horren bidez, lurren % 60 Israeli eman zizkioten, eta % 40, Palestinari, palestinarrak gehiago izan arren. Herrialde arabiarrek eta palestinarrek ez zuten onartu plan hori.
1948-1949: Ekialde Hurbileko lehen gerra
1948ko maiatzaren 14an, juduek Israelgo Estatua aldarrikatu zuten. Siriak, Jordaniak, Egiptok, Irakek eta Saudi Arabiak tropak bidali zituzten berehala bertara, estatu sortu berriaren kontra. Arabiarren eta israeldarren arteko lehen gerra hasi zen. Horren ondorioz, mugak mugitu ziren, eta 1949an su-etena sinatu zenean, Israelek lurrak irabazi zituen.
Egiptok Gaza irabazi zuen, eta Jordaniak, Zisjordania, baina lurralde horietan ez zen inoiz palestinar estaturik sortu. 700.000 palestinarrek ondoko herrialdeetara ihes egin behar izan zuten: Gazako Zerrendara eta Zisjordaniara. Gerra hori eta palestinarren kanporatzea "Nakbar" izenaz ezagutzen dute (hondamendi esan nahi du arabiarrez); hebreeraz, Israelgo Independentziaren gerra izenarekin.
1967ko ekaina: Sei Eguneko gerra
Prebentziozko eraso batean, Israelek Egiptoko aire-base bat suntsitu zuen. Jordania eta Siria ere sartu ziren gerran. Egun gutxitan, Israelek Gaza eta Sinai (Egipto), Golango gainak (Siria), Zisjordania eta Ekialdeko Jerusalem eskuratu zituen.
1973ko urria: Yom Kippur gerra
1973ko urriaren 6an, juduen jaiegun nagusian, Egiptoko eta Siriako tropek bi frontetan eraso zioten Israeli, ezustean. Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren presiopean amaitu zen gerra, 1973ko urriaren 26an, bi aldeek Nazio Batuen 338. ebazpena sinatu zutenean. Israelek galdutako lurrak berreskuratu zituen, eta herrialde arabiarrek Israelgo Estatua aitortu behar izan zuten.
1978: Camp Davideko Itunak
Jimmy Carter presidentearen bitartekaritzapean, Egiptok eta Israelek harremanak normalizatzea erabaki zuten, oraindik indarrean dauden akordioak sinatuta. Gaza eta Zisjordaniako auzi zailak, ordea, akordio horietatik kanpo utzi zituzten.
1987-1993: Lehen intifada
Intifada deitzen da Israelen aurka palestinarrek egindako altxamendua. Lehen intifada ustekabeko istripu batekin hasi zen: Israelgo kamioi batek lau palestinar hil zituen. Horrek palestinarren amorrua piztu zuen; izan ere, Sei Eguneko gerraz geroztik palestinarren haserrea handituz joan zen.
Lehen intifadan agertu ziren lehen aldiz Hamasek sinatutako panfletoak. 1988an, Hussein Jordaniako erregeak Palestinako Askatzeko Erakundeari eman zion Zisjordania, baina Israelek okupatzen jarraitu zuen.
1993-1995: Osloko bake prozesua
Norvegiak lehen intifadari amaiera emateko prozesua bultzatu zuen. Bi gai korapilatsu aztertu zituzten bertan : errefuxiatu palestinarren etorkizuna eta Jerusalem hiriaren estatusa. Biek eragin zuten prozesuaren porrota. Egiptok eta Jordaniak uko egin zieten euren lurralde palestinarrei, eta Palestinar Aginte Nazionala sortu zen lurralde palestinar apur batzuk administratzeko.
2000-2005: bigarren intifada
Bakea berriro urratu zen, bi aldeen indarkeriaren ondorioz. Israelek gero eta gehiago itxi zituen lurralde okupatuak, eta horrek areagotu egin zuen bertako bizilagunen pobrezia. Garai horretan, ugaritu egin ziren Israelgo eremuan izandako atentatu suizidak.
2005ean, Israelgo armada Gazatik irten zen, eta, horrekin batera, juduen 21 asentamenduak desegin ziren. Kolono judu horiek Zisjordaniara bidaltzea egotzi zioten agintari palestinarrek Israeli.
2007: Hamasek boterea bereganatu zuen Gazan
Ideologia islamista duen eta Israelgo Estatua izateko eskubidea ukatzen duen Hamas taldeak eskuratu zuen boterea Gazan. Zisjordania, berriz, Al Fatah ideologia sozialista-laikoa duen taldearen agintepean dago.
Orain arte bakea lortzeko egin diren ahalegin guztiek porrot egin dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa