albisteak
Sinadura
Begoña del Teso
Zuzendariak sartzen dira auzo marjinaletan eta harridurak (baita zirrarak ere) jotako kamera batekin filmatzen dute han dagoena (edo bertakoek, ironiaz, horiengandik ezer probetxuzkorik lortuko ez dutela jakinik, uzten dietena). Pentsatuz salaketa sekulakoa izango dela euren zine puska.
Aurreko artikuluan amua bota nizuen. Egokia da eta zuzena zuek jan ez izana, ohartu ez izana, iskin egin izana, ahaztu izana edo arretarik eman ez izana. Nik, zuen baimenaz, nireari helduko diot baina eta bide batez, bitartean, zinemajaleok erabiltzen dugun hizkuntza/hizkera berezi, bitxi eta xelebrearen berri emango.
Alde batetik, Exploitation hitza edo esamoldea dugu. Bere elkartu-eratorri guztiekin. Batzuek ezinezkoak dirudite, bai, baina existitu, existitzen dira. Ez hiztegi arauemailetan, jakina. Bai ordea zinejale muturrekook darabilgun argotean, slang-ean, hitzen mordoiloan.
Hala izanik, hor nonbait aurkituko dituzue jarraian doazkizuen bost duroko edo zentimo bakarreko hitzen antzeko batzuk: Blaxploitation, Bikerploitation, Bruceploitation, Jawsploitation, Sexploitation, Eco-terrroreploitation, Kanibalploitation…
Baina zer demontretan, zer arraiotan ari naiz? Zin degizute serio ari natzaizuela. Merke baina serio. Hitz horiek badira zeluloidearen muturretan gustu handiz gabiltzanen arteko jargoian.
Kontua edo azalpen aldrebes baten beharrean nauzue, bai; hauxe duzue erdipurdikorik: hasieran bada kalitate handiko, ertaineko edo dexenteko pelikula bat: The Wild One, esaterako. Bertan, Marlon Brandok 1953ko Triumph Thunderbird motorra gidatzen zuen. Arrakasta handiko filma. Kultuzko bihurtu zena. Ba handik sortu ziren sosa gutxiz eta maiz jenio urriz egindako film merke-merkeak, motorrez gainezka. Hiriburuetako mugetan ziren auzoetako areto miserableetan baino beste inon kabidarik izango ez zuten gasolinaz elikaturiko filmak ziren…. biker(motor)xploitation generokoak.
Gauza bera, Spielberrgen Jawsek (Hegoaldekoentzako Tiburón-ek) sorrarazi zituen marrazoz beteriko jawsploitation film andanarekin.
Historian zehar gizaki zuriek antzezturiko edo filmaturiko beldurrezko izakiek hartu zituzten, derrepentean, 60ko eta 70ko hamarkadetan, gizaki beltzen ezaugarri fisiko eta psikikoak. Hartu zuten larruazalaren kolore beltza eta beltzenak ziren hirietako eremuetan ibiltzen hasi. Baziren banpiro beltzak, baziren detektibe beltzak, baziren… Eta Black Draculak edo Shaft bezalako pelikulek ireki zuten Blaxploitation xenda.
Ez izan dudarik baina harritu zaitezte, pelikula horiek ia guztiak ikurrak bilakatu dira segun eta zeinentzako. Kultuzko bandera erabiltzen dugu hain baikara arraroak zinejaleok.
Beste hitz edo esamolde ez normatiborik nahi? Hona hemen: Torture Porn/Porno Tortura. Ez, ez naiz zinema gore-az ari. Harago, oso haratago noa. Gore zinemaren mugetatik at dagoen beldurraren inguruan, nazkaren gainean nabil orain, sufrimenduaren harira tiraka.
Gore generotik (badakizue, gorpuzkiak non-nahi eta odola litroka) sortutako mikrogenerora gatoz orain. Bertan, nahiz eta horrelakorik sekula onartu ez, bai zinemagileak bai ikusleek pertsonaiei egindako torturez, ankerkeriez gozatu egiten dute (dugu, duzue, barka). Adibiderik nahi? James Wanek zuzendu edo ekoitzitako Saw hamar horiek.
Baina kontatutako horrek guztiak zer ikusia ote du artikulu honen izenburuarekin? Aitzinsolas izateaz gain, handia. Existitzen baita muturreko zinema kanibalak garenon artean Poverty Porn deitutako zeluloide mota. Bertan, bai egileek bai ikusleriak plazera jasotzen dute gizartearen behe, behe, beheko mailan bizirauten dutenen miseriak plazaratzen eta begiratzen.
Inork ez du plazer hori aitortuko. Baina bada, hitza ematen dizuet. Zuzendariak sartzen dira auzo marjinaletan eta harridurak (baita zirrarak ere) jotako kamera batekin filmatzen dute han dagoena (edo bertakoek, ironiaz, horiengandik ezer probetxuzkorik lortuko ez dutela jakinik, uzten dietena). Etxera edo zinema eskolara bueltatuko dira. Aparretan, esnetan. Pentsatuz salaketa sekulakoa izango dela euren zine puska. Zinemaldiek programatzen dute eta beluzko besaulkietan dagoen ikusleak txalo jotzen du, braboka hasiz. Hor duzue ba Poverty Porn/Pobreziaren pornoa.
Inoiz baino zabalkuntza handiagoa duen generoa. Askotan fantastikoa ematen duena zeren eta sortzaileek auzo eta hiri basamortu horietan aurkitutako testurak, entzundako ahozko kultura altxorrez eta zorigaiztokoen solidaritate harrigarria aipatzen baitituzte aho betez, aho batez, ozen.
Azkenaurreko adibiderik? Cannesen eta Donostiako Zinemaldian aurkezturiko Guillermo Garcia Lopezen Aunque es de noche 16 minutuko laburra, Madrilgo Cañada Realen sartzen dena. Bertan, Europako kokaleku legez kanpokorik handiena den horretan, bertakoak benetan dira bertakoak duela hiru belaunaldi finkatu baitziren hantxe eta hala moduan (gehien bat gizarte ahaldun gureak behar duen guztiarekiko txikizkako salerosketan), bizirauten. Aspaldi zaharretik.
Poverty Porn/Pobreziaren Pornoa. Asko eta asko hasi dira erreibindikatzen barrutik, bertatik, bertakoek, tokikoek baino beste inork ez duela ez modurik ez, agian, eskubiderik barruko hori, bertako hori filmatzeko. Eta asko ari dira erreklamatzen kamerak bertakoei ematea, uztea. Kopetaraino baitaude giza paisaia horietan zinema kameradun bisitariekin.
Egin dezatela hortxe bizi direnek, adibidez, Santiago Zannouk, El Languiren konpliziateaz burutu zuen El truco del manco (Filmin plataforman duzue dastagai) antzeko zerbait. Pan Bendito auzoari bertatik eskainitako amodiozko kanta amorratu eta mingotsa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa