11:51

albisteak

Sinadura

Gaiteroak, zeluloidezko akerraren larrean

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Gaita-jotzaileak Donostiako hondartzen parean? Bai, zin egiten dizuet. Existitzen ez bada ere denok ezagutzen dugun herri batean kokaturiko "Bizkarsoro" film ausarta, elegantea, tristeziaz betea baina atzoko pasadizo malerusak biharko egunetara salto egiteko probesten dituena, lagundu nahi zuten.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ederki jakingo du zuetako makina batek gaur, irailak 28, azken-hirugarren eguna duela Donostiako zinema akelarreak. Eta azken-aurrekoa Biarritzekoak. Dudarik gabe, sumatuko duzue hamaika, ziento bat, mila filmek egin dutela dir-dir, dar-dar, bor-bor, danba, porrot, pirritx, kale, ihes, hanka, bide pantailetan barna, zehar, kontra.

Ez ahaztu, ordea, negozioak burutu direla ere terrazetan eta mundu osoko erakundeek antolaturiko aperitifa eta kokteletan.

Akorda zaitezte (ez ahazteko modukoa baita) iparraldetik etorri direla autobus pare bat dultzaineroz  eta gaiteroz gainezka. ¿???!!! Gaita-jotzaileak Donostiako hondartzen eta hareharrizko jauregien parean? Bai, zin egiten dizuet. Existitzen ez bada ere denok ezagutzen dugun herri batean kokaturiko Bizkarsoro film ausarta, elegantea,  tristeziaz betea baina atzoko pasadizo malerusak biharko egunetara salto egiteko probesten dituena, lagundu nahi zuten. Aspaldiko koplak dioenez lez,

kantatutzera nua bistan ikusia
alegratzeko triste dagoen guzia
.

Josu Martinezena da Bizkarsoro. Berea ere  ostiralean pantaila setiatu ostean pantaila beteko duen bere beste lan bat, Mirande, film baterako zirriborroa. Oraingoan, ez dultzainarik ez gaitarik. Oraingoan 

Jauregi hotzean

aitoren-alhabak

nigar dagi.

 

Goizetik joana da

zalduna gurudat

—noiz dathorke?

 

Mendietan elhur,

haizeak urduri,

zeru goibel...

 

Egunen luzea

bakhar-bakharrikan

othoitzetan!...

 

Elhurte zurian

zeinbat odol-istil,

odol urdin...

 

Nasaiki jan dute

hilbeltzeko zakhur

gosetuek.

 

Nafar jauregian

andere gazte bat

beltzez jantzi

Bertsoak  idatzi zituen idazlearen itzal hilezina, pantailan eta harago.

Gaitarik, soinu txikirik ere ez. Oraingoan,  aldamenetako etxeetako askok, gure herriko askok, beren burua euskara eta euskal senaren zaindaritzat zuten askok, arbuiaturiko, bazterturiko poetaren bi iloba  edade handikoak hartuko ditugu zinema jauregietan. Ez dakite euskaraz eta ez diote asko erreparatu Jon Mirande Ayphasorho osabari Euskal Herrian izan ohi zioten errespetu gutxiari. Ezta egun diogun mirari. Ederki dakite, ostera, arraro samarra zela Haur besoetakoa izkiriatu zuen senide hura. Euskaraz gaindi, frantsesa, gaztelania,  ingelesa, kornubiera, latina, greziera, bretoia zein beste hainbeste hizkuntza erdi galdu eta ederretan mintzatzen, leitzen zen gauza. Paganoa, antzinako jainkoak miresten zituen.

Garai haietan (kasik oraingoetan nola) mundua mende zuen morala birrintzeko prest agertzen  zen beti. Are gehiago, moralkeria horrek  euskalduna izatea zertan datzan erabaki nahi bazuen.

Egun haietako (gaurkoaren han antzekoak, maiz) ortodoxia politikoak  eta hizkuntzaren ingurukoak onartzen ez zuten ideologia baten baino gehiagoren alde agertzen zen sarri, maiz. Zergatik? Alde batetik,  sinetsita zegoelako. Beste alde batetik eta askotan, bazuelako beti grina eta irrika berezia. Frantsesez bada esamolderik ondo baino hobeto adierazten duena Miranderen gogo hura. Épater le bourgeois (burgesak, zor ta lor, ahoa bete hortz eta arima dar-dar uztea, hots).

Gustuko zuen, bai, hain eroso bizi ohi diren betikoak izutzea. Hitzez eta ideologikoki, nahiz eta gogo horren ondorioa latza izan, eta ordaindu beharreko prezioa altu-altua: barruko  eta kanpoko deserrirantz eraman zuten bere muturreko aldarrikapenek.

Horri guztiari ematen dio errepaso zirriborro baino zerbait handiagoa, finolatuagoa, sakonagoa den ostiralean Hegoaldeko zinema gazteluetan ikusterik izango den filma. Ironia ez zaio falta eta soberan du sarkasmo findua. Baita ikerketa guztiei ohi darien usain misteriotsua…

Bai. Bukatu hurren dira bi zinemaldiak, Hegoaldean zein Iparraldean ere. Alta, Bidasoaren bi aldeetan luzez jotzen dute amairik gabeko eztabaidek.  Esateko, inoiz baino fuerteago, ozenago entzuten den eskaera basa bat: emaiezue kamera, kamerarik ez duten horiei, ea zer motako zinema sortzen duten.

Donostiako zein Miarritzeko akerraren  larretarako gonbita jaso dugunok kopetaraino gaude poltsa bete sosa eta azken teknologiaz hornituriko kamera lepoan harturik mundua eraldatzeko, pobrezia uxatzeko eta beharretan diren horien berri emateko zinema eskola luxuzkoetan ikasten duten mila bat kreaturekin.

Mugetan eta amildegiaren ertzean aise eta eroso gabiltzan saldo batek zera pentsatzen dugu: dirudunak intentzio onetan sartzen dira beren leinuari ez dagokien eremuetan eta harridurak jota, intentzio oneko pelikulak egin.

Pelikula horiek erdi faltsuak direlakoan gaude gu, kamera itzali bezain pronto erotasun handiz beteak diren etxeetara, akademietara, zinema estudioetara bueltatzen baitira.

Iritsi da eguna, batzuok hala pentsatzen dugu behintzat, kamerarik ez duenari kamera emateko. Ea nola eta zertarako darabilen.

Baina horretaz, luze behar dugu hausnartu. Eta orain ez dago denborarik  Gaiteroak eta Miranderen ilobak hortik datoz.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena