19:01

albisteak

Sinadura

Reganen ondorekoak gurean dira

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Regan, beldur zale guztiok oraindik ere ikaratzen gaituen dontzeila. Orain urteak, orain hamarkadak, ezagutu genuen, bai; halaz guztiz, oraindik ere dar-dar egiten dute gure barrenek  izen hori entzutean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ez bazarete beldur zaleok edo beldurrari beldurra baldin badiozue, ez duzue Regan izena aditua izango. Ez duzue jakingo ere Regan adierako neskarik existitu izan zenik.

Ez baduzue inoiz akerraren larrean zaudetela ametsik egin ezin asmatu ama aktore zuenik. Ezin ulertu zergatik bere gelan zegoen apaizak leihotik kalera salto egin zuen. Ezin entenditu gutako askorentzat Reganek Reagan presidenteak baino garrantzi handiago duenik gure ilunabar aldeko iruditerian. Nahiz eta gutako makina batek Reagan, Ronald Reagan izen-abizena entzun orduko Taxi Driver-eko Jodie Fosterren amodioa lortzearren aktore izandako agintaria akatu nahi izan zuen hiltzailearekin akordatzen bagara ere.

Argituko dizuet kontua gutakoak ez zaretenoi. Regan The Exorcist filmaren protagonista da, Deabruak hartua den neskatila, ilar-purea botatzen duena, burua 360 gradu biratzen duena, mundu honetako eta ez honetako hizkuntza guztietan biraoka hasten dena, bere amari gauza zikinak esaten dizkiona, barruan daraman etsaia kanporatu nahi duten apaizen buruan sartzen dena eta hor zokoraturik dauden mixeria eta bihozmin oro azaleratzen dituena; estreinatu eta geroko birmoldatu zirenen beste bertsioetan zegoen eszena batean, gorputza azpikoz gora duela eskaileretan behera doana, giza armiarma balitz moduan…

Hori da Regan, beldur zale guztiok oraindik ere ikaratzen gaituen dontzeila. Orain urteak, orain hamarkadak, ezagutu genuen, bai; halaz guztiz, oraindik ere dar-dar egiten dute gure barrenek  izen hori entzutean.

The Exorcist estreinatu zenetik, hamaika, ziento bat, mila izu-film agertu izan dira gure etxe ondoko, urrutiko eta barruko pantailetan eta konta/zenbatu ezinak maleruski baina aldi berean gozoki egin ditugun amets gaiztoak. Alabaina, gure mahuma horietan guztietan zerbait sumatzen genuen faltan. Azken zarrada, behin betikoa izango zena,  aterpera bueltatzeko betarik, paradarik emango ez ziguna.

Urteak pasa ziren. Mila bat film izuzko dastatu genuen. Asko oso onak suertatu, gertatu, izan ziren baina batek ere ez zigun eskaini espero genuen azken dardarizo hori, bueltarik izango ez zuena. Zain geundela, The Exorcist filmatu zuen William Friedkin zendu zen. Negar askorik ez genuen egin jakin bagenekielako Akerrak hartu zuela, maite-maite, infernuaren atarian. Guk, berriz, zain geunden, izu infinitua noiz antzemango. Berriro ere. The Exorcist eta geroko hura, behin betikoa…

Esperantzarik ez genuela, hara non pasa asteburuan Australiako Danny eta Michel Philippou anaiek buruturiko Talk to me agertu zen gure aretoetan. Segituan ohartu ginen hortxe zela desiraturiko gure amaierako dardara. Gure lurraldeetako karteldegietan ez dago antzekorik. Talk to me gaitzak, gaixotasunak eta ezontsak da hartua. Bertan harrapaturik daudenek ezin dute/dugu ihes egin. Ez ezin ez nahi ere.

Bertan, gazte batzuk  ezagutzen ez ditugun dimentsioetan dauden auskalo zein motako izaki/ez izakiekin hasten dira jolasean. Perilki jolasean. Urrundu nahi dutenerako berandu da. Beranduegi. Horrela kontatuta, ohiko izu zeluloidea irudituko zaizue, bai. Gaitzak ederki daki horrela pentsatuko duzuela. Eta, justu, zuen, geure (etxe)kalteberatasunaz balioko da joaten ez uzteko. Eta badakizue zer? Ba… infekzioa hain fuertea eta eztitsua izanda, zabaltzen hasi baino lehen berandu izango dela. Harrapaturik zaudete. Betiereko. Salbaziorik ez da, baina ez du axolarik, azkena izango den dardarizoa hezurretan antzematen baituzue. Izan zaitezte zorionekoak. Badira 50 urte Deabruak Regan hartu zuela. Badira egun batzuk gu hartu gaituela.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena