10:40

albisteak

Sinadura

Kezkatzeari uzten eta bonba maitatzen ikasi nuen nik, Amodio Arraro Doktorea

Begoña del Teso

Begoña del Teso

"Oppenheimer" ikusteko indarrak hartzen ditugun bitartean, errepaso txikia emango al diegu bonba atomikoa gai, inspirazio, abiapuntu, iturri, ardatz izan duten hainbat pelikulari?

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Esan eta idatzi, zera esan eta idatzi dute denek (hemen sakon miresten dugun Master Gardener-en autoreak, Paul Schraderrek, barne), The Dark Night eta Dunkirk filmen egilea dugun Christopher Nolanen Oppenheimer 24 urte ere ez duen XXI. mende honetako pelikularik onena da. Are, orain arte zinemaz genekien, sentitzen, geure egina genuen guztia azpikoz gora jarriko duen (digun) artelan infinitua da, gure baitan hartu ezinezkoa.

Asteazkenean estreinatu zen Iparraldeko aretoetan. Ostegunean, berriz, Hegoaldekoetan. Nik uste, ezin da, ezin dugu Oppenheimer ikustera joan asteburuko estreinaldi korriente, arrunta, ohikoa balitz bezala. Erabaki sendoa izan behar  du gure aldetik. Ez, ezin da Oppenheimer jartzen duten areto horietako batean sartu kanpoan sargori egiten duelako eta zineman fresko-fresko izango garelako. Ezin da Bonba Atomikoaren sortzailearen potret ilunabarrekoa egiten duen 3 orduko pelikula dentso, lodi hori aukeratu igandeetako arratsak triste samarrak direlako, uda giroan bagara ere. Ez. Diotena egia bada, pelikula hau zinemaz uste genuen oro eta gure zeluloidezko sinesmenak suntsitzera baldin badator, amildegitik behera jauzi egiteko tenorean joan beharko dugu zinera. 

Indarrak hartzen ditugun bitartean, errepaso txikia emango al diegu bonba atomikoa, bere leherketak  barreiatu zuen erradiazio hilgarria, zabaldu zuen beldur gaindiezina, sorrarazi zituen munstroak, eragin zuen lilura (ederra baita askotan herioa… Izan ere, onddo erradioaktiboa hain zen erakargarri eta deigarria ezen Hiroshima eta Nagasakiko biztanle mila hil baitziren munduak lehenbizikoz ikusten zuen horri begira) gai, inspirazio, abiapuntu, iturri, ardatz izan duten hainbat pelikulari?

Artikulu honetarako, kasu, Stanley Kubricki berari lapurtu diogu bere film maltzur haren izenburua. Gogoan? Hegoaldean estreinatu orduko, ¿Telefono rojo?, volamos hacia Moscú jarri zioten. Iparraldean jatorrizkoari eutsi zioten, berriz: Docteur Folamour ou : comment j'ai appris à ne plus m'en faire et à aimer la bombe. Ingelesez, honela da, Kubrickek berak eta gidoigileek  asmatua: Dr. Strangelove or: How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb. Alemanez, portzierto, burutik sano ez zegoen  zientzialari protagonistaren izena askoz zorrotzago  ematen du: Merkwürdigliebe.

Seguru berarekin akordatzen zaretela, iragan hurbilean naziekin eta nazientzako kontent asko lan egina da; elbarriturik, badu  bere kasa mugitzen den esku ortopedikoa, joera nahiko desegokia  duena, altxatu egiten da  momentuero, Hitlerren aurrean balitz bezala. Baina ez, ez gaude III. Reichean, baizik eta Pentagonoan, Gerra Hotzaren garaian eta Strangelove Doktorea bada Estatu Batuetako presidentearen aholkularia. Berak ederki daki SESBen eta AEBen arteko lehian kontu bakar bat jo daitekeela ziurtzat: Elkarrekiko suntsipena… Nuklearra, jakina.

1963koa zen Kubricken filma. Askoz lehenago (1959an, hots) filmatu zuen Alain Resnaisek Hiroshima, mon amour, Marguerite Durasen kontakizuna abiapuntu gazi harturik. Bai paperean bai pantailan, bada Denborak ezabatuko ez duen esaldi bat, gerraostean Japonian den neska frantziarrari bere amorante japoniarrak behin eta  berriro diona, Tu n' as rien vu à Hiroshima / zuk ez duzu ezer ikusi Hiroshiman

Openheimerrek asmatzen lagundu zuen bonbak eraginiko izua nabaria da zientzia-fikziozko fantasiaren zenbait klasikotan.

Esaterako, 1957ko The Incredible Shrinking Man (Txikiagotzen den Gizon Harrigarria, edo). Bertan, auskalo nondik datorren, auskalo zerezkoa den laino izugarriak biltzen du, istant batez  itsaso zabalean bere txaluparekin den gizon bat . Lurrera bueltatu orduko, sumatuko du gero eta txikiagoa, gero eta txikiagoa, gero eta txikiagoa dela…

Egun zaleek miresten dituzten Japoniako munstro ia guztiak (Godzillatik hasita, jakina) ihes erradioaktibo baten ondorioak dira. Ia denak. Ia. Denak.

Munduak indar nuklearrari zion/dion beldurra sekula ez zen, ez da amaitu(ko). Ez ahaztu Txernobyleko hondamendiaren inguruko telesail ikaragarri hura, gogoan izan Fukushimako terroreak bertakoengan utzi zuen aztarna sendaezina  ezagutzeko, Nobuhiro Suwaren Kaze no Denwa (Haizearen Telefonoa) duzuela alokagai Filmin plataforman.

Bai, Oppenheimer ikusiko dugu. Baitezpadako erabakia. Ondo pentsatua, ondo hausnartua. Bitartean, sarean ikusgai den Imamuraren  Kuroi ame (Euri beltza) ikus ezazue (min emango dizuela jakitun izan…). 1970koa den film honek bonba lehertu ostean, egunetan zehar ia-ia bustitzen ez zuen euri beltza aritu zuela kontatzen du, apaindurarik gabeko zuri beltz gordinean. Hilgarria zen euri hura. Ez, ez zinen momentuan hiltzen, baizik eta pixkanaka, egunez egun, hilabetez hilabete, urtez urte…

Gogoan izan ere, aretora arrimatu orduko, Robert Oppenheimerri Prometeo amerikanoa deitzen ziotela. Ederto dakizue zuek nola zigortu zuten jainkoek gizakioi sua erregalatu zigun heroi malapartatu hura.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena