17:07

albisteak

Sinadura

Erdipurdiko filmen balio ezin ukatuzkoa

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Axola barik programaturiko pelikula hutsal batean ere altxorrik bila dezakezu… ausart nahikoa bazara.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Maiz estreinatzen dira gurean antza baliorik gabekoak diren filmak. Sarri inori interesatzen zaizkiola ematen du. Inori ez. Ez erosi dituzten banatzaileei, ez beren aretoetan txoko txiki-txiki-txiki batean usteltzen uzten dituzten  programatzaileei. Ezta kasurik egingo ez diegun balizko ikusleei ere.

Askotan, zer pentsatu handiagoa ematen du egoera horrek, eta zure buruari galdetzen diozu, harridura osoz, egin zutenek ere ilusioz, gogoz eta diru/sarrera leihatila konkistatzeko anbizio zilegiz asmatu eta burutu zuten eta ez, ematen duen legez, ganoragabe, axola gutxiz, jende fin askoren lana kasik mespretxatuz.

Baina ez pentsa, balio urrikoak diruditen filmetan ere bada zer aurkitu, zer gozatu, zertan hartu axola. Hori bai, ausarta izan behar, presto izan behar. Hautu zehatza egin behar. Film horietan ez baituzu bilatuko Indiana Jonesik, ezta  ezinezkoak izan arren heroiek bete egiten dituzten misio horietakorik. Are, hemen ez da izango goi mailako eztabaidarik eragingo duen zeluloidezko erronkarik.

Alta, ausardiaz jokatuz gero,  zin degizut saririk, golardorik, jasoko duzula.

Adibiderik nahi? Ba, jar dezagun The Portable Door/La puerta mágica. Klase handiko sortzaile makina batek  egina da. Ekoizpen lanetan, Jim Hensonen ondorengoak. Ez ahaztu Jim Henson maisu handia txotxongilolari markaz kanpokoa izan zela, The Muppets-en asmatzailea, David Bowierentzat Labyrinth hartako kreaturak eta ezkutuko pasabide guztiak irudikatu zituena….

Ez, gainbegirada batez, ez zirudien The Portable Door/La puerta mágica horrek huskeria izan behar zuenik. Maite eta errespetu handia diegun aktorez gainezka zen aktoreen zerrenda, hala nola Christophe Waltz eta Sam Neill. Kamera atzean, berriz, gure gogoko-gogokoa den Modern Family telesailean trebatu zen Jeffrey Walker australiarra. Pelikularen estiloari buruz, zer esango dizut? Bada, Harry Potter bera baino lehenago existitzen ziren fantasiazko  kontakizunetan behin baino gehiagotan aurkitu izan ditugun manerak daudela pantailan. Gehi hain ero, hain ganberro, hain azti moduan jokatzen dakien Terry Gilliamen hainbat filmetan inspiraturiko uneak. Terry Gilliam? Bai,  Monty Python kuadrillakoa, Brianen bizitza-ren gidoia idatzi zuena, Brazil atrebentzia haren zuzendaria….

Majo ematen zuen, paper gainean pelikulak. Paperean, bai.  Pantailan, berriz, ez hanka, ez buru, ez buztan, ez bihotz ezin genion aurkitu. Bilatzen gogor saiatu arren, gutako askori Britainia Handia fantasiazko lurraldetzat jotzen baitugu. Lewis Carrollen garaietatik gaurko eta biharko egunetaraino.

Alta, goian esandakoa, idatzitakoari helduko diot: gure esfortzuak ordaina izan zuen, ordain gozoa. Inor gutxik erreparatu ez zion pelikula honi erreparatzegatik,  Tom Holt  idazlearen berri izan genuen. Eta berri baliotsua izan zen, zinez.

Tomen lanak ez dira ez euskarara ez frantsesera ez espainolera ekarriak; beraz, ingelesez irakurri behar. Baina ingelesez jakinez gero, ez galdu aukera egundokoak baitira, pelikularen  iturri eta oinarria izan zen The Portable Door barne. Pena da: gidoia idatzi zuenak eta filma sortu zutenek ez zuten asmatu liburuari darion ironia nagikoa zineman islatzen.

Baina  guk jasotako saria ez zen bakarrik Tom Holten liburua, baizik eta Tom Holt bera. Gizakume berezia. Bitxia. Xelebrea. Ingeles makina bat izan ohi diren, diren eta izango diren bezain eszentriko eta harrigarria. Aipaturiko Lewis Carrollem, Tolkienen, Edith Sitwell eta Sir Arthur Conan Doyleren enbor eta tribu berekoa.

Frogarik nahi? Londresen jaioa, Oxforden ikasi zuen. Hizkuntzak Ingeniaritza? Filosofia? Arte Ederrak?  Arkitektura? Ez. Antzinako Greziaren laborantza eta billar jokoaren artea!  Gero zuzendaritzari ekin zion eta, bukatu orduko, benetan dizut, hildakoen eskubideetan espezializatu zen. Normalagoak diren zerga kontuetan ere, 1995erako hori guztia bertan behera utzi zuen eta idazteari ekin zion. Hamaika liburu ditu, ziento bat artikulu. Umorez gainezka. Umore maltzurrez gainezka. Izugarria da Tom. Margaret Thatcheren inguruko biografia ere idatzi zuen eta, diotenez, Margaretek berak algara bizian irakurri…

Ikusten? Axola barik programaturiko pelikula hutsal batean ere altxorrik bila dezakezu… ausart nahikoa bazara.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena