13:19

albisteak

Analisia

Wagner ez da Errusiako mertzenario talde bakarra

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Errusiako 40 konpainia militar pribatu inguru ari dira parte hartzen Ukrainako gerran, boteretsuena hori izan bada ere. Uztailaren 1era arteko epea dute Defentsa Ministerioarekin kontratua sinatu eta bere agindupean jartzeko.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aspalditik ukatu bada ere, Errusiako 40 bat konpania militar pribatu ari dira parte hartzen Ukrainako gerran. Wagner izan da nagusiena eta boteretsuena, baina ez da talde bakarra izan. Nortzuk dira besteak?

Sergei Shogu Errusiako defentsa ministroak orain lortu du beti nahi izan duena: kontrol handiagoa Ukrainan borrokan ari diren Errusiako mertzenario taldeengan. Uste denez, horrelako 40 bat talde daude bertan. Uztailaren 1era arteko epea dute Defentsa Ministerioarekin kontratua sinatu eta bere agindupean jartzeko. Sergei Shogu  defentsa ministroak ultimatuma ezarri zien mertzenario talde horiei ekainaren hasieran. Horien artean boteretsuena, Wagner taldea, Jevgueni Prigozhin buru duelarik. Matxinada ahaleginak porrot egin ondoren, astelehenean emandako mezuan berriz justifikatu zuen urrats hura, Wagner taldea sakabanatzeko militarrak egiten ari diren ahaleginean.

Oraindik ez dago argi Errusiako Defentsa Ministerioaren aginduak nolako ondorioak izango dituen Ukrainako gerran. Horietako mertzenario talde batzuk armada errusiarraren agintepean jarri dira dagoeneko; hori da Patriot taldearen kasua. Ukrainako gerran ari den talde honek defentsa ministroarenganako hurbiltasuna erakutsi zuen abenduan, baina badira Wagner taldearekin are hurbiltasun handiagoa dutenak. Taldeok eremu gris batean ari dira mugitzen. Beren eraketa zigortuta dago Errusian. Horregatik, askok atzerrian dute egoitza. Mota guztietako lanak onartzen dituzte diruaren truke. Enpresek beren ondasunak babesteko erabiltzen dituzte, gerra eremuetan, batez ere.

Mertzenario talde hauek Errusian legezkoak ez diren arren, Wagnerren kasuan 2022an erregistratu zen enpresa moduan, nahiz eta, bere buruzagiak esan duenez, taldea 2014an sortu zen. Ukrainako gerra aurretik 5.000 mertzenario zituela uste da; gerora, kopurua igo egin da. Prigozhin buruzagiak matxinada ahaleginaren ondoren esan zuenez, 25.000 soldadu zituen bere agindupean.

Orain agertuko den arazoa da zer gertatuko ote den uztailaren batetik aurrera Errusiako Defentsa Ministerioaren agintepean jartzen ez diren mertzenarioekin.

Zenbait adituren ustez, Gehart Mangott kasu, askok ez dute agindu hori jarraituko eta ez dira Errusiako armadaren agindupean jarriko. Beraz, horiekin zer egin izango da Kremlinen arazoa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena