16:55

albisteak

Sinadura

AA! Generator,  ezkatak, robotak… AA!

Begoña del Teso

Begoña del Teso

+ Rain jaialdia Bartzelonan? Bai, Europan egiten den lehenbiziko zinema bilera non pelikulak Adimen Artifizialak e(ra)ginak diren.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bartzelonan bildu ziren. Montjuicen zein Pompeu I Fabra Unibertsitatean. Bildu ziren zinemagileak, komikigileak. Bildu ziren filosofoak eta zibernetikan zein informatikan adituak. Arrimatu ziren Big/Meta Dataren sekretu ia guztiak menderatzen/gobernatzen dituztenak.

Bildu ziren harridurak eta lilurak  hartutako ikusleak. Bildu ziren hizkuntzalariak eta zinema kritikariak. Bildu ziren ekoizleak eta zinema banatzaileak. Bildu ziren filmen kalitatea epaitzen duten jujeak ere.

Bildu ziren Bartzelonan, Primavera Sound musika jaialdia bukatu berri eta Sonar musika festibala hastear zirela. Bildu ziren artean alkaterik ez zuen hiriburuan. Bildu ziren bertako rockero amorratu batzuk Gasteizerako bidean zirela, hantxe  baitzuten juntazioa, hantxe izango baitzen Azkena Rock jaialdia.

Bildu ziren aipatu guztiak eta gehiago eta +Rain festibalari ekin zioten.

+ Rain???  Bai, Europan egiten den lehenbiziko zinema bilera non pelikulak Adimen Artifizialak e(ra)ginak diren; Europako lehena eta munduko bigarrena, duela gutxi izan baita +Rain New Yorkekoa.

+RAIN… Research (on) Artificial  Intelligence Narratibak… Adimen Artifizialaren Narratiben inguruko Ikerketa

Dena da aztergai Adimen Artifizialaren Multibertsoan. Eta ia dena aztertu zen hitzaldi, mintzaldi, mintegi eta pantaila Bartzelonakoetan. Dena, hiztegia bera. Ez baita (omen) egokia sortu hitza erabiltzea. AAk ez baitu (oraindik) ezer sortzen  eragin/generatu/ garatu baizik.

Pelikulak izan ziren. Eskutada polita, izan ere. Eta film horiek eskura, begietara dituzue +Rain-en babeslea den Filmin plataforman.

Adi ibili, datorren astelehenean (hilaren 26an) desagertuko dira zuen etxe barruko pantaila horietatik, baina bitartean, hor dira. Prezio onean, euro bat baino pixka bat gutxiago irudiaren eta soinuaren kontzeptu bera aldatuko duen teknologiak eraginiko/generaturiko/garaturiko  filmak/pelikulak (auskalo zein izen erabili beharko dugun hemendik aurrera) ikusteagatik.

9 film. Gehi izan ziren eztabaida guztien filmaketa. 9 film. Haien artean, jakina, saritutakoak.

Sari nagusia: Of Youth, Leivaren, Viva Sueciaren, Dvicio & Tabureteren, Diego Martin & Leireren bideoklipak sortu izan dituen Fran Gasek eginda.

Orihuelan jaiotako ofizio handiko eta ibilbide luzeko  autore gazte honek musika esperimentalaren munduan ere dihardu. Hala, Of Youth horretako soinu bandan aurrera eramaten ari den Lavenzza egitasmoaren entsegu bat da.

Momentuz, gaur arte bederen, pantailaratuko diren Adimen Artifizialak generaturiko pelikula guztiek badituzte erro sakonak ohiko, usadiozko  zineman. Franek egindakoak, kasu, Jack Arnolden  Creature of Black Lagoon  edo Guillermo del Tororen La forma del agua dakarzkigu burura, begietara, bihotzera bertan baitira urpetan bizi omen diren izaki ezkatatsuak, gure amets/amesgaiztoko munstro maitatu horiek…

Hala ere, izuzko zinemaz harago doa Of Youth; gizakiok zeharkatzen ditugun edade guztien gaineko hausnarketa bilakatzen da lau minutuko kontakizun hau. Zuri-beltzean filmatua. Garratza da, mindua da.

Ikustean, erreparatu bukaerako tituluei bertan ematen delako erabilitako AAren tresneria guztiaren berri.

Titulu horiei begira, zera ikasiko dugu,  aditutako ahots kasik apokaliptikoa "Play.Hi-AI" entzumenenezko lanabesaren bitartez garatu da. Ikasi,  Stable Diffusion eta Midjourney ikasketa automatikoen erreminta bi direla,  labur honen irudiak generatu/garatu/eragin izan dituztenak ere.

Kredituetan zera ere aurkituko dugu, estreinako +Rain jaialdiaren sari nagusia eskuratu zuen filmaren irudiak Stable Diffusion eta Midjourney horiek non bilatu dituzten: Pexels, Pixabay eta archive.org hondorik gabeko artxiboetan, hain zuzen ere.

Milioika, milioika, milioika irudi eta bideo daude bertan….  Copyright-ez libre? Hala diote, baina hortxe, AAren munduan oraindik erantzunik ez duen galdera mila horietako bat aurkituko duzue, egiletzaren auzi ezinbestekoa, alegia

Hor duzue, zuen etxe barruko pantailetan, multibertso berri baten atarian sortzen diren  duda guztiak, ilusio guztiak, beldur guztiak. Ikasteko, ikusteko, dastatzeko asko duzue astelehen arte. Prezio onean, 0,95 film eta mintzadi bakoitzeko. Kreditu tituluak, barne.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena