16:51

albisteak

Sinadura

Obszenitatea ikusi izan dut nik, eta, zinez, hau ez da obszenitatea

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Nire hautuaren zioa hobeto sakon ulertuko duzue Paul Schraderren "Master Gardener" ikusterakoan eta jatorrizko bertsioan entzuterakoan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bai, badakit. Euskaraz bada hitz sorta kasik amaigabea erdarazko Obscenity/Obscenidad/Obscénité /Obscenus itzuli ahal izateko. Baina, zera gertatzen zait, hain erakargarria, hain blue velvet-belusatu urdinezko testura probokatzailea sumatzen diodan lizunkeria hitzari aspaldian ezarri zioten bekatu kutsua ez dut batere gogoko.

Niretzat lizun hitzak badu (izan beharko luke, nik uste) amildegiaren ertzera hurbiltzen gaituzten desira guztien gustu tentagarria. Eta tentazioa eta pekatua ez dira gauza bera. 

Niretzat, ahoskatu orduko, lizun hitzak badu letraz letra eraginiko erotismo puntu bat, irristakorra, hezea, desiragarria…

Badakit beste hitz batzuk daudela euskaraz latinezko ob caenum (zaborretik) datorren adiera azaltzeko: likiskeria, gordinkeria, haragikeria, zantarkeria, limurkeria. Alta, 'keria' atzizki madarikatuak moralezko, erlijiozko pulpituetatik (baita politika eta gizartearen prediku-aulkietatik ere)  aldarrikaturiko zigor betierekoaz tindatzen du ezkutuan gorde eta gozatu beharreko testura atsegin bat, likitsa den horren gustuarena, hain zuzen ere.

Beraz, inporta ez bazaizue, Obszenitatea erabiliko dut testu honetan, Paul Schraderren Master Gardener ikusterakoan eta jatorrizko bertsioan entzuterakoan nire hautuaren zioa hobeto eta sakon ulertuko duzuelakoan.

Ezinegon, desosegu plazent bat eragiten duen film honetan adituko duzue gure lerroburuko esaldia.  Bien arteko harreman estrainioa, inongo moralek onartuko ez duena, osatu dute Joel  Edgertonek eta Sigourney Weaverrek antzezturiko pertsonaiek.

Zer ezkutatu franko  duen gizona barruko eta kanpoko  berrerosketa prozesu isil eta mingarrian da. Lorezain hartu du igualik, parekorik, berdinik ez duen sekulako etxe baten eta batean andre eta jabe den etorki, leinu argiko Norma Havervillek. Lorezain, zerbitzari leial, baita gigolo ere.

Esklabo sexuala esan nahi ote dudan? Ez. Ez dut uste. Bere bete beharreko beste eginkizun bat, lasai asko asumiturik. Narvel Roth pertsonaiaren eginbehar hori inoiz ez dugu oso era esplizituan antzematen. Andreak Narvel gonbidatzen du afaltzera jangela ederrean; kafearen ondoren zera dio, lagun nazazu ohera. Besterik ez. Baina bai biek bai guk ederki ulertzen dugu gonbitaren esanahi osoa.

Belaunaldiz belaunaldi familiarena izan den etxetzarrera neska gazte bat iritsiko da. Nor? Gizartearen justu beste muturrean bizi izan den bat, andre txit gorenaren ahizparen alabaren kumea. Ez dio Señorak inolako kariñorik. Ez du gustuko bere azal kolorea ere. 'Odol-nahasia' dela dio, letra guztiak azpimarratuz. Baina familia, beti familia  eta ob caenum (zaborretik) salbatu beharrekoak badira askazi guztietan…

Ez dizuet gehiago kontatuko. Ez dizuet azalduko kontakizunean zelako garrantzi handia duen Estatu Batuetako famatuenen artean famatuena den jardinak. Ez dizkizuet gogoraraziko pelikuletako beste lorategi hainbat, hala nola, Peter Greenawayen The Draughtsman's Contract- ekoa edo Clint Eastwooden Midnight in the Garden of Good and Evil-eko hura, baina ziur naiz bat eta bestearekin akordatuko zaretela Taxi Driver filmaren gidoia idatzi zen Schraderren azkena dastatzean, hirurek badute eta lore askori darien usain hordigarri bera.

Ez dizuet aipatu gaua. Ezta tatuajeak  edo pistolak ere. Baina ezinbestekoak dira pelikula honetan. Entzungo duzue bertan gure lerroburuko  esaldia. Jeloskor da Andre Gorena eta lorezainari esaten dio neska etorri berriarekin hasitako erlazioa obszenoa dela. Dagoeneko, Narvelen erantzuna badakizue: Obszenitatea ikusi izan dut nik eta zinez, hau ez da obszenitatea.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena