albisteak
Analisia
Felipe Etxebarria
Kievek, ordea, azken asteotan eskala handiko erasoa iragartzen egon arren, ez du baieztatu borroka operaziorik aurrera eraman duenik.
Gerra komunikazioaren arloan ere egiten ari dira. Errusiak dio "eraso handia" gaitzetsi duela Donbasseko lurraldean, baina Kievek, azken asteotan eskala handiko erasoa iragartzen egon arren, ez du baieztatu borroka operaziorik aurrera eraman duenik.
"Ekainaren 4ko goizean, etsaiak eraso handi bat jarri du martxan fronteko bost sektore ezberdinetan, Donetsk lurraldeko hegoaldean" esan du Errusiako Defentsa ministerioak ohar batean, borrokaren toki zehatzik aipatu gabe. "Etsaiak ez du bere helburua lortu. Porrot egin du" dio oharrak, eta bideo bat ere erakutsi du, errusiarrek suntsitutako tanke ukrainarrak airetik ikusten direlarik. Errusiako Defentsa ministerioaren arabera, armada ukrainarrak eraso hori sei mekanizazio batailoiren bitartez burutu du.
Kiev, isilik
Ukrainako agintariek ez dute borroka horiei buruz inongo aipamenik egin. Kievek hilabeteak daramatza Errusiako indarren auka kontraeraso handi bat iragartzen. Igande honetan kaleratutako bideo batean, Ukrainako armadak isilik egoteko deia egin die bere soldaduei, eta esan du ez duela erasoaldi horren iragarpenik egingo.
Moskuk iragarritako eraso ukrainar horrez gain, borrokak izan dira Belgorod lurralde errusiarrean Ukrainako mugatik hurbil, kasu honetan armada errusiarra eta Ukrainaren aldeko talde errusiarren artean, bertako gobernadorearen arabera.
"Sabotatzaile taldeak"
"Errusiarentzat Askatasuna Legioa" delako Ukrainaren aldeko talde errusiar horietako batek azaldu duenez, preso errusiarrak entregatu dizkio Ukrainari. Lehen aldia da errusiar arduradun batek Errusiako lurretan preso errusiarrak harrapatu izana onartzen duela.
Armada errusiarrak aldarrikatu duenez, "ukrainarrez osatutako sabotatzaile taldea" atzera bota du, muga zeharkatzen saiatzen ari zirela. Maiatzean, ukrainarren aldeko tropak Belgoroden sartu zirenean, Moskuk bonbardaketak egin behar izan zituen bere lurraldean.
Muga zeharkatzea euren gain hartu zuten Kremlinen aurkako talde nazionalistek. Horrez gain, Ukrainak muga ondoko herriak gogor bonbardatu ditu, milaka herritar ihes egitera behartuz, baina ez ditu sekula eraso horiek bere gain hartu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa