12:37

albisteak

Sinadura

Shooot theeee book; filmaaa ezazu liburuaaa

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Shoot The Book bilkuran, topaketan, paperezko eta zeluloidezko akelarrean, kongresuan, istorioak, ipuinak, nobelak  zinemaratzeko eskubideak negoziatzen dira. Serio demonio

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Zuek, irakurle eleaniztun horiek, ederki asko ulertzen duzue goiko esamolde ingelesezkoan den hitz joko maltzurra. Shoot-ek esanahi bikoa du. Edo hirukoitza. Laukoa ere. Boskoitza? Dudarik ez izan. Begira…

Shoot-ek tiro egin adierazten du. Shoot-ek kantitate gutxiko eta eragin handiko trago azkar bat islatzen du. Shoot-ek futbolean, jaurtiketa azaltzen du. Droga 'txutea' shoot-etik dator.

Shoot!!!! Diote ingelesa ama hizkuntza duten (edo lingua franca moduan darabilten) zinema zuzendariek filmatzeko agindua ematerakoan. Shoot!!! Acción!!! On filme!!! Ekin!!!!

Shoot  ez da,  inolaz ere, bakarrik Tiro! Txut! Txute. Baita Filmatu ere. Tiro egin, pelikula egin…. Kontu bera, akaso?

Sarrera luze hau… zertara dator ordea? Ba, egia esan,  zera kontatu nahi dizuedalako: aurtengo Cannes Zinemaldiaren barrenetan, Merkatuaren iskin, txoko, bazter luxuzko batean, Shoot The Book izeneko ekimenak 10 urte bete zituen maiatzaren 18an, zinema festa 76garrena hasi berri zela.

Zer ote Shoot The Book/Liburua filmatu? Negozio eta arte kontu, afera, istorioa. Bi egunetan zehar, munduko argitaletxe askotako ordezkariak munduko ekoiztetxeetako ordezkariekin biltzen dira. Batzuek kaleratu dituzten nobedadeak (apaletan hautsez estaltzen hasitako beste hainbat ere bai…) mahaigaineratzen dituzte. Besteak, euren konpainiaren hurrengo pelikularako inspirazio, abiapuntu, ardatz, iturri izan daitekeen kontakizun baten bila dabiltza.

Bai, Shoot The Book bilkuran, topaketan, paperezko eta zeluloidezko akelarrean, kongresuan, istorioak, ipuinak, nobelak  zinemaratzeko eskubideak negoziatzen dira. Serio demonio. Idazleen aholkularien aurrean, finantza gizon-emakumeak hor direla, etorri handikoak izan arren, derrepentean zeri heldu gabe geratu diren kamera sortzaileen agenteak hor daudela.

Jakina, Shoot The Film-era arrimatzen direnak ez dira planeta honetako ez editorerik aberatsenak, indartsuenak ez zinema ekoizlerik  sekulakoenak. Horiek badituzte kontaktuak eta kontratuak egiteko, sinatzeko beste bide eta moduak. Hala ere, negozio kopuru politak burutzen dira Liburua Filmatu delakoaren egoitzan.

Nolakoa prozedura? Ekoizleek lan baten gaineko erosketa-aukera sinatzen dute argitaletxearekin. Akordioaren arabera, 12 edo 18 hilabeteko iraupena  izan dezake adostutako horrek.

Egin nahi duten pelikularako dirulaguntzak, sostenguak, bermeak,  kide kapitalistak bilatzen hasiko dira zinema mundukoak. Ez da finantzaketa denbora motzean lortzen den kontua. Horrexegatik, erosketa-aukera hori berritu daiteke, dezakete. Printzipioz. Behin bakarrik. Gerorapenak ez du luze iraungo. Eskubideak pagatzeko sosak ez badituzte, bertan behera utziko da hitzarmena eta eskubide horiek libre geratuko dira, eskaintza hobea egin dezakeen baten esperoan..

Dirua garaiz lortuz gero, benetako kontratua sinatuko da. Zenbatekoak dira gutxi gorabeherako salneurriak?  Ezin konparatzekoak, ezin zifra zehatzak eskuratu, jakina, baina esan dezagun merkeenak 4.000 eurokoak direla eta aurtengo eskubide garestienak 400.000etan kotizatu direla

Zer motako istorioak eskaini eta eskatu dira eskubideen azoka Cannesekoan? Baietz asmatu: beltzak, poliziakoak, beldurrezkoak. Nobela historikoak ere izan dira enkante bitxi hauetan baina ez baduzu dirua soberan,  beldurra emango dizute horiek, zinema bilakatzerakoan, girotze lanak izugarriak eta garestiak oso izango baitira. Komikiak ere ondo saldu dira aurten. Alta, Estatu Batuetako ekoizleen eta Europako editoreen artean dagoen arrakala begi bistan geratu da askotan. Hangoek nork, nor, non, noiz eta zergatik jakin nahi dute. Beti. Beraz, hemengoek kostata saldu dituzte komiki eta nobela grafiko poetikoak…

Bideo-jokoetarako materiala ere saldu da. Bideo-jokoek, dagoeneko, beren leku, esparru, eremu, erresuma propio eta berezkoa baitute irudi merkatu guztietan. Adibiderik nahi? Kantitate majo-majoa pagatu zuten iaz Arte Francek eta La Poule Noire ekoiztetxeak Boris Vianek  1948an, Vernon Sullivan izengoitia erabiliz, idatzitako Et on tuera tou les affreux  kontakizun kriminal ikaragarriaren truke. Atzo bertan izan zen jada prest, jokagai, kontsola guztietako pantailetan.

Shoot The Book/Liburua Filmatu merkatua ez da bakarrik Cannesen irekitzen. Angoulemeko animaziozkoan, Lyongo zinema beltzarenean, Los Angelesesen eta Bombayen ere irekitzen dituzte urtero negoziorako ateak.

Bitartean, eta  gibel solas moduan zera diotsuet: aurtengo Canneseko pelikularik garrantzitsuenetariko batek nobela ezinbesteko bat izan du inspirazio: John Glazerren The Zone of Interest noiz estreinatuko zain zaudetela, irakur ezazue Martin Amisen  The Zone of Interest. Lerro hauek bukatu orduko, zoazte erostera. Izan ere , gure etxe ondoko liburu-denda korrientetan ale pare bat baino ez da geratzen…

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena