15:43

albisteak

Sinadura

Etorkizun handiko jendaiaren iragan ilun samarra

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Guk bagenekien "Sisu" ez zela sortua mokofinak asetzeko baizik eta behin baino gehiagotan zabor-jan gauzetan kutiziak aurkitzen ditugunen plazererako.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gure etxe ondoko zinema ez hain korrienteetako bazterretan bada esan eta pentsamendu oneko jendeak, portaera finolatu duen horrek, sekula ikusiko ez duen film bat: Sisu.

Gerta liteke, bai, gure amirazio eta kariño osoa duten moko fin horiek hasiera batean, lehenengo begi- kolpean, baiezkoa ematea Finlandiatik  datorren pelikula horri. Azken finean, Europako Iparraldean egiten den zinemari estimu handia diogu, azken finean Finlandiakoaren kasuan, beti sentitu gara  egun Portugalen mahastiak dituen Aki Kaurismakiren konplize handiak. Igual Donostiako Parte Zaharreko taberna guztiak itxi eta geroko bere aitzurren eta bestondoen testigu pribilegiatuak izan garelako…

Bai, gerta liteke azaleko begirada batez, intelektual makina batek Sisu ikusi behar zutela pentsatu izana. Izan ere, orain horren modan dauden beste hizkuntzetara itzulezinak diren  hitz horietako bat aukeratu zuen zuzendariak izenburu: 'Sisu'-k esan nahi omen du (gutxiiii-goraaaa-beheeeera edo) esperantza guztiak pikutara joan direnean aurrera jarraitzeko zureganatzen duzun indar kasik  infernuzkoa. Hizkuntza-jolasak maite dituzten horiek seguru ziren ba, hasiera batean,  pelikula hori ikusi behar zuten,  jatorrizko bertsioan entzunda, jakina asko…

Filmaren  lehendabiziko  minutu eta irudietan, esnetan ziren zinemaz orojakile horiek (sakon miresten ditugunak, ez pentsatu gaizki, ez txarto hartu). Argazki zuzendariak dokumental etnografiko serioetan ikusi ohi ditugun koloreak, argi-ñabardurak eta kamera mugimendu luze, geldo, preziosistak elegante eta galant gobernatzen zituen, mugarik gabea zirudien pantaila zabal eta luzean. Agertzen zen gizaki bakarrak  aspaldiko jainkoek eta demonioek sortutako jentila ematen zuen.  Lur bakartian zen, gerrak birrindutako lautada okre-gorri berdailean, txakur bat eta mendiko zaldi pertxeroi antzekoaren konpainia isolatuan…..

Bai, goi mailako zinema jakintsuek pentsatu zuten Sisu  Robert Flahertyren Man of Aran fama, ospe, ohore handiko dokumentalaren bezalako zeluloide puska izango zela.

Ez omen zioten erreparatu kontu txiki bati: non jaso zituen Sisu-k eskuraturiko hamaika sari horiek? Ez zinema antropologiko jasangarriaren jaialdi batean. Ez hizkuntzalari eta itzultzaileen kongresu batean. Ez. Donostiako Beldurrezko Astearen eta Bilboko FANT-en anaia zaharra den Sitgeseko Fantastikoan. 

Xehetasun hori nahitaezkoa zen, da, Sisu gustatuko zaizuen ala ez asmatu ahal izateko. Ez tronpatu sasiletradun askok egin zuten moduan. Sisu-k Stalloneren Acorralado, Tarantinoren denak, John Wick guztiak, komikigintza oro, Hanna&Barbera ekoiztetxearen marrazki bizidun basatienak eta aspaldiko auzoetako aretoetan, programazio bikoitzean pantailaratzen ziren hala moduzko pelikulak ditu inspirazio, eredu eta xede. Eta gutako milak opari hartu genuen proposamena. Guk bagenekielako Sisu ez zela sortua mokofinak asetzeko baizik eta behin baino gehiagotan zabor-jan gauzetan kutiziak aurkitzen ditugunen plazererako.

Ulertzekoa da , hala ere,  intelektualen sustoa (jatorrizko bertsioarekin ere ezin zuten gozatu, ez baita suomieraz, alemanez eta errusieraz mintzatua, ingelesez baizik. Ingelesez?! Bai, nazioarteko lau haizetara errazago zabaldu asmotan….). Beraiek ez baitzekiten guk aspalditik genekiena. Jalmari Helander zuzendari laponiarra eta bere anaia Juuso Donostian izan ziren 2010ean. Beldurrezko Astean, Rare Export : A Christmas Tale beren lehengo barrabaskeria aurkezten. Eta hitza ematen dizuegu, Aki Kaurismäkik baino askoz alkohol gehiago edaten eta jasaten dute. Eta Kaurismakirena baino askoz luzeago irauten die biharamunak.

Kontatu guztiaren inguruan hausnartu ondoren, zuena da erabakia. Nirea, beti, Sisu-ren aldekoa izango da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena