albisteak
Sinadura
Begoña del Teso
Joko eta jolas maltzur batentzako gonbita luzatzen dizuet: konparazioetan hastea.
Hil honen azken egunean estreinatuko da gure etxe ondoko eta urrutiko pantailetan Tin&Tina filma.
Aurten, Gizon Ikusezina pertsonaia nagusi, aitzakia egundoko eta ikur izango duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak (Fant, lagunen eta zaleen artean) hil honen 23an (urteetan zehar itsu eta mugitu ezinik errezotan jardun zuen Himalaiako Santa Rebekaren eguna den ostegun udaberriko honetan) erregalu ikaragarria egin digu Rubin Steinen film luze lehena aurre estreinatu baitu, baitigu.
Ezagutu beharreko zinema izakia dugu paper ofizialetan Rubén Morales izena duen sortzaile beldurgarri hau. Plataformetan dituzue bere bi film labur estrainio eta dardarazleak. Alde batetik, 2 ordu irauten duen Tin&Tina honen abiapuntua izan zen 12 minutuko Tin&Tina, 2013n zuri-beltzean filmatua. 500 zinema jaialdi korritu izan ditu, bai, munduan zeharreko bidaia honetan 100 sari lortuz. Bestetik, Bilboko FANT 2019koan Epaimahaiaren Saria jaso zuen 15 minutuko Bailaora, are horrore handikoagoa, hezurretaraino sartzen zaizuen flamenko ilun/hilgarri baten doinuz betetako proposamen gerra kontrakoa.
Beharbada ustekabean harrapatuko zaituzte horren harirako notiziyak, baina zin dagizuet maite ditugun pelikula luze hainbatek pelikula labur hainbat dutela abiapuntu. Hala nola, ezagutzen ez baduzue oraintxe bertan alokatu beharko zenuketen Australiako Jennifer Kenten The Babadookek. The Exorcist-en autorea den William Friedkinen esanetan, ikusi duen filmik ikaragarriena. Bertan, ipuin liburu batetik sortzen da izua. Ba pelikula honek Monster izenburuko labur batetik etorri zitzaigun ilunabar batean.
Kontu bera Guillermo del Torok babesturiko Andy Muschiettiren Mamá-rekin. Bere oinarri eta tranpolina izen bereko laburrean aurkituko dituzue. Eta bietan lehergarri, Modigliani pintorearen kuadro ilunpeko bat.
As Bestas sortu zuten Sorogoyenek eta Isabel Peña gidoigileak bide bera zapaldu zuten Madre luzea burutu ahal izateko; askoz trinkoagoa, askoz konpaktuagoa, askoz dentsoagoa zen izen bereko laburra hartu zuten ardatz.
Jende makina batek maitaturiko Damien Chazelleren Whiplash hark , jazz bateria jotzaile haren istorio gaziak, inor gutxik kontuan edo estimuan harturiko Whiplash laburrean du oinarri (nahi izanez gero, YouTuben duzue, debalde ikusgai…)
Joko eta jolas maltzur batentzako gonbita luzatzen dizuet: konparazioetan hastea. Sartu, hartu, alokatu, partekatu hemen agertzen diren zinema puska batzuk eta alderatu. Zinema eskola polita. Plazer ezkutua. Antzemango duzue zer hartu duten batetik bestera jauzi egiterakoan. Zer galdu, zer irabazi. Ohartuko zarete, akaso, libertate handiagoarekin jokatzen dutela motzean ez baitago auskalo zenbat pantailatan estreinatu beharrik, zenbat ekoizle eta inbertitzaile konbentzitu urgentziarik. Badira sortzailearen erabaki propioak ere. Jakina, asko.
Bi Tin &Tina horietan zeharo ezberdinak dira, kasu, testurak. Laburrean kristalezkoak dirudite kasik. Luzean, nabarrak, lakarrak ditugu arras, eta oso agerikoa da garai-kokapena: 80ko hamarkadan gaude. Espainian. Izan ere, testura horiek horren guztiaren berri zehatza ematen digute.
Egizue joko…
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa