14:46

albisteak

Sinadura

Loisek begiak ixteko eskatu zion Berlingo jendeari

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Seguru Lois Patiño galiziarraren mundu irudizkoak eta Radu Jude errumaniarrarenak ez dutela inoiz bat egin. Are gehiago, sekula ez dute egingo. Baina biak daude egunotan aingeru eroriek ere maite duten hirian

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Seguru Lois Patiño galiziarraren mundu irudizkoak eta Radu Jude errumaniarrarenak ez dutela inoiz bat egin. Are gehiago, sekula ez dute egingo. Ez multibertsoan ez urrutiko galaxietan. Baina biak daude egunotan aingeru eroriek ere maite duten hirian. Biak dira bide eta izan berriak urratzen, bilatzen, asmatzen ari den Berlinale Zinemaldiaren gonbidatuak. Bata eta bestea konpainia ezin ederragoan daude, bai Marlene Dietrich plazan bai zinema festa aspaldiko honen egoitza berria den Titania aretoan, hain ederra eta berezia ezen Arkitektura entziklopedia guztiek aipu eta goraipamen egiten baitiote.

Radu Jude Urrezko Hartzaren besarkada nork jasoko erabakiko duen epaimahaiaren kide da. Kristen Stewart, Carla Simón eta nik bereziki miresten dudan Hong Kongeko Johnnie To zuzendariarekin batera (Johnnieren lanik ez baduzue ezagutzen, has zaitezte bila desesperatuan, ze Johnny Hallydayek antzezturiko Vengeance ikusi ez duenak ez daki malenkoniaz bustiriko zine beltza zer den…).

Radu Judek berak bereganatu zuen Urrea coronavirusak setiatutako 2021ko Berlinale hartan, bai jatorrizkoan bai gaztelaniazko bertsioan izenburu zoragarri eta maltzur askoa duen komedia garratz eta zorrotzagatik: Babardeala cu buclucsau porno balamuc, Un polvo desafortunado o porno loco, Bad Luck Banging or Loony Porn (plataformetan duzue ikusgai. Ez galdu Nacion muerta ere, dar-dar bizian ikusiko duzuen fabula politikoa)

Philarmonie orkestra paregabearen egoitza ondoan diren Berlinaleko kuartel nagusira ailegatu orduko harrotu, asaldatu, altxatu ditu bazterrak Judek. Bere irudiko, zinemagintzaren industria hondorik gabeko diru eta kirtenkeriaren nahaste-borrastea da, besterik ez. Ondorioz, zera  aitortu du: gustatuko litzaioke astakeriak ez diren pelikula independenteen sorta txikiak sosa gehiago eskura zezan. Hala eta guztiz, Jude ez da gehiegi ere fio egiten ekoiztetxe erraldoien mende ez (bide) dauden beste horiekin: "Bere burua autoretzat duten zinegile askoren  tonuaren kontra naiz. Serio, oso serio, serioegi jokatu ohi dute…".

Epaimahaian Johnniek eta Raduk noren alde egingo duten ikusteko desiraz eta jakiteko minez gaude denok. Kirsten eta Carlarekin ez da problema handirik izango: esaneko eta ohitura oneko emakume zinemarenak dira. Eta puntu.

Lois Patiñok beste dimentsio batetik bizi du irudia, zinema, sorkuntzaren zorabioa. Heriotza du askotan inspirazio. Gizakiez elikatzen den Galiziako Costa da Morteko itsasoa ere bai. Iraganeko izakiak direla pentsatuta ere, kamino askotako  gurutzebideetan oraintxe eta hementxe alderrai ikusi/sumatu egiten diren  arima galdu horiek.

Lois Patiñok  Oliver Laxe, Jaione Camborda eta beste batzuekin berpiztu du Fisterraren inguruetan edo Portugalekiko marra ondoan sortzen den zinema. Radu Judek, ez izan dudarik, Loisek serioegi jotzen duela pentsatuko eta aldarrikatuko luke. Baina ziur naiz Thailandiako Apichatpong "Joe" Weerasethakul maisu handia Loisek eta Xabier Erkiziak Samsara filman diseinaturiko bidaian parte hartzeko litzatekeela prest. Prest eta desioz.

Ze… bertan hiltzear den noblezia handiaren emakume baten kide bihurtuko gara. Eta lagundu egingo dugu bere arimak eta bere gorputzak osatzen zuten osotasuna bitan banatuko den unean.

Igandean estreinaturiko zeluloidezko pieza organiko horretako bere 53. minutuan, begiak ixteko erregua egiten zaio ikusleari. Bai, begiak ixteko! Baina, zinema ez al zen jaio, ez al zen sortu begiekin dastatzeko?! Ba igual, akaso, ez.

Kubrick ere ados izango litzateke, eta Weerasethakulekin bat etorriko Loisen alde. Ez al zion ba berak Eyes Wide Shut (Begiak zabal-zabal itxita) izenburu jarri bere azken lanari?

Begiak itxita. Samsaran. Agian, auskalo nondik sortutako bat-bateko argiek bidea aurkituko dute zure burmuineraino baina zuk ez duzu irudirik ikusiko. Belarrietatik sartuko zaizu pelikula hortxe baita Erkizia, soinu guztiak (baita ezinezkoak direnak ere) metatzen hausten, urratzen.

18 minutu emango dituzu begiak Wide Shut dituzula eta belarriak Wide Open (Prick Up Your Ears ez al zIgun ba agindu Stephen Frearsek joan den mendeko bere Ábrete de orejas hartan?).

Again Raduk ez luke maitatuko Loisen eta Xabierren filma, baina istant batez, Berlingo Akademie der Künstera zein, International eta Cubix aretoetara arrimatu zen jendeak Apichatpongen Memorian TildaSwintonek antzeman zuen hura bera sumatu zuen hezur-mamian: mundua existitzen ez zen garaietatik eta ez-leku batetik zetorren burrunba jatorrizkoa.

Berlinen, non aingeruak gizatiarrak diren. Non pelikulak  begiak itxita dastatzen diren. Non Radu eta Johnnieri diegun leialtasuna aldarrikatzen dugun, Kreuzberg eta Neukölhn auzoetako iskin eta plazetan.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena