13:09

albisteak

Sinadura

Ginoideak Pandorako izakiak gainditu zituenekoa

Begoña del Teso

Begoña del Teso

"Ginoide" ez da atzo bertan asmaturiko berba eta, ziurrenik, zientzia-fikziozko literatura eta zinemaren zale amorratuek, porrokatuek, bazuten horren berri robotak agertu ziren momentutik. Nik neuk, ordea, ez.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ez dakit ginoide hitzak zer esan nahi duen dakizuen ala ez. Nik neuk pasa larunbat arte  ez nuen ez entzunda, ez esanda, ez idatzia. Baina aditu bezain pronto, hiztegian aurkitu orduko eta bere esanahiaz jabetu ondoren, nire hitz  begikoen zerrendan sartu dut. Puntaren puntan, goiko aldean.

Egia esatearren, ez da atzo bertan asmaturiko berba eta, ziurrenik, zientzia-fikziozko literatura eta zinemaren zale amorratuek, porrokatuek, bazuten horren berri robotak agertu ziren momentutik. Nik neuk, ordea, ez.

Denok dakigun bezala, Kultur Orokorraren kontua baita, jakin banekien nik robot hitzaren jatorria. Akordatzen?? 1920 urtean, Karel Chapek antzerkigile txekiarrak zientzia-fikziozko lan bat idatzi zuen Robots Universales Rossum izenburukoa. Hantxe ziren gizaki artifizialek robotniks zuten izena. Badirudi Joseph anaiari otu zitzaiola deitura…

Gero gerokoa. Dakigun guztia. 1927an, Fritz Langek eta Thea von Harbouk filmatu zuten gure amesgaiztorik deliziosenetan behin eta berriro agertzen den Metropolis lan paregabea. Eta bertan, etorkizun maltzur baten sabel ilunean zineman izan den robotik ederrenetariko: Maria! Garai haietan, berriz, inork ez zekien. Joandako urte beltz, metalezko haietan inork ez zuen, artean, androide hitza asmatu/amestu. Orain, ordea, ederki dakigu Metropoliseko Maria ez zela izan soil-soilik  zinema kasik jaio berri hartako  estreinako robota, ezta bakar-bakarrik  lehen androidea ("gizakiari berari dagozkion mugimenduez, itxuraz eta funtzioez apaindutako, ondutako edo ahaldundutako robota", hots) ere. Baizik baizik baizik eta hasiberria zen mende haren hurrrengoan asmaturiko hitzak definituko lukeen ginoidea!

Izan ere, egun hasi dira zientzialariak, artistak, pentsalariak,  informatikako adituak, Adimen Artifizialaren dohain eta peril guztien ikertzaileak, bioetikan ardura dutenak robot androideak eta robot ginoideak  bereizten. Orain gutxi. Blade Runner eta Blade Runner 2049 film apartak estreinatu zirenean ere (bata 1982an, 2017an bestea), gizakiari berari dagozkion mugimenduez eta funtzioez apaindutako, ondutako edo ahaldundutako robot hark eme, andrazko, emakumezko itxura zuenean izendatu ahal izateko hitzik ez genuen. Inork ez zuen artean sortu. Alta, emakumezko itxura zuten androide eder batzuk izan baziren Blade Runner bietan. Izenak gogoan? Rachael,  Zhora Salome, Pris Stratton… Baina bai Ridley Scottek, bai filmaren ardatza izan zen nobelaren Philip K. Dick autoreak, bai gidoigileek, bai guk erreplikanteak deitzen genituen. Ardurarik gabe.

Orain badakigu euripean malkoak nola, gure oroipenak ezabatuko direla zion gizonezko robot paregabea, Roy Batty hura, erreplikante androidea zela eta aipaturiko beste hirurak erreplikante ginoideak.

Derrepentean, 2023 urteak zazpi egun baino besterik ez zuela, estreinatu zen gure etxe ondoko pantailetan (baita gure etxe urrutikoetan ere, AEBkoetan, kasu) M3gan izenburuko film izuzkoa. Boteprontan ohartu ginen zein izan zen Ekialde Urruneko Magoek utzitako oparia: hitz bat! Bai, zuzen zaudete, izkribu honetan dagoeneko 4 aldiz agertu den hori: ginoidea. Deskubritu orduko, barra-barra ekin genion erabiltzeari. Egokia eta polita baita. Egokia, bai. Zeelanda Berrikoa den Gerard Johnstonek zuzendua, milurteko honetako mito beldurrezko sorta berdingabea sortu duen James Wanek ekoitzia, beltza eta emakumea den Akela Cooper gidoigile prestuak idatzia, filmak ez parekorik ez lehiakiderik duen gaur egungo/biharko panpina aurkezten digu, Adimen Artifizialaren azken miraria. Hizketan badaki baina atzoko panpin askok ere bazekiten berbetan. Ibiltzen badaki, baina hori ere ez da nobedaderik. Baditu gizakion dagozkigun hainbat funtzio ginoide honek baina ohituak gara horrelakoak ikusten.

Kontua…zera, M3ganek (Model 3 Generation Android, hots) ikasi egiten du jostailu duen neskarengandik/neskarekin. Garatu egiten ditu bere ahalmen harrigarriak. Gauza da oraindik nerabea ere ez den gizaki horren sentimenduak ulertzen, aztertzen, interpretatzen eta….nahi duen moduan manipulatzen. Laburbilduz,  badaki , azeri,  edade gutxiko gizakiak mendeko bihurtzen…

Zergatik eta nola? Pelikulak azalduko dizue ederki. Batzuen kodiziak bultza, besteen ezinak eraginda, zinemaren magia beltzaren ondorioz…

Ez pentsa, filma ez da bakarrik panpina hilgarri baten inguruko istorioa (nahiz eta guk pantailan agertu izan diren panpina beldurgarri ororen esklabo eta adoratzaileak izan), gai pila metatzen ditu pelikulak eztabaidarako, gogoetarako, ortodoxia politikoak itota den gure munduan. Amatasunaz egiten du hausnarketa. Bioetikaz ere, kariñoaz. mendekotasunaz….Horrexegatik, akaso bai Estatu Batuetan bai Europan estreinatu zen asteburuan, ginoide honek James Cameronek Avatar 2an sortutako Pandora unibertsoko kreaturak gainditu zituen erraz asko diru-leihatiletan.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena