15:26

albisteak

Sinadura

Zinemaren hainbat berraragiztatze

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Leku gutxi, eskasa, urri geratzen da zinemaren, bizitzaren, ametsen beste abatarrentzat, "Avatar"en aldean. Baina bada pantailari zain eta muin eusten dion balent sorta bat, "Simone, le voyage du siecle" esaterako.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hizkuntza gehienen hiztegien arabera, avatar hitzak  segidako adiera hauek ditu: berraragiztatze, gorabehera, aldaketa. Kontsulta azkar baterako erabiltzen ditugun lexikon horietan ez da ohi agertu hitzaren erro etimologikoa. Ez dugu ikusten denborak eramanda izan arren, gure kulturan arrasto sakona utzi duen  berba horren urruneko eta lehenbiziko isla.

Mintzo askoren abiapuntua izan zen sanskrito hizkeratik dator eta, justu, egungo hiztegi birtualak  kontatzen digun hori esan nahi du: jainko baten etorrera, gureganako jaitsiera, berraragiztatze, isla, irudi, ispilu, dirdaia.

Pasa mendean gizakiak asmatu eta garatu izan zituen informatikak, mundu digitalak, internetak, sare sozialek, bideo jokoek berpiztu zuten, derrepentean, jainko askoren etorrera eta desagerpenaren lekuko izandako hitza. Bere egin zuten.

Egun, abatarrak ezinbestekoak dira gure gailu guztietan, hala metabertsoan  whatssapeko profilean nola. Gerta liteke, gerta zitekeen, gure  abatarra gu geu baino errealagoa izatea. Gerta daiteke, gure abatarra ezkutu edo okelu bezala guk erabiltzea. Gertatuko da, inoiz,  guk geuk ez jakitea gu ote garen edo gure abatarra.

Duela 13 urte Abatar hitzak beste adiera bat hartu zuen. Gutako askok biziki maitaturiko Terminator, Aliens, Titanic film erraldoien sortzailea den James Cameronek Zinemaren aro berri bati eman zion hasiera. Zerekin? Avatar  lehendabizikoarekin.

Ez zen bakarrik amestu ere amestu izan ez genuen unibertsoa ireki zigula kontakizun berean . Ez. Bestelako lorpen baten partaide bihurtu gintuen. Zinema behin eta berriro saiatu izana zen pantailak faltan zuen dimentsioa lortzen, eratzen, aurkitzen: erreliebea, sakontasuna. Amildegirako bidea nahi zuen hartu. 3 dimentsioetan ibili….

2009ko Avatarrak gainditu zuen  erronka. Etorri zen gero ahanztura eta  bueltatu ginen denok, mantso-mantso, bi dimentsioetara. Jakinaren gainean izanda hor kanpoan (edo barruan) bazela multibertso bat.

Abenduak 16 egun betetzen dituen honetan, Avatar bigarrenak,  (The way of water) gure areto guztietako  pantaila ia guztiak okupatu, okupatzen eta okupatuko ditu. Errege Magoak guretik joan arte. Eta gero ere. Gipuzkoan bakarrik 10 du harturik. Bizkaian horiek baino gehiago. Lapurdin, kontu bera. Eta ez pentsa, 2024rako du estreinaldia programaturik Avatar hirugarrenak. 26rako, berriz, laugarrenak….

Leku gutxi, eskasa, urri geratzen da zinemaren, bizitzaren, ametsen beste abatarrentzat. Baina bada pantailari zain eta muin eusten dion balent sorta bat.

Galduko dute diru-lehiatilaren borroka, ez izan dudarik baina  ez dute inolaz ere amore emango. Horietako  bat aipatuko nizueke, gogoz, Simone, le voyage du siecle, Oliver Dahanek eginda.

Klasikoa da, oso klasikoa, bere zeluloidezko abatarra. Ez du itxura moderno-modernorik. Ez da malabarismo jokoetan ibiltzen kameraz edo planuketaz. Badaki, ordea, Dahanek zinemaren baliabideak erabiltzen. Ez du filmak 3 dimentsio, baina aise egiten du jauzi garaietan barne eta zehar. Erritmo eder batez. Zabal-zabal jokatzen du kamerarekin hainbat pasartetan. Besteetan, aldiz, intimo eta barnerakoi bihurtzen zaigu ilunabarretan.

Simone Veil emakume fin, leial, adoretsu, errenditu ez zenaren berri luzatzen digu filmak. Ez, hemen ez dago abatarrik. Isla bai, dirdaia ere bai. Hemen, gizakion alde borroka guztietan parte hartu zuen emakume batek hartzen du kamera ispilu. Eta gu so. Eta gu alegrantzian. Eta gu tristezian ere.

Bai, triste samar gu eta gure abatarra ezin baitugu ukatu Simone Veilek (beste askorekin batera, ezin ahaztu) lortu zituen giza eta gizarte garaipen anitz kolokan dagoela. Gurean. Europan. Munduan. Ikus ezazue Simone. Ez kezkatu, Cameronen Avatarrek ez dizue ihes egingo. Zuen etxe ondoan iraungo du. Erregeak joan arte. Eta gero ere.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena