albisteak
Analisia
Felipe Etxeberria
Merkelen garaian Paris-Berlinen ardatzean Macron izan da indar eragilea Europako integrazioa bultzatzerakoan. Orain, ostera, Alemaniako gobernu berriarekin egoera alda daiteke.
Olaf Scholz (SPD) kantziler berria buru delarik gaur kargua hartu duen hiruko koalizio gobernua berria da Alemanian. Orain arte sozialdemokratek, berdeek eta liberalek ez dute gobernu koaliziorik osotu. Hala ere, neurri batean, aurreko gobernuaren jarraipen bat da, joan den gobernuan Scholtz kantziler ordea eta finantza ministroa izan baita.
Gaur martxan hasi den gobernu honek erronka handiak ditu aurrean. Garrantzitsuenetarikoa trantsizio energetikoa da. Ikatza 2030 urterako guztiz baztertu nahi du, zentral nuklear guztiak ere itxi, eta Nord Stream2 gasoduktua martxan jarri, aldi berean, Errusiaren xantaiaren menpe jarri gabe. Gobernu berriaren akordioak ezaugarri progresistak ditu: gutxiengo soldataren igoera nabarmena, eta gastu soziala igotzea, baina, hori bai, zergak nabarmenki igo barik.
Ekonomiari ere bultzada nabarmena eman behar dio, pandemiaren ondoren hazkunde ekonomikoa urria izan baita. Txinaren lehia gogorrari aurre egin beharko dio, herrialde honen esportazioak Alemaniara asko hazi baitira, ostera, alderantziz oso gutxi Alemaniakoak Asiako erraldoi honetara.
Bultzada Europako integrazioari
Orain arteko kantzilerraz konparatuz, Olaf Scholz modernizatzaile moduan azaldu da. Merkelen garaian Paris-Berlinen ardatzean Macron izan da indar eragilea Europako integrazioa bultzatzerakoan. Orain, ostera, Alemaniako gobernu berriarekin egoera alda daiteke. Europaren alde Berdeek duten jarreraren ondorioz, hiru alderdien koalizio hitzarmenak Europa federalaren alde asmo handiko proiektua dauka, Macron berak ere sekula pentsatuko ez zuen neurrikoa. Gainera, guzti hau gertatzen da Frantzian Presidentetzarako hauteskunde kanpaina bizi bizian dagoenean.
Jakina da Europan gauzak aurrera eramateko Alemania eta Frantziaren arteko elkarlana beharrezko baldintza dela. Europako integrazioa aurrera eramaterako gogo handirik ez zuen Merkelek, eta ez zion jaramon handirik egiten Macronek bultzatutako Europako Etorkizuna lantzeko Konferentziari. Orain, ostera, Scholzekin gauzak alda daitezke. Izan ere, koalizio hitzarmenak konferentzia hori egiteko beharra azpimarratzen baitu, Europarako Konstituzio bat negoziatzeko asmoz, EB estatu federal deszentralizatu bat bihur dadin. Helburu hori epe luzerakoa da, baina orain ere urrats konkretuak eman daitezke, adibidez, nazioz gaindiko hauteskunde zerrendak aurkeztuz Europako Parlamenturako hauteskundeetan, eta hor gobernu berriko kideek dagoeneko aipatu dute.
Edonola ere, 2022ko urtarrilaren batean Frantziak hartuko duen EBko Presidentetza proba bat izango da epe berri honetan Paris-Berlin ardatzak nola funtzionatzen duen ikusteko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa