albisteak
Iruzkina
Juanjo San Miguel
Munduko estatu askotako herritarrek nahiago dute diktadura, aginte falta eta ziurgabetasuna baino.
Edozeini galdetuz gero ezagutzen dituen antolaketa politikoen artean onena edo egokiena aukeratzeko, demokrazia erantzungo luke zalantzarik gabe. Estatu Batuek Afganistanera eta Irakera soldaduak bidali zituztenean horixe agindu zieten bertako biztanleei eta nazioarteko erakundeei. Agintean diren talde eta alderdi gehienek hitzetik hortzera erabiltzen dute berba bera, sarritan bere edukia eta herrialde horretan gertatzen denaren arteko aldea izugarria izan arren.
Azken urte hauetan modu bateko edo besteko estatu egiturak zeuzkaten herrialdetan nahasmena eta anabasa nagusitu dira: batzuetan, barne gatazken ondorioz; besteetan, kanpotik iritsitako indarkeriaren eraginez. Somalia, Afganistan, Irak, Libia eta Haiti dira horietako batzuk. Somalian 1991ko gerraren ondoren, herritarrek nahiago izan zuten muturreko islamiarren diktadura aginte falta eta ziurgabetasuna baino. Beste horrenbeste gertatu zen Afganistanen, sobietarrak erretiratu eta gerra zibila nagusitu zenean. Iraken 2003ko inbasioak hankaz gora jarri zuen ordura arte zegoena, ordezko ezer antolatu gabe. Libian horixe bizi dute gaur egun oraindik, 2011n Gadafi bota zutenetik. Baina zoritxar guztien bilgune Haiti dela esan genezake.
Latinoamerikako herrialdeetan independentzia lortu zuen lehendabizikoa izan zen Haiti, esklaboak askatasuna lortzeko altxatu ondoren. Baina handik aurrera ezbeharrak eta zorigaitzak izan dira nagusi. Diktadura beldurgarriak, lurrikara bortitzak, gaixotasunak, gosea eta ustelkeria izan dira nagusi haitiarrak gogoratzen direnetik. Eta orain artekoa gutxi balitz, aurten presidentea hil dute oraindik argitu ez den erasoan eta abuztuan beste lurrikara batek 3.000 pertsona hiltzeaz gain oraindik erori edo ahuldu gabe zeuden eraikuntzak birrindu zituen. Pandemiak eta goseak etsipena zabaldu du herritarren artean, nazioarteak bidalitako laguntza urria indartsuenek xahutu dute eta jendeak ez daki zer egin.
Gaur egun Haitin ez dago estaturik, talde armatuak dira jaun eta jabe. Nazio Batuek horiekin negoziatu behar du giza laguntza sartu ahal izateko. Estatuko agintariek baino onarpen handiagoa dute herrian, hauek gutxienez zerbait egiten dutelako askoren iritziz batzuetan egiten duten hori beldurgarria izan arren. Eta infernu honetatik ihes egiten ahalegintzen direnak berehala itzularazten dituzte, Estatu Batuetatik 5.000 bota dituzte hamar egunetan, hegazkinean eramaten dituzte itzulerako bidean.
Nazio Batuek, Europar Batasunak eta Estatu Batuek behin eta berriz diote Haitik demokrazia behar duela, hori litzaketela gaitz guztien konponbidea. Haitiarrek, ordea, nahiago lukete indarkeria eta segurtasun falta geldiarazi eta egunero jateko zerbait eramango dien aukera, botoen bidez hautatu gabea izan arren.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa