albisteak
ANALISIA
Juanjo San Miguel
Eraiki dugun antolaketa erak, etengabeko kontsumoa eskatzen du, baina dakitenek diote egin beharrekoa mingarria dela, epe luzekoa eta gure egunerokoa baldintzatuko duela. Eta berandu gabiltzala.
Albisteak (2)
XX. mendea, gizateriak eragindako sarraski beldurgarrienen lekuko izateaz gain, bi sistema ekonomiko kontrajarrien artean, historian zehar izandako lehia gogorraren borroka leku ere izan zen. Urtetan, kapitalismoak eta komunismoak, Munduan nagusitasuna lortzeko zeuzkaten arma, tresna eta baliabide guztiak erabili zituzten. Azkenean kapitalismoa gailendu bazen ere, zenbait urtetan ez zen hain garbi izan zeinek lortuko zuen bere eredua ezartzea.
Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Europa txikituta zegoen, gosea eta etsipena ziren nagusi eta urtetan komunismoaren mamuari aurre egin behar izan zioten Mendebaldeko gobernuek, ogia eta berdintasuna eskaintzen zituen sistema Vladivostoketik Londreseraino hedatu ez zedin. Baina azkenean, Sobiet Batasunak ezin izan zion erronkari eutsi eta amore eman zuen. Berlingo horma edo harresia ireki ondoren, sendoa eta indartsua zirudien sistema, hareaz egindako gazteluen gisa, erori eta uretan urtu zen oso denbora gutxian.
Kapitalismoa ez da bat eta bakarra, eredu politiko ezberdinak garatu baitira bere oinarriak euskarri izanik. Txinakoa zer den zehaztea ez da erraza, are gutxiago lehia honetan kokatzea, bien alderdi onenak edo txarrenak bildu dituelako, nahaste zehatz ezina sortuz. Orain dela 32 urte Berlingo hesia pasabide bihurtu zenean, baten batzuek historiaren amaiera aldarrikatu zuten, 5.000 urtetan zehar bizi eta idatzitakoa haizeak eraman balu bezala. Laster ohartu ginen historiak ez duela etenik, borroka eta enfrentamendua gizakiok gure baitan daramagula, eta beti dugula etsairen bat edo arerioren bat, eta bila ez bagoaz beraiek datozkigula etxera.
Eta orain, hotza deitu genuen gerra hartan garaile bihurtu ginenok, bakarrik gaude, eta ohartu gara gaitza ez dagoela kanpoan, barrua usteltzeko arriskuan jarri dugula ustez hobea zen bidea jorratuz. Garaile atera zen sistemaren eskutik, gizateriak naturaren baliabideak xahutu ditu, eskura duguna agorrezina bailitzan, itxuraz ohartu gabe ura kendu ezkero arraia ito egiten dela.
Eraiki dugun antolaketa erak, etengabeko kontsumoa eskatzen du, hori baita garapenaren muina. Baina jokaera honen alde morala kontutan hartu gabe ere, ezinbestekoa duguna desegiten ari gara, bizia eta elikagaiak sortzen dituztenak erretzen eta uste baino abiada handiagoan amildegira gerturatzen. Eta hau egiten dugu ez dugulako benetan sinisten horrelako zerbait gerta litekeenik. Espero dugu azken orduan mirari salbatzaileak zurrunbilo ero honetatik aterako gaituela, baina dakitenek diote ezetz, egin beharrekoa mingarria dela, epe luzekoa eta gure egunerokoa baldintzatuko duela. Eta berandu gabiltzala.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa