16:46

Etxegabetzeak

Gaurtik aurrera

Kaleratzeak eteteko aukera dute epaileek, gehiegizko klausulak badaude

Erredakzioa

'Etxegabetzeen kontrako legea' gaur argitaratu dute Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta, horren arabera, posible izango da kolektibo ahulenen etxegabetzeak bi urtez etetea.

  • Etxegabetzeen kontrako manifestazioa Bizkaian.

    Etxegabetzeen kontrako manifestazioa Bizkaian. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gaurtik aurrera, etxegabetzeak eteteko aukera izango dute epaileek, kaltedunek sinatutako hipotekan gehiegizko klausulak daudela irizten badiote. Asteazken honetan argitaratu dute Espainiako Aldizkari Ofizialean "etxegabetzeen kontrako legea" izenaz ezaguna den araua.

Senatuak maiatzaren 8an onartu zuen etxegabetzeen inguruko lege berria. Horren arabera, bi urtez eten egingo dira kolektibo ahulenetako pertsonak etxegabetzeko emandako aginduak; etxebizitzen enkante erregimenak aldatuko dira, eta berandutze-interesak mugatuko dira.

Etxegabetzeko prozesua eteteko aukera izateko, bi motatako baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek: sozialak eta ekonomikoak.

Eskaera egiteko baldintza sozialak betetzen dituzte ondorengo hauek: familia ugariek, beren kargu bi haur (edo gehiago) dituzten guraso bakarreko familiek, gutxitasunen bat edo mendeko pertsona bat beren kargu dutenek, hiru urtetik beherako haur bat duten familiek, genero indarkeriaren biktimek, eta langabezia saria jasotzeari utzi diotenek.

Baldintza ekonomikoei dagokienez, familiaren diru-sarrerak ezingo dira Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa baino hiru aldiz handiagoak izan.

Espainiako Ekonomia Ministerioaren arabera, 120.000 familiak beteko dituzte baldintza horiek.

Lege berriaren arabera, banketxearekin zorra dutenek hori ordaindu ahal izango dute, kitapenen bidez. Halaber, etxebizitzaren enkantea egin ostean, kaltedunek alokairu sozialeko etxebizitza batean sartzeko aukera izango dute.

Etxea ordainetan ematea, jardunbide egokien kodearen baitan soilik aurreikusten du Espainiako Gobernuak. Hala, posible izango da zorraren ordainetan etxea ematea, zorra berregituratzea bideragarria ez denean, beti ere kaltedunak egoera larrian badaude.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena