12:29

Nafarroako kutxa auzia

Iruñea

Epaileak Cerveraren kontrako ahozko epaiketa abiarazteko agindu du

Erredakzioa

Instrukzioko epaileak PPko diputatu ohiaren kontrako zantzu nahikoak daudela ebatzi zuen martxoan. Cervera 2012an atxilotu zuten, CANeko presidente ohiari xantaia egitea egotzita.

  • PPko diputatu ohia, deklaratu zuen egunean. Irudia: EFE

    PPko diputatu ohia, deklaratu zuen egunean. Irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iruñeko 2. zenbakiko Instruzkio Epaitegiko epaileak Santiago Cervera PPko diputatu ohiaren kontrako ahozko epaiketa hasteko agindu du, Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako (CAN) presidenteari xantaia egitea leporatuta.

Salatzaileak 14 hilabeteko kartzelaldia eskatu du Santiago Cerverarentzat; fiskalak, defentsak eta Kontuz! elkarteak, ordea, artxibatzea eskatu dute, Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkariek gaur, asteartea, publikatu dutenez.

Instrukzioko epaileak PPko diputatu ohiaren kontrako zantzu nahikoak daudela ebatzi zuen martxoaren 18an kaleratu zuen autoan. Cervera 2012ko abenduan atxilotu zuten Iruñean, CANeko presidente ohiaren kontrako ustezko xantaiaren ikerketaren baitan.

Asiainek mezu elektroniko bat jaso zuen 2012ko abenduaren 5ean, eta bertan 25.000 euro ordaintzeko eskatu zioten, CANen lan egiteagatik dirutza fakturatu zuela publikatzea ekidin nahi bazuen.

Abenduaren 7an dirua Iruñeko Igeriketa Klubeko harresian sartu behar zuela esan zioten. Asiainek, baina, salaketa jarri zuen eta Poliziak zainketa dispositibo bat ezarri zuen dirua jasoko zuen pertsona atzemateko. Santiago Cervera joan zen diruaren bila, eta atxilotu egin zuten. Diputatuak ziurtatu egin zuen bera ere biktima zela eta mezu anonimo bat jaso zuela hara joatea eskatuz.

Epaileak martxoan kaleratu zuen autoan esan zuenez, kasu honetan "Santaigo Cerveraren kontrako zantzuak daude, eta zantzuotan oinarrituta, halabeharrez, ebazpen hau egin da, epaiketa eginez gero egiten den epaia gorabehera".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena