14:40

Krisi Ekonomikoa 2020

Krisia Fagorren

'Zenbakiek baieztatzen dute, Edesa bideragarria da'

Erredakzioa

Fagor-Edesa konpainiako langileek itxialdi mugagabea abiatu dute Basauriko lantegian, eta gaur lehen gaua pasatu dute bertan.

0:30
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Fagor-Edesa konpainiako langileek lehen gaua pasatu dute Basauriko lantegian, atzo arratsaldean itxialdi mugagabea abiatu eta gero.

Ekintza honekin, lantegia bideragarria dela aldarrikatu, eta Fagor Etxetresnakeko gainerako bazkideei emango zaien tratu bera eskatu nahi dute. Izan ere, MCC Mondragon Korporazio Kooperatiboko beste kooperatibistak ez bezala, Edesako bazkideak Gizarte Segurantzaren barruan daude, eta ez Lagun Aron. Hori dela eta, lanpostu berriak esleitzerakoan, MCCk Lagun Arokoak lehenetsiko dituen beldur dira.

Hasiera batean, itxialdia gaur goizean abiatzekoak ziren, baina azkenean atzo hasi zuten. Langileek eurek abiatu dute protesta, itxiera ez baitu Kontseilu Sozialak deitu.

Bart, 16 langilek egin dute bat itxialdiarekin. Beste hainbat lankidek txandaka ordezkatuko dituzte, lantegia eguneko 24 orduak okupatzeko.

Gaur goizean gaua bertan pasatu duten lankideak ordezkatzera joan den bazkideetako batek, Joseba Lopategik, Radio Euskadin azaldu duenez, bideragarriak diren lantegiak mantentzea eskatu nahi dute itxialdi honekin, eta Edesak Basaurin duena eta Fagorrek Bergaran eta Garagartzan (Arrasate) dituenak jarri ditu adibide gisa.

"Zenbakiek baieztatzen dute, hainbat produktuk % 40ko errentagarritasuna dute; inbertsioak behar ditugu", gaineratu du.

Lopategik aitortu egin du Fagor Etxetresnakeko kudeaketa "txarra" izan dela, baina langileek zuzendaritzan eta Kontseilu Errektorean "konfiantza" dutela adierazi du.

Asteazkenean, langileek elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, barruan MCCren eta Jaurlaritzaren ordezkariak bilduta egongo direlako.

HAIERREK EZEZKOA

Bestalde, Haier konpainia txinatarrak, etxetresnen alorreko liderrak, hautsi egin du irailaren 5ean Fagor Etxetresnakekin sinatu zuen lankidetza akordioa, "kontratuaren hainbat baldintza" ez direlako bete.

Fagorrek eta Haierrek hozkailuak ekoizteko lantegi bat eraiki nahi zuten Wroclaw hirian (Polonia). 56 milioi euroko inbertsioa egin behar zuten bertan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena