Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020
Zinemaldia
Elkarrizketa
Natxo Velez | EITB Media
Madrildar zinemagileak "Ciento volando" aurkeztuko du Zinemaldian, Eduardo Chillida donostiar artistaren obran eta nortasunean zehar egindako ibilbide artistiko eta humanoa, eskultorearen jaiotzaren urteurrenean.
Arantxa Aguirre "Ciento volando"ko zuzendaria. Irudia: EITB
Informazio gehiago (1)
"Más vale ciento volando que pájaro en mano" (Hobe ehun haizean bat eskuan baino): Eduardo Chillidak Pilar Belzunce emazteari eskutitz batean idatziriko hitzak dira, bukatu berri zuen lan baten emaitzak asetzen ez zuela eta berorretan lanean berriz hastekotan zela.
Esaldi horrek ondo baino hobeto biltzen du, Arantxa Aguirre (Madril, 1965) zinemagilearen iritziz, Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002) eskultorearen esentzia, autoexijentzia, gose artistikoa eta akatserako, ezustekoetarako eta kontrolaezina denerako jaidura. Horregatik jarri dio Ciento volando izenburua Zinemaldiko Zinemira sailean egunotan proiektatzen ari den eta EITBren parte-hartzea duen dokumentalari; besteak beste, Nuria Espert. Una mujer de teatro (2012), Dancing Beethoven (2016) eta Zurbarán y sus doce hijos (2020) dokumentalak ere zuzendu ditu Aguirrek. Urtarrilaren 10ean iritsiko da zinema aretoetara pelikula.
Chillida Leku
Jone Laspiurrek gidatuta, filmak eskultorearen bizitza eta obrari buruzko lekukotasunak biltzen ditu Chillida Lekutik, "Chillidaren bihotzetik", bokazio estetiko argiz, hainbat eta hainbat gonbidaturen ahotik: Joaquín Montero, Mikel Chillida, Ixiar Iturzaeta, Nausica Sánchez, Jexuxmari Ormaetxea, Nausica Sánchez, Kosme de Barañano, Fernando Mikelarena, Koldobika Jauregi, Mireia Massagué, Iñigo Irureta, Elena Cajaraville eta Andrés Nagel.
Aguirre aita donostiarreko alabarekin hitz egin dugu, sustraietara bueltan eraman duen pelikulari buruz.
Nola iritsi zinen Ciento volandoren proiektura?
Iritsi egin zitzaidan proiektua da, egiten ditudan gauza gehienekin gertatzen zaidan bezala. Ez naiz ekoizlea, zuzendaria naiz, eta ez daukat proiektu baten finantziazioaz arduratzeko astirik. Lanak iritsi egin ohi zaizkit, eta proiektuok neure egiteko eta neurera ekartzeko erronka onartzen dut.
Horixe egin dut Chillidari buruzko proiektu honekin, eta donostiar jatorria izateak –Aguirreren aita zena donostiarra zen– ere eragin handia izan du oraingo honetan, jatorrira itzultzea izan baita niretzat.
Nire sustrai horiek ohoratu nahi izan ditut.
Eduardo Chillidaren gaineko zer irakaspen nagusi jaso dituzu prozesu honetan guztian?
Neure burua oso identifikatuta ikusi dut haren erritmoan, haren denboran, haren nekaezintasunean eta ekiteko haren teman. Antzekotasun asko aurkitu ditut lan egiteko nire moduarekin, eta oso gustura egon naiz batzuetan hermetikoa den chillidatar mundu horretan: lan gogorra, eskerga eta neketsua.
Halaber, haren munduan murgilduta, gauza polit asko ikasi ditut, idatzita utzi zuen guztia irakurri baitut. Atsegin dut bere prosa poetikoa, bertan oso ondo kontatzen baititu bere inguruko guztiak.
Eduardo Chillida eta 'Haizearen orrazia'. Argazkia: Familiaren artxiboa.
Beste gauza bat ere jakin dut: itsasoaz, Johann Sebastian Bach konpositorearekin batera irakasletzat zuen horretaz, hitz egiten zuenean, bere buruaz hitz egiten zuen, bere nortasunaz eta munduan egoteko zuen moduaz. Uste dut ez zela horren jakitun, baina egingo nuke itsasoa beti berdina baina beti ezberdina dela esaten duenean berari eta bere obrari buruz ari dela. Haren artelan guztiek mundu bat biltzen dute, baina oso identifikagarriak dira aldi berean.
Itsasoa bera eta Chillida Leku, Zabalaga baserria, dira filmak biltzen dituen lekukotasunen agertoki nagusiak, itsasoaren zurrumurruak, euriaren marmarrak eta txorien txioek lagunduta. Zein ardatz estetiko ezarri zenizkion lanari lehen aipagai izan duzun chillidatar mundu hori irudikatzeko eta Chillidak argi beltz edo atlantikoa deitu zuen hori pantailaratzeko?
Hasiera-hasieratik, ekoizleekin hitz egin eta berehala, bihozkada bat izan nuen, eta uste dut pelikula bide onean jarri duela horrek.
Hasieran, Berlinera joatea proposatu zidaten, Bostonera, Sevillara eta Gijonera, bertan zeuden Chillidaren obrak ikustera, eta neure burua safari bat egiten ikusi nuen, munduan zehar artelanen bila, eta iruditu zitzaidan horrek ez gintuela ezein toki interesgarritara eramango. Ez nengoen asmo horrekin gustura.
Chillida Leku
Orduan, esan nien Chillida Lekun gelditu nahi nuela, baina bertara askotan itzuli. Chillida Lekura itzuli urtaro ezberdinetan, eguneko ordu ezberdinetan, argi ezberdinekin eta lagun ezberdinekin. Zerbait benetan ulertzeko, lekuetara itzuli egin behar duzu, nonbait behin egotea ez da nahikoa. Chillida Leku, gainera, museo berdingabea da, itzal handikoa, eta ez dago egun gutxi batzuetako filmatzean bukatzerik. Chillidaren bihotza da.
Eta denboraren joana erakusteko parada eman dizu horrek
Filosofoa ere bazen Chillida, artista handi guztiak diren bezala, eta denbora eta espazioa, berak anaiatzat jotzen zituen horiek, ziren harentzat galdera nagusiak, afera betierekoak. Pentsamenduaren ardatz horretan kokatu nahi nuen neure burua.
Denborak arrastoa uzten du eskulturetan, gauzak ez dira bere horretan gelditzen behin denbora haien gainetik igarotakoan. Eta horri buruz hitz egin nahi nuen.
Jone Laspiur, 'Haizearen orrazia'n
Dokumentalaren gidari modura Jone Laspiur aukeratu izana ez da ausazkoa, eta pelikulako elkarrizketek agerian uzten dute pertsona egokia zela lan horretarako: aktore eta kantaria da, eta gradua egin du Arte Ederretan. Zer iruditu zaizu Laspiurren lana?
Jonerengandik dena espero nuen, eta dena eta gehiago eman dit. Hainbat urte dira elkar ezagutu genuela, eskolako ariketa batean, eta liluratu egin ninduen. Berehala etorri zitzaidan horren lana lan honetarako, Arte Ederrak ikasi zituela jakin gabe ere artean.
Eskultura espezialitatea ikasi zuen, aita eskultorea du, ederki asko jarduten da euskaraz eta gaztelaniaz… Lan honetarako jaio zela dirudi. Ezin gidari hoberik eduki.
Eta ondo baino hobeto egin du. Aktorea nuen ama, eta jakin dakit entzutea dela interpreteentzat ariketarik zailena, baina Jonek badaki entzuten eta lan zoragarria egin du.
Gonbidatuen parte-hartze guztiak aurretiaz lantzen genituen, baina beti esan nion Joneri ez genuela galde-erantzunik nahi, ezpada solasaldiak, konbertsazioak izatea Chillida Lekun paseoan ari ziren bitartean, eta Jonek oso ondo jakin du parte-hartzaileei laguntzen. Hitza hartzen zuen guztietan, ondo eta egoki egiten zuen, eta horietako asko pelikulan gelditu dira.
Jone Laspiur, 'Ciento volando'n
Hamalau lekukotasun aberatsen artean, hiru nabarmendu nahi nituzke: Koldobika Jauregi oraintsu hildako artistarena, Jexuxmari Ormaetxea Chillida Lekuko lorazainarena eta Fernando Mikelarena Chillidaren laguntzailearena. Zer esan diezagukezu horiei buruz?
Filma Koldobika Jauregi zenari eskaini diogu, esker on osoz. Gogor jo gintuen haren heriotzaren berri jasotzeak, eta gogoan ditut haren berotasuna, prestasuna eta gurekiko eskuzabaltasuna.
Artista gisa zuen mailaren pareko umiltasun eta apaltasunez kontatu zigun dena, eskarmentuak erakutsi didanez, handienak izaten baitira umilenak, izan ere. Gozamen handia izan zen berarekin lan egitea, zoragarria. Eta oso pertsona dotorea iruditu zitzaidan.
Jexuxmarirena dokumentalaren unerik azpimarragarrienetako bat da, denbora nola iragaten den erakusten laguntzen dit eta. Orbela pilatzen ikusten duzu udazkenean, egurra mozten neguan eta segan udazkenean… Urtaroa zehazten duten jarduerak dira horiek guztiak.
Itzal ia mitologikoa da, lorategiaren zaindari handiaren zera hori. Nortasun handiko pertsona da, gainera, etorri handikoa eta oso dibertigarria, eta dokumentalean hori erakutsi nahi izan dugu. Kosme de Barañanok, Eduardo Chillidaren obran dagoen aditu handienak –berak ere hartu du parte dokumentalean–, esan zidan Chillidari asko gustatuko zitzaiokeela Jexuxmari ikusi izana, Chillidaren isla ikus baitaiteke haren jardunean: kolpe lehorrak materian, eskuen mugimendu horiek…
Fernando Mikelarena oso pertsona gozoa da, gizatasun handikoa eta erritmo geldokoa, eta dokumentaleko une hunkigarrienetako baten protagonista da: Chillidaren lan bat laztantzen hasten da halako batean Jone Laspiurrekin batera, ia oharkabean. Ukimenean, berezko ahalmen hori dute, obra eta materialak ezberdintzeko. Oso une polita iruditzen zait.
Zinemaldia da, zalantzarik gabe, pelikula estreinatzeko plazarik onena. Nola biziko dituzu proiekzioak?
Emozioen anabasa biziko dugu, Dublindarrak eleberrian esaten den bezala. Pelikulak ikusleak bukatzen ditu beti. Pelikulak ez ditut neuretzat egiten, eta ez dut jakingo Ciento volando nola bukatzen den, areto bete batek ikusten duen arte.
Publikoaren erantzunari begira ikasten dut zer egin dudan, areto batean esertzen naizenean.
Hala ere, oraingoan ez dakit dena eramateko gai izango naizen: jaialdi handia da, dokumentalean parte hartzen dutenak egongo dira, lantaldea, Donostiako familia… Film asko estreinatu ditut nire bizitzan, baina uste dut hau oso hunkigarria izango dela.
Nola osatu beharko luke ikusleak, Zinemaldian filma ikusi eta gero, Eduardo Chillidaren inguruko esperientzia, hirian izango dela baliatuta?
Chillida Leku ikustera joan behar dira, dokumentala ikusi aurretik edo ondoren. Baina ez dezatela pelikula galdu, ikusleentzat baitago egina. Proiekzioak betetzea nahiko nuke; jakina da ikusleek sendo babesten dutela Zinemaldia.
Ciento volando zineman ikusteko dago eginda, pantaila handirako. Gainera, soinua ere arreta handiz zaindu dugu: Carlos de Hitarekin lan egin dugu, eta naturaren soinuak oso garrantzitsuak dira filmean, Bachen musikaz gain.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa