Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020
Zinemaldia
Elkarrizketa
Natxo Velez | EITB Media
Fermin Aio zinemagileak "Berpiztu" dokumentala aurkeztuko du gaur arratsaldean Donostiako Zinemaldiko EITB Galan.
Albisteak (2)
2018ko abenduaren 6an, denok hunkitu gintuen Belgikan emandako kontzertu baten ondoren Kepa Junkera trikitilariak iktus bat izan zuen albisteak. Ordudanik, bilbotar musikariaren tresnak isilik dirau, eta ezer gutxi jakin da bere egoeraren inguruan.
Orain, Fermin Aiok (Getxo, 1973) zor hori kitatu du, eta, trikitilari unibertsalari begiratuta pantailaratu ditu Errekalde auzoko hastapenak, trikitiaren zirkuituan egin zuen agerpen zaratatsua, bere proiektu musikal handi eta berritzaileak, eta mundu zabaleko denetariko artistekin egin zituen kolaborazioak.
Dena den, Natxo de Feliperen hitzetan, trikitiarentzako "mundu berri bat amestu eta asmatu" zuen musikariaren ibilbidea ez ezik, Berpiztu EITBren parte-hartzea duen filmak Kepa Junkera hurbileko eta ezezagunena ere gerturatzen digu dozenaka lekukotza hunkigarriren bidez.
Aiorekin hitz egin dugu pelikulari buruz.
Zein da pelikularen jatorria? Noiz jaio zen Berpiztu?
Jatorrizko ideia Miren Goikouria Keparen emazte ohi eta Maren, Sunne eta Kerman Keparen seme-alaben amarena izan zen.
Kepari otu zitzaion bere ibilbide artistikoari buruzko liburu bat egitea, artista askorekin lankidetzan, eta Mirenek pentsatu zuen garrantzitsua zela dokumental bat ere egitea. Keparen eta bion arteko elkarrizketetan, biok argi genuen dokumentalean, bere ibilbide artistikoa kontatu ez ezik, iktusaren ondorengo bere bizimodua ere erakutsi egin behar genuela, bere inguru osoa jo duen bizimodu bat.
Lotsa, zuhurtzia edo beldurra direla eta, istorio horiek ezkutuan gelditzen dira askotan, eta gure ustez, hori ez da ona. Iktusa izan zuenetik, Kepa erabat desagertuta zegoen bizitza publikotik, baina, bere mugak gorabehera, hor jarraitzen du energia biziz eta gogo betez.
Dokumentalak zintzotasunez, ausartasunez eta errespetuz jorratzen du bere bizitzaren zati hori.
Dokumentalaren funtsa Junkeraren familiartearen eta musikaren esparruko kideen lekukotasunak dira. Zer irizpideren arabera aukeratu zenituzten parte-hartzaileak, eta zer erantzun jaso dituzue?
Gurekin hitz egin duten pertsona guztiek parte hartzeko irrika bizia agertu dute, baina ia ezinezkoa zen aukeratzea, kontuan izanik Kepak bere ibilbidean 600 edo 700 artistarekin batera jo duela.
Hori dela eta, gure aukera izan da horietako batzuk elkarrizketatzea, Keparen grabazio argitaragabeak berreskuratzea, eta beste musikari batzuekin elkarlanean erakustea, bere historia kontatzeko pasadizoen, bizipenen, emozioen eta, zenbaitetan, pertsona horien eta gaurko Keparen arteko elkarrizketen bidez.
Santi Yaniz, hogei urtez Keparekin batera hara-hona ibili den argazkilaria, berarekin elkartu da berriz iktusaren ondoren, eta abenturak gogora ekarri dituzte elkarrekin, argazkiak horman proiektatu bitartean. Iraganetik datozen barreak, zirtoak eta emozioak, baina gaur egun berrituta, iktusa izan eta lau urtera.
Santi Yaniz, Fermin Aio eta Kepa Junkera
Estrella Morentek "Haurtxo txiki" euskal sehaska kanta abesten du kameraren aurrean, goitik behera eta entsegurik egin gabe, Keparen eskutik bere disko baterako ikasi eta gero. Barne-barnetik ateratzen zaio, seme-alabei kantatu baitzien txikiak zirenean. Oroitzapen horiek Kepak euskaraz ebakitzen laguntzen dion grabazioko irudiekin uztartzen dira.
Dulces Pontes hunkitu egiten da, Keparekin batera egindako kontzertu batean emozioak "Maitia nun zira" kantatzea eragozten zionekoa gogoratzean. Pedro Guerra, Miguel Bose, Loquillo, Miguel Rios, Carmen Paris, Ana Belen eta Victor Manuel, Pau Dones, Andres Calamaro, Uxia… Horiek guztiek Keparen ibilbidearen kontaera bat osatzen dute.
Dokumentazio lan eskerga dago pelikularen atzean, eta artistaren artxibo pertsonalena ere arakatu ahal izan duzue. Nolakoa izan da lantegi gaitz hori?
Pertsona bikain baten bizitza intimorako eta sormen gaitasunerako bidaia harrigarria. Dokumentaleko lantaldearen, Keparen eta beraren familiaren artean lortu dugun konplizitate maila aparta izan da.
Keparen familiak proiektuarekin bat egiteko orduan erakutsi duen zintzotasunak askoz errazago egin du dena: disko gogorrak, VHS zintak, Betacamak, miniDVak, CDak, pendriveak, argazkiak… Esplorazio horrek ikus-entzunezko altxor argitaragabeak aurkitzera eraman gaitu, eta, batez ere, Keparen lan egiteko modu bitxia argitzera.
Ideiak sortzeari sekula uzten ez dion zurrunbilo hori artxibo horietan gordeta zegoen, eta dokumentalak argitara ekarri du.
Berpiztun musikariaren legatu gaitza eta Junkerak iktusaren ondoren duen bizimodu berria erakusten dira. Nola zaindu duzue musikariaren iraganaren eta orainaren arteko oreka?
Bizitzaren gisara funtzionatzen du dokumentalak: batzuetan, oraingo emozioek iraganera eramaten zaituzte; beste batzuetan, iraganean egin zenituztenek orainera ekartzen zaituzte.
Berpiztuk horrela kontatzen du, pelikulara aurrera bultzatzen duen oreka naturala da. Batzuetan, pertsonaiarik pertsonaiara lerratzen da leunki, eta beste batzuetan, istoriotik istoriora jauzi egiten du.
Une jakin batean, iraganera eramango gaitu pixkaka-pixkaka orainera ekartzeko, baina etorkizunari buruz hitz egiten du eta, noski, ezusteko amaiera du. Hori da istorioaren baliorik handiena.
'Berpiztu'
Haren inguruan duzun ezagueratik abiatuta, zer ezaugarri komunek definitzen dute Zabaleta eta Motrikurekin batera hasi zen Kepa eta azken aldian Sorginek inguratuta egon dena?
Nekaezintasuna, eta ikasteko zein gauza berriak jakiteko gogoa. Ibilbidearen hasieran egin zioten elkarrizketa batean ikusten da hori. Hogei bat urteko gazte bat agertzen da bere etorkizunari buruz hizketan, trikitia tresna handi bihurtzeko egitasmoan tematuta, mundua ezagutzeko gogoz, nonahiko artistekin elkarlanean aritzeko eta euskal musika genero eta kultura guztiekin uztartzeko irrikaz.
Hogeitaka urteko gazte horrek ametsa bete zuela esan dezake, elkarrizketa hori egin ziotenetik 30 urtera. Pedro Guerrak oso ondo azaltzen du dokumentalean: "Ene! Ze ona anbizio hori edukitzea!".
Nola aurkitu duzue Kepa bere bizitzako aldi berri honetan? Denok esaten duzue pasioari eta sortzeko eta transmititzeko gogoari eusten diola…
Ikaragarria izan da proiektu berriei ekiteko pasioa eta gogoa ikustea, errehabilitazioarekin aurrera jarraitzeko eta iktusaren ondorioekin bizitzen ikasteko tema.
Oraindik ere ezustekoren bat emango digula uste dugu.
Kepa Junkera eta Sunne alaba, 'Berpiztu' dokumentalean
Zer emango dio Zinemaldiaren eta ETBren Galaren erakusleihoak proiektuari?
Egon gintezkeen tokirik onena da. ETBri esker, dokumental hau Zinemaldira eramateko ametsa bete da. Kepa oso harro dago, eta lantalde osoa ere bai.
Zer bide du pelikulak aurretik Donostian estreinatutakoan?
Badugu aretoetarako banatzailea. Abenduan estreinatuko da. Gainera, jaialdietan ere, bide luzea du aurretik, baita aurkezpen berezia ere Bilbon, Keparen hirian, BBK Aretoan.
Noraino eraman nahiko zenukete pelikularen mezua?
Keparen zaleengana, noski, baina bere lana horrenbeste ezagutzen ez dutenengana ere bai, dokumentalak istorio unibertsala kontatzen baitu, esfortzuari, amets beteei, gaixotasunaren dramari eta mugak gainditzeari buruz.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa