Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020

Zinemaldia

20:25

Zinemaldia

Euskal zinemaren gala

Juanba Berasategik Zinemira saria jaso du

Amaia Akordagoitia | EITB.COM

Zinemagile gipuzkoarrak golardoa eskertu du, baina lan egiteko "lantalde handia" sortu behar dela azaldu du eta saria lankideena ere badela aitortu du.

  • Juanba Berasategi, Zinemira saria jasotzen. Argazkia: EFE

    Juanba Berasategi, Zinemira saria jasotzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Juanba Berasategi marrazkigile eta ekoizle gipuzkoarrak jaso du Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemagintzako pertsona ospetsu baten ibilbidea saritzeko ematen duten Zinemira Saria. "Eskerrik asko, lagunak. Aurten niri tokatu zait", esan du zinemagileak agertokira txalo artean igo ostean.

"Gure lana egiteko lantalde handia sortu behar da. Ni hemen nago, baina nik bakarrik ezin dut ezer egin. Beraz, zuena ere bada sari hau", adierazi du zinemagileak. Urduri zegoela ere aitortu du Berasategik, eta saria familiari eta, bereziki, emazteari eskaini dio, "bidea jasateagatik".

Lotura Films ekoiztetxearen sortzaile eta arduraduna da Berasategi eta Ekialdeko izarra (1977) film laburra izan zen bere lehenengo lana. Ondoren, Fernando Amezketarra (1979), Ikuska 6 eta Kukubiltxo (1983) egin zituen. 1985ean, animazioko lehen euskal film luzea zuzendu zuen, Kalabaza tripontzia, eta ohorezko aipamena jaso zuen Donostiako 23. Zinemaldian.

Berasategik ibilbide luzea du eta hauek dira egin dituen lanetako batzuk: Ipar Haizearen erronka (1991), Sorkunde (1992), Sport Man (1992), Fernando Amezketarra (1995), Ahmed Alhambrako printzea (1997), Lazkao Txiki (1999), Txirrita (2000), Alhambrako giltza (2002), Pailazokeriak (2005), Barriola San Adriango Azeria (2008) eta Simplemente (2009).

Bukatu berri duen bere azken lana telebistarako film luze bat da: Tormesko Itsumutila.

Estreinaldia

Zinemaldiaren edizio honetan Zinemira saila osatzen duten zortzi pelikuletatik zazpi dokumentalak dira. Fikziozko lan bakarra da, hain zuzen ere, Zinemira galan eskaini dutena. Mireia Gabilondok Karmele Jaio idazlearen Amaren eskuak obran oinarritutako izen bereko pelikula estreinatu du.

Euskal Zinemaren Irizar Saria

Donostia Zinemaldiaren 61. edizioak zortzi film luze aurkeztuko ditu aurten Euskal Herrian ekoitziriko zinemari buruzko Zinemira sailean. Bost estreinaldik eta aurten ekoitziriko hiru lanek osatuko dute sail horretako eskaintza.

Estreinatuko diren lanetako lau Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko dira, baita Zinemaldiaren beste edozein sailetan aurkezten diren eta gutxienez % 20 euskal ekoizpena duten gainerako lanak ere, betiere mundu mailako estreinaldiak badira. Irizar saria nori eman epaimahai espezifiko batek erabakiko du, eta saridunak 20.000 euro gordin irabaziko ditu, filmaren ekoizleentzat. Irabazlea datorren larunbatean iragarriko dute.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena