12:20

Zinema

Azaroak 8-15

132 film proiektatuko ditu Zinebik, tartean "Tardes de soledad" eta "Itoiz udako sesioak"

N. V. | EITB Media

Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko jaialdiaren 66. edizioa azaroaren 8tik 15era egingo dute. Ohorezko Mikeldia Laura Poitras zinemagile estatubatuarrari eta Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariari emango diete.

  • ''Tardes de soledad'' Albert Serraren filma proiektatuko du Zinebik

    "Tardes de soledad" Albert Serraren filma proiektatuko du Zinebik

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Tardes de soledad Albert Serra kataluniar zinemagilearen dokumentala, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea, eta Itoiz udako sesioak euskal pop talde mitikoaren inguruko dokumentala izango dira Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko jaialdiaren 66. edizioaren eskaintzako ale interesgarrienetako batzuk.

Azaroaren 8tik 15era egingo duten jaialdiaren Sail Ofizialak (Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF-Zinebi First Film azpiatalak hartzen ditu) 60 film hartuko ditu: 9 film luze eta 51 film labur. Itoiz taldeari buruzko filma ez ezik, Tamara García Iglesias, Iratxe Fresneda, Lorea Lyons eta Ane Ines Landeta, Aitzol Saratxaga eta Alexy Reynoldsen azken lanak ikusi ahal izango dira lehiarako bidean, baita Irango emakumeen egoerari buruzko lan bat —My Stolen Planet (Farahnaz Sharifi, 2024)—, memoriari buruzko zenbait pieza eta Palestinako herriaren sufrimenduari buruzko film bat —Undr (Kamal Aljafari, 2024)— ere.

Lehiatik at, Beautiful Docs sailak hartuko du Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi duen Tardes de soledad filmaren (Albert Serra) proiekzioa, eta atal horretako filmek gai asko mahagaineratuko dituzte: AEBko egoera politikoa (Michael Premoren Homegrown), mobilizazio eta aldarrikapen feministak (Elena López Rieraren Las novias del Sur), zentsura (Concha Barquero eta Alejandro Alvaradoren Caja de resistencia) eta memoria (Pello Gutierrez Peñalbaren Erreplika).  

Bertoko Begiradak atalak, bestalde, Beñat Iturriozen Enarak, Ernesto del Rioren Ese mundo que no te da nada eta Jone Ibarretxe eta Nere Falaganen Esto no es Hollywood pantailaratuko ditu, baita 27 film labur ere, tartean Josu Venero, Xabier Larrazabal, Izibene Oñederra, Aitor Abio, Lide Billealbeitia, Alba Lozano, Larraitz Zuazo Iñaki Alforja eta Iban Toledo, Xanti Rodriguez, Julen Etxebarria, Sonia Estevez, Ainhoa Urgoitia eta Imanol G. Gurrutxagarenak.

Ohorezko Mikeldi sariak

Auten, Bilboko zinema jaialdiak Laura Poitras estatubatuar zinemagileari eta Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariari emango dizkie ohorezko sariak. Poitrasek irekiera ekitaldian jasoko du saria, azaroaren 8an, eta Alcainek itxiera ekitaldian, azaroaren 15ean.

Azaroaren 15ean bertan, itxiera ekitaldian, jakingo dugu zinema jaialdiaren 66. edizioaren palmaresa.

Saio bereziak

Zinebik Montxo Armendarizen Tasioren bertsio zaharberritua ere hartuko du, baita Carboneros de Navarra! dokumentala eta Mikelen heriotza ere, Imanol Uriberen film horren 40. urteurrenean.

Kimuak programak ere 25 urte bete ditu aurten, eta bertan izan diren 12 lan proiektatuko ditu Bilboko jaialdiak.

Gainera, pertsona gorrei begira, Alison O 'Daniel artista bisual eta zinemagile estatubatuarraren The Tuba Thieves (2023) filmaren estreinaldia prestatu dute, "zeinu-hizkuntza eta hainbat kode narratibo modu naturalean uztartzen dituen filma".

Zinebiren 66. edizioak 44 herrialdetako 132 film emango ditu guztira: 103 film labur (gehienez 30 minutu), 3 film ertain (30 eta 60 minutu artean) eta 26 film luze (60 minutu baino gehiago). 132 filmak 75 emakumezko eta 74 gizonezkok zuzendu dituzte.

Sarrerak gaurtik aurrera egongo dira salgai.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena