Zinema
65. edizioa
EITB MEDIA
Azaroaren 10ean hasiko da Zinebiren 65 edizioa. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak aurtengo egitaraua aurkeztu du gaur, astelehenarekin. Eneko Sagardoy zinemagile gisa estreinatuko da.
Felix Linares kazetari eta zinema kritikoa
Bilboko Udalak antolatutako Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 10ean ekingo dio edizio berri bati. Egun horretan, irekitze ekitaldia egingo dute, Ane Pikazaren eta Maria Goiricelayaren eskutik. Biek ala biek itxiko dute festibalaren 65. edizioa, zazpi egun geroago.
Gaur, astelehenarekin, aurtengo egitaraua aurkeztu dute Bizkaiko hiriburuko Kultura zinegotzi Gonzalo Olabarriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Zinebiren zuzendari Vanesa Fernandez Guerrak.
Orotara, 43 estatutan sortutako 128 pelikula emango dituzte; erdiak espainiar Estatukoak dira, eta beste horrenbeste, emakumeek zuzendutakoak.
Sail ofiziala
Zinebiren proiekzioak bi taldetan daude banatuta: sail ofiziala (nazioarteko bi lehiaketak hartzen ditu barne) eta beste emanaldiak. Sail ofizialean, 35 estatutik iritsitako 58 film aurkeztuko dituzte. Horien artean nabarmentzeko modukoak dira inagurazio galaren bukaeran emango dituzten zazpi euskal lan: Agrio (David Perez Sañudo, 2023), Betiko gaua (Eneko Sagardoy, 2023), In a Nearby Field (Laida Lertxundi eta Ren Ebel, 2023), Memories of an Empty House (Bruno Carnide, 2023), La mujer ilustrada (Isabel Herguera, 2023), Todo lo cubre la sal (Joana Moya, 2023) eta Ximinoa (Itziar Leemans, 2023).
Ohorezko Mikeldia
Azken hogei edizioetako ildoari eutsita, zinema garaikidean zenbait profesionalek egindako ibilbidea eta lana aitortuko ditu aurten ere Zinebik. Horrela, Frederick Wiseman eta Rita Azevedo Gomes zinemagileak eta Felix Linares kazetari eta zinema kritikaria sarituko dituzte.
Sari banaketa datorren azaroaren 17an egingo dute.
Sarrerak
Azkuna Zentroan eta Golem zinema aretoetan emango dituzten pelikuletarako sarrerak 4,5 euroan jarriko dituzte salgai, azaroaren 5ean. 10 saiorako bonua, berriz, 35 euroan egongo da eskuragai.
Gainera, aurtengo honetan bada berritasunik, euskal filmetako asko EITB Primeran plataforman jarriko baitiuzte ikusgai.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa