15:36

Zinema

Uztailak 20-22

Korterraza jaialdiak 35 film labur proiektatuko ditu Gasteizen

N. V. | EITB Media

Zinema jaialdiak musika emanaldiak ere eskainiko ditu ostegunetik larunbatera.

  • ''Lanbroa'' Aitzol Saratxagaren film laburra

    "Lanbroa" Aitzol Saratxagaren film laburra

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Korterraza film laburren jaialdiak pelikulak eta musika eramango ditu Gasteizera, ostegunetik larunbatera bitartean. Guztira, 35 film labur proiektatuko dituzte aire librean, doan, Artium museoaren barrualdeko plazan.

1.123 lan aurkeztu dituzte zinemagileek jaialdira, eta horietatik guztietatik 35 aukeratzea ez da lan erraza izan, antolatzaileek adierazi dutenez.

Jaialdiko filmetatik, zortzi Araban ekoitzitakoak dira. David Perez Sañudoren Artesania, Nerea Torrijosen Influencer, Sonia Estevezen Malkoak, Mikel Bustamanteren Nacimiento eta Aitzol Saratxagaren Lanbroa, esate baterako. Azken horrek aita-alaba batzuek basoan sortzen den lanbroaren aurrean bizi duten ikara kontatzen du.

Korterrazaren edizio honetan, Gurutze Beitia eta Susana Soleto aktoreek eta Aitor Lopez de Aberasturi zuzendariak osatuko dute epaimahaia.

Film emanaldien aurretik, kontzertuak egongo dira, ohi bezala, 18:30etik aurrera. Ostegunean, The Soulbreaker Company eta Rufus T. Firefly taldeek joko dute, ostiralean MFC Chicken eta Kamikaze Helmetsek eta larunbatean Memphisek eta Sex Museumek.

Gasteizko uztailaren 20tik 22rako emanaldi nagusiak ez ezik, ekainaren 24tik hasita eta irailaren 9ra arte Korterrazak hainbat emanaldi eskaini ditu eta eskainiko ditu Arabako hainbat herritan: Aramaion, Artziniegan, Langarikan, Erentxunen, Orbison, Burgelun, Maeztun, Murgian, Narbaxan, Durruman, Eturan, Gebaran, Legution, Okondon, Lotzan, Urizaharrean, Gesaltza Añanan, Dulantzin, Urturi, Berantevillan, Ozion, Zabalaten, Bastidan, Agurainen, Araian, Amurrion, Komunionen, Larrazubin, Estavillon, Laudion, Uribarri Ganboan, Duran, Zurbaon, Antoñanan, Iekoran, Bovedan, Corron, Izarran, Lantenon, Zuhatzu Kuartangon, Okinan eta Ondategin. 

 

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena