Zinema
Maiatzak 6-13
Agentziak | Erredakzioa
Film laburrei dagokienez, 25 lanek parte hartuko dute sail ofizialean, Euskal Herriko hamaikak tartean.
"The Puppet Man" filmak hartuko du parte, besteak beste, Sail Ofizialean
Bilboko Udalak antolatzen duen FANT Zinemaldi Fantastikoaren 22. edizioaren Sail Ofizialak nazioarteko 14 film luze izango ditu lehian maiatzaren 6tik 13ra bitartean. Gainera, 25 film labur ere lehiatuko dira, haietako 11 euskal zinemagileek eginak. Beste urte batez, Golem-Alhondiga zinema aretoak izango dira zinemaldiaren egoitza nagusia.
FANT 22ren programazio osoa asteazken honetan aurkeztu dute, Bilboko udaletxean. Aurkezpen ekitaldian Nekane Alonso Kultura zinegotziak, Justo Ezenarro Kultur Programazioko zuzendariorde eta FANTeko zuzendariak eta Eugenio Puerto FANTeko programatzaileak parte hartu dute.
"The Hollow Point" (2016) Gonzalo Lopez-Gallego zinemagile madrildarraren lanaren aurkezpenarekin inauguratuko da FANT 22, maiatzaren 6an, 20:00etatik aurrera, Campos antzokian. Emanaldi berezi gisa, Bilboko zinemaldiak Guillermo Julian eta Roman Santiago bilbotarren "Rendezvous" (2016) lehenengo film luzea eskainiko du maiatzaren 11n, 20.00etan, Golem-Alhondigan.
Aurreko edizioetan bezala, FANTen Sail Ofizialeko programazioa doako sarrera izango duen eskaintza paralelo zabal eta anitzarekin osatuko da, Golem-Alhondiga aretoetako 2. aretoan, Panorama Fantastiko zikloaren barruko lanekin, bitxikeriekin, generoko lan klasikoekin eta euskaraz eskainiko diren film laburrekin -Donostia 2016rekin lankidetzan-, zinemaldia ikus-entzule berriei harik eta gehiago zabaltzeko asmoz.
Esan bezala, Lehiaketako Sail Ofizialaren barruan, Film Luze Onenaren, Gidoi Onenaren eta Zuzendari Onenaren FANT 2016 sariak eskura ditzaketen 14 lehiatuko dira: Gonzalo Calzadaren "Resurrección" (Argentina, 2016), William Brent Bellen "The Boy" (AEB, 2016), Colin eta Cameron Cairnesen "Scare Campaign" (Australia, 2016), Mickey Keatingen "Darling" (AEB, 2015), Micah Wright eta Jay Lenderren "They*re Watching" (AEB, 2016), Valentin J. Dimenten "El eslabón podrido" (Argentina 2015), Isaac Ezbanen "Los parecidos" (Mexiko, 2015), Ben Wheatlyren "High Rise" (Erresuma Batua, 2015), Joe Begosen "The Mind's Eye" (AEB, 2015), Nikias Chyssosen "Der Bunker" (Alemania, 2015), Roxanne Benjamin, David Bruckner, Patrick Horvath eta Radio Silenceren "Southbound" (AEB, 2015), Teemu Nikkiren "Lovemilla" (Finlandia, 2015), Ben Crescimanen "Sun Choke" (AEB, 2015) eta Jeremy Saunierren "Green Room" (AEB, 2015).
Emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, gaztelaniazko azpitituluekin, eta "El eslabón podrido", "Darling", "Der Bunker" eta "Sun Choke" lanek euskarazko azpitituluak ere izango dituzte. Iazko edizioan bezala, eta gero eta ikus-entzule gehiago biltzen denez, ohiko emanaldien ordutegiei -17.45, 20.00 eta 22.15ean- beste zine saio bat gehitu zaie asteburuan Sail Ofizialeko filmak eskaintzeko, 16:15ean.
Film laburrak
Halaber, azken edizioetan gertatu den bezala, film laburrek "oso leku garrantzitsua" izango dute FANT 22n, Panorama Fantastikoa sailarekin, sakelako telefonoz grabatutako Fantastic Phone Movistar+ film laburren sailarekin eta Sail Ofizialarekin barruan, bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sarirekin, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi film laburrei zuzenduta. Zinemagile berrien lana bultzatu nahi duten film laburren alorreko bi sari horiei, Euskal Film Labur Onenari ematen zaion 2.000 euroko saria gehitu behar zaio.
Sail Ofizialari dagokionez, FANT 22k mundu osotik heldutako 850 film labur baino gehiago jaso ditu, eta antolatzaileek 25 hoberenak aukeratu dituzte -animazio eta fikzio arloetan-. Lan horiek FANT Laburrean saioan eskainiko dira, maiatzaren 6an eta 7an, eta lehenengo saioa euskal film laburrei eskainita egongo da erabat.
Euskal zinemagileek lehiaketara aurkeztuko dituzten 11 lanak -edo euskal ekoizpena dutenak- jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira, euskarazko edota gaztelaniazko azpitituluekin, Campos antzokian, inaugurazio ekitaldiaren eta filmaren ondoren.
Ikusi ahal izango diren film laburrak hauek dira: "De-mente" (Lorenzo Ayuso), "Artificial" (David Sañudo), "La habitación" (Diego Kataryniuk), "Duellum" (Tucker Davila Wood), "I Said I Never Talk about Politics" (Aitor Oñederra), "Lost Village" (George Todri), "False Flag" (Asier Urbieta), "The Devil on your Back" (Haritz Zubillaga), "Fishura" (Yago Mateo), "Naara" (Paul Urkijo) eta "Cenizo" (Jon Mikel Caballero).
Sail Ofizialeko Film Luze Onena, Nazioarteko Film Labur Onena eta Euskal Film Labur Onena aukeratu dituen adituen epaimahaia Fiona O'Shaughnessy eta Laurence R. Harvey antzezleek eta Jose Maria Clemente kazetari eta Movistar+ plataformako programa zuzendariak osatuko dute.
Ohikoa denez, sarien banaketa amaiera ekitaldian izango da, maiatzaren 13an, BBK Aretoan, 20.00etatik aurrera. Ekitaldi horretan "Graffiti" Lluis Quilez zuzendariaren azken lana eskainiko dute. Horrez gain, sariak banatzeko ekitaldia amaitzean, fantasiazko generoan gero eta indar gehiago duen pertsona edo taldea saritzen duen Fantrobia Saria jasoko duen Can Evrenol zinemagile turkiarraren "Baskin" filma eskainiko da.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa