Zinema
Maiatzak 8-15
Agentziak | Erredakzioa
Keeling anaien lehen film luzearen estreinaldiak abiatuko du Fant beldurrezko zinemaren jaialdia. Gainera, 22 film labur emango dituzte, horietatik 11 euskal zinemagileek egindakoak.
"The House of Pine Street"en Europako estreinaldiak zabaldu du Fant.
Aaron eta Austin Keelingek zabalduko dute ostiralean Fant fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia, “The House of Pine Street”, beren lehen film luzea, Europan lehenengoz aurkeztuz. Jaialdiak maiatzaren 15era artea iraungo du, Sail Ofizialean nazioarteko hamahiru film luze lehiatuko dira eta 22 film labur ere arituko dira norgehiagokan.
Berriz ere, Golem-Alhondiga zinema aretoak izango dira jaialdiaren egoitza nagusia; bertan ikusi ahal izango dira sari nagusirako lehian egongo diren film luze eta laburrak.
Fantek, gainera, “generoaren ordezkari gailen” zenbait omenduko ditu, hala nola Hayao Miyazaki zinemagile japoniarra eta Alex Angulo zena, 2012an Fanteko epaimahaikide izandakoa. Horretarako, besteak beste, hilaren 13an “Piztiaren Eguna” Alex de la Iglesiaren filma proiektatuko dute, estreinatu zela 20 urte bete direnean.
Sail Ofizialari dagokionez, Fant sarietarako (film luzerik onena, gidoirik onena eta zuzendaririk onena) film hautagai guztiak ez dituzte sekula lehenago Bilbon eman, eta Estatu mailako lau estreinaldi egongo dira: “The Pool” (Chris W. Mitchell), “Clinger” (Michael R. Steeves, “The Hoarder” (Matt Winn) eta “The Drownsman” (Chad Archivald).
Emankizun guztiak jatorrizko bertsioan izango dira, gaztelaniazko azpidatziekin, eta “The Man in the Orange Jacket”, “The Drownsman”, “Among the Living” eta “Autumn Blood” euskaraz irakurrita ere jarraitu ahalko dira.
Euskal beldurra
Lehiaketaz kanpo, Fanten 21. edizioak “La noche del raton” euskal film luzearen estreinaldia ere hartuko du. David R.L. irundar zuzendaria buru, pelikularen lantalde osoa Bilbon izango da, hilaren 9an, aurkezpenean.
Aurreko edizioetan bezalaxe, film laburrek pisu handia izango dute Fanten eskaintzan, eta hiruna mila euroko bi sari izango dira: bat epaimahai batek ebatziko du eta beste publikoak. Gainera, euskal film labur onenak 2.000 euroko saria izango du.
Fantek 800 film labur baino gehiago jaso ditu mundu osotik, eta antolatzaileek fikziozko eta animaziozko 22 aukeratu ditu.
Fantrobia saria
Bestalde, zinemaldiak Hatem Kraiche Ruiz-Zorrilla gidoilari salamancarra ere omenduko du. Fantrobia fantasiazko generoan nabarmendu den zinemagile berrientzako saria emango diote itxiera ekitaldian, hilaren 15ean.
Fant ixteko, “Asesinos inocentes” Gonzalo Bendalaren lehen film luzea aukeratu dute. Hori ere BBK Aretoan izango da, itxiera galan. Bertan, sariak emango dituzte eta “La hora del baño” Eduardo Casanova zuzendari eta aktorearen film laburra proiektatuko dute.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa