Zinema
Goya sariak
Natxo Velez | eitb.com
'Vivir es fácil con los ojos cerrados' David Truebaren filmak pelikula, gidoi original, zuzendari, gizonezko aktore eta emakumezko aktore berri onenen sariak jaso ditu.
Albisteak (2)
Bideoak (4)
Informazio gehiago (2)
Gala motel eta maskala hasi aurretik, alfonbra gorriaren ertz banatan biltzen ziren kazetarien arreta Jose Ignacio Wert Espainiako Kultura ministroak ez joatea erabaki izana bereganatzen zuen, eta ez zegoen batere argi nola banatu behar ziren espainiar zinemaren jaian Goya zenaren buruak. Azkenik, David Trueba eta "Vivir con los ojos cerrados" haren pelikula atsegina izan dira garaile 2014ko Goya sarietan; sei sari irabazi ditu, besteak beste film, zuzendari eta gizonezko aktore onenarenak. Hala ere, "Las brujas de Zugarramurdi"rentzat izan dira sari gehien: hamar ataletan zegoen izendatuta, eta zortzi irabazi ditu. Film laburren euskal egileak distiratsu ibili dira: Gaizka Urrestik ("Abstenerse agencias") fikziozko lan labur onenaren saria irabazi du, eta Raul de la Fuentek ("Minerita") dokumental labur onenarena.
Goya sariek hainbat zor kitatu dituzte gaur. David Trueba hamaikagarren izendapeneraino heldu da, aurtengoak kontuan izanda, eta gaurdaino ez zeukan Goya saririk. Gaur, Manel Fuentesek zuzenduriko gala gatzgabean, truebatarren gazteenak bi sari irabazi ditu (zuzendaritza eta gidoi originala), eta pelikulak sei guztira, besteak beste pelikula onena, zuzendari onena (David Trueba), gizonezko aktore onena (Javier Camara, saririk gabeko betiereko beste izendatu bat), gidoi onena eta emakumezko aktore berri onena (Natalia de Molina). Zeharka bada ere Beatles taldeari begiratzen dion pelikula bati dagokio ber gisa, gainera, musika original onena duela ere uste izan dute akademiakideek. Haren arduraduna Pat Metheny jazz musikari erraldoia dela jakinda, ulerterraza guztiz.
Bere ibilbideko film eta eleberrietan askotan egin bezala, kontatzeko gauza asko dauzkan jende anonimoari begiratu dio David Truebak oraingoan, gertu-gertuko istorioei. Juan Carrion benetako irakaslearen (gaurko galan egon da, 89 urte dituela) bizitza kontatzen du: ingeles irakaslea da 60ko hamarkadan Espainian, eta, John Lennon Almeriara pelikula bat grabatzera joan dela jakindakoan, haren bila abiatuko da Carrion bidaian, irakaskuntza lanetan The Beatlesen kantuetako hitzak erabiltzen dituenez gero, Lennonek berak abestion gaineko hainbat zalantza uxa diezazkion.
Gainera, gaurkoan, Truebarena ez ezik, Javier Camararen "zorigaitza" ere bukatu da; aktore onenaren saria irabazi du Camarak, seigarren izendapenean. Azkenik, Goyaren bustoa eskuetan ibili ahal izan du aktoreak: "Eskerrik asko pertsonaia eder honengatik. Hainbatetan egin dut amets une honekin", esan du oso hunkituta. Irakasleei eskaini die saria, "edertasunaren eta bikaintasunaren bilaketaren arduradunei".
"Las brujas de Zugarramurdi": zortzi goya
Nolanahi den, Goya gehien "Las brujas de Zugarramurdi" Alex de la Iglesia bilbotarraren filmak bereganatu ditu. 10 ataletan zen hautagai, eta zortzi irabazi ditu, besteak beste, Terele Pavez aktore beteranoari esker, antzeztaldeko emakumezko aktore onenarena eta arlo tekniko gehienetakoak. Gainera, Arturo Garciak eta Luis Arrizabalagak zuzendaritza artistiko onenaren saria irabazi dute lan horri esker.
Galako unerik zirraragarrienean, Pavez Alex de la Iglesiari zuzendu zaio: "Argentinan zaude, badakit, baina hirugarrenez ekarri nauzu agertoki honetara. Eskerrak eman nahi dizkizut, asko maite zaituztet. Ez dut inoiz helmugarik izan, ezpada berton egotekoa", esan du aktoreak, goraipamena semeari eskaini aurretik.
Gainera, pelikula honi esker, Arturo Garciak eta Luis Arrizabalagak zuzendaritza artistiko onenaren saria irabazi dute. Horrez gain, atal hauetan eraman dute Zugarramurdiko sorginek Goya: jantzi diseinatzaile onena (Itziar Arrietak "La gran familia española"n egindako lanaren aurretik), muntatze onena, soinurik onena, produkzio zuzendaritza onena, efektu berezi onenak eta makillaje onena.
Terele Pavez, saria jasotzeko unean
Bestalde, "Stockholm" lanak sari bakarra irabazi du: Javier Pereira izendatu dute gizonezko aktore berri onena, baina lan horrek ez du irabazi ez zuzendari berri onenaren saria ezta emakumezko aktore onenarena ere.
"La Herida"
Azken sari hori, aurreikuspen guztiek ziotena berretsita, Marian Alvarezek irabazi du, Donostiako Zinemaldian bezala. "Ezein sarik ez dit zuk eman didazuna emango", esan dio Alvarezek pelikularen zuzendariari.
Eta hain zuzen Fernando Franco zuzendariak berak irabazi du zuzendari berri onenaren saria. "Pelikularentzat, egunik garrantzitsuena ez da gaurkoa; egunik garrantzitsuena zuk Lavapieseko tetegi batean baiezkoa eman zenidanekoa da", esan dio Francok Marian Alvarezi.
Marian Alvarez aktorea, goyarekin
Galtzaileen aldean, berriz, "La gran familia española" dago: faborito nagusiak 11 izendapen zituen, baina bi sari irabazi ditu soilik: kanturik onena ('Do you really want to be in love?', Josh Rouserena) eta antzeztaldeko gizonezko aktorerik onena (Roberto Alamo Animalario antzerki taldeko aktorea).
"Caníbal" ere galtzaileen aldean gelditu da Manel Fuentesek gidatutako gala epelaren ostean. Zortzi saritan lehiatzen zen, eta bakarra irabazi du, argazkilaritza zuzendaritza onenarena.
"Amour" Michael Hanekek jaso du oniritzi zabalena Espainiako Akademiako kideen artean, Canneseko jaialdian bezalatsu. Pelikula artega eta bortitzarentzako saria Ramon Agirrek jaso du, filmean rol laburra jokatzen duen aktore gipuzkoarrak. Iberoamerikako pelikula onenaren saria "Azul y no tan rosa" Miguel Ferrariren venezuelar filmak merezi izan du. Sasoiko dago venezuelar zinema, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra ere herrialde horretako film batek eraman baitzuen, "Pelo malo"k.
Euskal film laburrak, bikain
Euskal film laburren eszena indartsua da, eta hori agerian gelditu da gaurko galan. Nola fikziozko film laburren atalean ("Abstenerse agencias", Gaizka Urresti) hala dokumental laburrik onenaren atalean ("Minerita", Raul de la Fuente), euskal zinemagileek irabazi dute golardoa.
Gaizka Urresti, sariagatik eskerrak ematen
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa