Zinema
Sariak
'Blancanieves' izan da gaueko irabazle nagusia. 10 busto jaso ditu guztira, tartean pelikula onenaren saria.
Albisteak (3)
Informazio gehiago (1)
Pablo Berger bilbotarrak 10 Goya sari eskuratu ditu "Blancanieves" filmari esker, tartean pelikula onenarena eta jatorrizko gidoi onenarena, eta, halaber, Maribel Verdu pelikulako protagonistari emakumezko aktore onenarena eman diote. Pelikula mutua "Lo imposible", "Grupo 7" eta "El artista y la modelo" (honek ez du saririk jaso, 13 izendapen zituen arren) pelikulen gainetik izan da.
"Blancanieves" lanak sari hauek eskuratu ditu: pelikula onena, emakumezko aktore protagonista onena (Maribel Verdu), emakumezko aktore onena (Macarena Garcia), jatorrizko gidoi onena, zuzendari artistiko onena, jantzigintza diseinu onena, abesti onena, jatorrizko musika onena, argazkilaritza onena eta makillaje eta ile-apainketa onena.
Jose Sacristan aktore beteranoak, bestalde, lehen aldiz jaso du Goya sari bat, gizonezko interpretazio onenarena hain zuzen ere, "El muerto y ser feliz" lanagatik. Pedro Masori eskaini dio saria.
Irabazle moralen artean, "Las aventuras de Tadeo Jones" animaziozko lana dago. Iaz "Arrugas" pelikulak egin bezala, animaziozko pelikula onenaren eta moldatutako gidoi onenaren sariak jaso ditu. Bestalde, Enrique Gatok zuzendari hasiberri onenaren saria jaso du. Gainera, "Intouchables" pelikulak Europako film onenaren saria jaso du; ez dute Oscar sarietarako izendatu, hala ere. Olivier Kanache eta Eric Toledano pelikulako zuzendariek gaztelaniaz eskertu dute. Iberoamerikako lan onena "Juan de los muertos" (Alejandro Brugués kubatarra) izan da.
Dokumentalei dagokienez, "Hijos de las Nubes" Javier Bardem, Ivaro Longoria eta Lilly Hartleyren lana aukeratu dute irabazle gisa. Taula gainetik, Saharako herria "desjabetu" dutela salatu du Javier Bardem aktoreak, "duela 35 urtetik Espainiar Estatuak utzita bizi baitira".
"Zinema ez da bekainekoena, ezta bibotekoena ere"
Azkenean, nahiz eta Enrique Gonzalez Macho Akademiako presidenteak kontrakoa eskatu, politika ere nagusi izan da Goya 2013 sarietan: Candela Peñak lana eskatu du, Eva Hachek zorionak eman dizkio modu ironikoan Wert ministroari eta Bardem "murrizketarik ez" kanpainaren buru izan da. Ez da 2004ko mailara heldu (orduan "Gerrari ez" izan zen guztien oihua), baina politika hizpide izan da. Azkenik, Akademiako presidenteak berak erabaki du protestaren buru izatea, eta hau bota du: "Zinema ez da alderdi politikoena: ez da bekainekoena, ezta bibotekoena ere, ezta bizardunena (...). Herritarren eskubidea da".
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa