kultura
Lan baldintzak
N. V. | EITB Media
Sindikatu bokazioa duen elkarteak lan eta baldintzen inguruko inkesta egin die 245 pertsonari, eta berorretatik eratorritako sei proposamen bildu ditu, "eragile ezberdinekin lantzeko".
Artistei eskubideen alde eta herritarrei kulturaren alde aktibatu daitzen eskatu die Lanarteak
Lanartea elkarteak Euskal Artisten Lan eta Baldintzen Inkesta Kuantitatiboaren emaitza nagusiak aurkeztu ditu, Donostian. Profesionalki zein ez profesionalki jardun artistikoan diharduten 245 pertsonak erantzun diote "sindikatu bokazioa" duen erakundearen galdetegiari.
Pertsona horien artean, jarduera artistikoa ogibide bakar edo nagusi dutenek (guztien % 40) 12.330 euro (1.027 euro hilean) eta 24.286 euro irabazi zituzten batez beste, hurrenez hurren. Jarduera artistikoa ogibide nagusi duten horien artean, gainera, % 30,7k 15.000 euroko edo gutxiagoko diru sarrera gordinak izan zituzten, Hegoaldeko lanbide arteko soldataren azpitik eta Ipar Euskal Herrikoaren "oso azpitik".
Horren aurrean, Amagoia Gurrutxaga Lanartea elkarteko koordinatzaileak adierazi du egon badaudela "inkestak agerian uzten duen panorama hobetzeko tresnak": "Ezin da betikotu, normalizatu, sektore bat hain baldintza kaskarretan bizitzea. Ezin diogu hau opa etorkizun diren euskal kulturgileei".
Horregatik, sei proposamen egin dituzte: euskaraz sortutako kulturaren legea sortzea; sortzaileen eta interpreteen lan baldintzak erdigunean jartzea eta hizkuntza zehar lerro gisa erabiltzea kultur sistemari dagozkien politikak egiteko orduan; eta EITBk euskal kulturaren alde egiteko hartuko dituen neurrien inguruko eztabaida abiatzea, besteak beste kuota sistemak ezartzeari eta EITBko eskaintza guztia euskarara azpititulatuta eta bikoiztuta eskaintzeari buruz.
Laugarren proposamena euskarazko kulturaren aldeko gutxieneko kuotak hedabideetan, erakunde publikoen kultur programazioan eta sustapen eta babes lerroetan ezartzea da; bosgarrena euskarazko kultura Euskal Herrian ikusgarri egiteko planak eta zirkuituak onduko dituen Etxebarru Institutua sortzea; eta seigarrena erakunde publikoek artistekiko harremanetan izan beharreko gutxieneko praktika onak adostea.
Lanarteak dei egin die artistei "beren eskubideen alde aktibatu daitezen", herritarrei "kulturaren alde para daitezen" eta erakunde publikoei "sektorearen aldeko politikak diseinatu eta gauzatu ditzaten".
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa