10:14

kultura

Aurkikuntza

“Iruña-Veleiakoa erromatar zirku bat da, esparruaren hedadurak eta inguruaren formak erakusten dutenez”

Radio Euskadi

Javier Ordoño Arkikuseko, zirkua aurkitu duen enpresako, arkeologoak Iruña-Veleiako aztarnategian egindako aurkikuntzaren inguruko zertzelada batzuk eman ditu "Boulevard" Radio Euskadiko saioan.

  • Iruña-Veleia

    Iruña-Veleia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Javier Ordoño arkeologoak Euskal Herrian aurrekaririk ez duen deskubrimendua egin dutela azaldu du gaur, asteazkenarekin, "Boulevard" Radio Euskadiko saioan: 300 metro luzeko zirku erromatarra, herritarrak lasterketa eta ikuskizunen bidez entretenitzeko instalazio bat. Osorik gorde da, gainera.

Irudiak "argiak" dira, Ordoñoren ustez: "Esparrua 300 metrokoa, Iberiar Penintsulan aurkitutako beste zirku batzuen hedadura bertsukoa, izateak eta, batik bat, barrutiaren morfologiak erakusten digute erromatar zirku bat zegoela".  

Elkarren paraleloak diren bi alde luzek mugatzen dute esparrua, baita bi laburrek ere; "bata porta triumphalis delakoa izango litzateke, koadriga lasterketen irabazleak irteteko atea, eta bestea, oker samarra, lasterkariak sartzeko atea".  

Hiru arrazoi daude, Ordoñoren ustez, zirkutzat identifikatu dutena orain arte oharkabean pasa izana azaltzeko: "Inork ez dio begiratu ikuspegi egokitik, horrelakoak ikusteko aditua izan behar baita, eta ez da teknika egokirik erabili. Guk hainbat teknika uztartu ditugu, hala nola aireko argazkigintza, LiDAR teknologia eta drone bidezko irudiak".

Hirugarren arrazoia ei da inork ez duela une egokian begiratu. "Inguruko zereal sailen hazkunde desberdinean jarri dugu arreta, horrek hainbat egitura uzten baititu agerian. Udaberri amaierako egun jakin batzuetan soilik ikus daiteke hori, aleak oso helduta daudenean eta baldintzak aldekoak direnean oso. Nolabait esateko, zirkua lurretik nola irteten zen ikusi ahal izan genuen", adierazi du arkeologoak Radio Euskadin.  

Aurkikuntzaren arduradunek beren ondorioak aletuko dituzte gaur, asteazkenarekin, goizean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Kultura

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena