kultura
Hitzarmena
N. V. | EITB Media
Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Autoritateen Lantaldeak hitzarmena sinatu dute "autoritate-erregistroen forma komun, normalizatu eta arautua" ezartzeko. autoritateak.eus webgunean bildu dituzte proposamenak.
autoritateak.eus webgunea atondu dute proiekturako
Euskal Autoritateen Lantaldeak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetza hitzarmena sinatu dute, 2017an Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako liburutegietako eta dokumentazio-zentroetako profesionalek abian jarritako ekimenaren ildotik.
Proiektu honen xedea da euskal bibliografiako autoritateen zerrenda bateratua sortzea. Orain arte bildutako "forma komun, normalizatu eta arautuak" autoritateak.eus webgunean bildu dituzte.
Atari horretan, autoritateen izenak biltzen dituzten fitxak jaso dituzte, "aldaerak, onartutako edo onartu gabeko moduak barne", eta kontsultagai jarri dituzte.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren iritziz, "herri-ikuspegia bultzatzen duen eta interes orokorrekoa den ekimena da, euskal ekoizpenaren hedapena eta sarbidea erraztuko dituena, baita euskararen sustapena ere, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako -erakundeen arteko lankidetza bultzatuko duena".
Idoia Sobrino Euskal Autoritateen Lantaldeko kideak tresna "handitzen eta gorpuzten" lagundu eta lagunduko duten profesional eta erakundeak aipatu ditu: BILKETA Sarea (IKAS Pedagogia Zentroa, Euskal Museoa, Baionako Liburutegia eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Liburutegia), ASNABI (Nafarroako Liburuzainen Elkartea), Eusko Jaurlaritza (Liburutegi Zerbitzua, Euskariana, HABE eta EIMA Katalogoa), Euskaltzaindiaren Azkue Liburutegia eta Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Liburutegia.
*Argazkian ikusten denez, "Anton Abadia" da euskal kultur gizonaren izenerako proposamena.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa